Emakumezkoen Osasuna taldea bolada txarra pasatzen ari da. Talde nagusiak 1. RFEF mailan jokatzen du, eta ezin izan du lehen mailara igo ahal izateko igoera faserako sailkatu, azken jardunaldian Athletico de Madrid B-ekin bana berdindu eta gero. Sailkapenean seigarren da Osasuna, igoera faseko postuetatik kanpo. Irati Igoa etxarriarrak jokatzen du bertan, eta kolpe handia jaso du taldeak.
Gorka Pascua altsasuarrak zuzentzen duen Osasuna B taldearen egoera okerragoa da, bigarren RFEF mailan jokatzen duen taldeak ezin izan baitu salbazioa lortu eta maila galdu baitu. Azken jardunaldian Sporting de Gijonekin 3-1 galdu zuten gorritxoek, eta sailkapenean hamalaugarren postura jaitsi ziren, jaitsiera postuetara, salbaziotik 2 puntura. Une latzak, beraz, Osasunarendako.