Txirrindularitza

Iker Gomez, Santikutz Klasikoan maila onean

Guaixe 2025ko mai. 5a, 10:59

Iker Gomez, lehen euskalduna Santikutz Klasikoan. UTZITAKOA

Espainiako Koparako baliagarria den proban lehen euskalduna izan zen Finisher taldeko altsasuarra. Aimar Tadeo ere txukun ibili zen

Maiatzaren 1ean afizionatuen mailako XCI. Santikutz Klasikoa jokatu zen, Espainiako Koparako baliagarria den proba ezaguna, Legazpin. 152,65 kilometroko lasterketa gogorra Martin Reyk (Cortizo) irabazi zuen, esprintean Finisherreko Cesar Perez eta Rural Kutxa-Aleako Pablo Lospitaoren aurretik gailenduz (3:51:08). Finisher taldeko Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarrak lasterketa ederra egin zuen eta zortzigarren iritsi zen helmugara (3:51:13), probako lehen euskalduna. Aimar Tadeo (Euskadi Fundazioa) 75. sailkatu zen (3:59:29). Talde onena Cortizo taldea izan zen. 

Gomezek maila itzela eman zuen. Nahiz eta bi gurpiletan pitzadurak izan, bukaerako 20 km-etan Zerainen erasoa jo zuen eta bakarrik egin zuen aurrera. Liernian hoberenak jarraitu zituen, Gabirian metro batzuk utzi zituen, baina buruan zegoen taldearekin bat egitea lortu zuen berriz, Gabiriako jaitsieran. Atagoitin erritmoa ezarri zuen, eta Cesar Perez bere taldekidearen esprinta bideratu zuen. Afizionatuen mailan debut ikusgarria egiten ari da.