Astekaria

"Proiektu honetan nolabait dena lantzen joan dira"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 7a, 14:08

Kepa Paniagua eta Achraf Sbai basamortuan. UTZITAKOA

Kepa Paniagua eta Achraf Sbai, automozio zikloko irakasle eta ikaslea, Klasean prestatutako kotxeekin Marokoko Marzouga basamorturaino joan eta bertan ibili ziren hamar egunez, Lanbide Eskolan sortutako proiektu bati esker.

Zumarraga eta Maroko arteko 4.000 kilometro, 2.0000 kilometro joan eta 2.000 kilometro etorri, egin zituzten Kepa Paniagua Amillano urdindarrak eta Achraf Sbai Eddib etxarriarrak; Zumarragako Urola Garaiko Lanbide Eskolako Automozio goi zikloko irakasle eta ikasle dira, hurrenez hurren. Paniaguak hiru urte daramatza ikastetxean, aurretik Lanbide Heziketako ikastetxe publikoan ere aritu da, eta Zumarraga aukera sortu zitzaion eta joan zen. Erdi mailako Karrozeria ikasgaia ere ematen du, tutorea da, eta Automozio zikloko "zenbait ikasgai" ematen ditu, tartean logistika. Goi ziklo horretan ezagutu zuen Sbai, ikaslea. Altsasun DBH egin ondoren "galduta" zegoen eta "airez aldatzeko" Gipuzkoara ikastera joatea erabaki zuen; Unibertsitatea egin edo ez egin ez zekiela, gurasoekin eta ezagunekin hitz egin ondoren, Zumarragan Automozioa egitea erabaki zuen. Ikastetxea "35 minututara" dagoela aipatu dute biek, eta Iruñera edo Gasteizera joatea bezala dela gaineratu dute.

Aurten, zikloaren amaieran, ikasturtean zehar hainbat kotxe konpondu zituzten eta "inoiz ahaztuko" ez duten bidaia egin zuten Marokora. Hamar egun egon ziren, eta kotxeekin basamortuan ibili ez ezik, elkartasun bidaia izan zen ere. 

Nola sortu zen proiektua?

"Ohartu ginen motibazio falta zutela; proiektua polita iruditu zitzaigun"
KEPA PANIAGUA

Kepa. Irakasleen artean hitz egin genuen eta ohartu ginen ikasleek, edo talde honetako zenbait ikaslek, motibazio falta zutela zenbait ikasgaietan. Iruditu zitzaigun proiektu polita izan zitekeela kotxe zaharrak, desguazera eramaten zeudenak, erreskatatu, konpondu, motorrak, karrozeria eta dena txukun jarri, eta Marokora bidaia egitea. Proiektuan nahiko sartuta egon naiz. 

Zergatik Maroko? 
K. Zenbait rally eta lasterketa egiten dira Marokon. Gainera, paraje oso politak dira eta ideia horrekin atera zen proiektua. Helburu solidarioa ere eman genion, eta bertakoendako arropa, tresnak eta horrelakoak eraman genituen. 

PROIEKTUA
Nolakoa zen proiektua? Zer egin zenuten?

"Bidean arazoren bat egon zen, baina normala da 4.000 kilometroko bidaian"
ACHRAF SBAI

Achraf. Adibidez, nik herriko bati kotxea erosi nion nahiko hautsita zuela eta zikloan ikasi dugunarekin eta irakasleen laguntzarekin joan gara pixkanaka dena konpontzen; kotxearen karrozeria berritu dugu, prestaketa desberdinak egin ditugu, eta azkenean Marokora joateko momentua iritsi zen. Kotxea hartu, eta joan ginen. Bidean arazoren bat egon zen, baina normala da 4.000 kilometroko bidaia batean... Baina dena aurrera joan zen. 

Proiektua ikasturteko plangintzan aurreikusten zenuten? 
K. Egia esan, gero eta gehiago Lanbide Heziketan eta irakaskuntzan orokorrean proiektuka lan egiten da. Metodologia bat badago, ETHAZI metodologia, proiektuka lan egiteko dena eta nolabait ikasleek erronka bidez gaitasun horiek hartzen joatean datza. Orduan, hainbat ikasgaietan lantzen da, karrozeria eta logistika esaterako, nik ematen nituena, eta gero beste bat da ikasenpresa. Ikasgai honetan norberak bere enpresa sortzeko mugitzeko behar dena ikasten da, eta bertan bidaia nola finantzatu lantzen egon dira; bidaia nola prestatu, babesleak nola bilatu, dirulaguntzak... Orduan, planteatu zen zenbait ikasgaietako proiektu bezala hau egitea; ikasagai bakoitzean atal bat lantzen zen. Karrozerian kotxeak erabat konpondu eta pintatu genituen, transbertsalki mekanika sartzen zen ere, izan ere, motorra eta mekanika lehenengo ikasturteko ikasgaia dira. Nolabait dena lantzen joan dira proiektu honetan. 

Nola egin duzue lan?  
A. Klasean hogei ikasle geunden eta lau pertsonako talde bat osatzen genuen, eta taldean bi kotxe, eta gero elkar laguntzen genuen. Adibidez, guk arazo bat geneukanean beste talde batek laguntzen zigun. Azken momentuan aurkezpen bat egin genuen, eta ebaluazio bakoitzean egindako lana aurkeztu genuen, eta nahiko ondo joan da eta oso eramangarria izan da. 
K. Bidaian kotxeetan ikasleak binaka joaten ziren; bi pertsonako kotxe bat. Denetara bost kotxe joan ginen eta gero antolakuntzako hiru todoterreno. Gainera, Madrilgo ezagun bat gurekin etorri zen laguntzera. Beraz, bikoteka prestatzen zituzten kotxeak eta elkarren artean laguntzen ziren. 

Bidaia ikas orduetan egin zenuten?
K. Bigarren mailako ikasleak izanda, bigarren ebaluazioaren ondoren praktiketara joaten dira, eta klaseak bukatu eta praktiken artean hamar edo hamabost egun egoten dira; bidaia hamar edo hamabost egun horietan izan da. Bidaia ez zen derrigorrezkoa. Ikasle eta lagun bat dugu, Iraitz, arbizuarra, parte hartzeko gogorik ez zuela eta ez joatea erabaki zuen. Proiektu osoan parte hartu du, baina ez da bidaira etorri. Asko lagundu zuen, eta faltan bota dugu. 

Nola finantzatu duzue?
A. Esan bezala, ikasagai batean, Idoiaren laguntzarekin, babesletzak eta horrelakoak bilatzen egon gara. Hemengo eta Zumarragako enpresei patrozionioak eskatu dizkiegu. Nire kasuan, Bikain garajean praktikak egiten ari naiz, eta laguntza eman didate. Eskolari esker ere prezio onak lortu ditugu. 
K. Alde batetik, laguntza horiek egon dira. Bestetik, eskolak ezin zuen dirua jarri, baina baliabideak eman ditu. Kotxeak konpontzeko piezak eskolak jarri ditu. Ikasle guztiek ez dute diru berdina jarri. Badira gehiago mugitu direnak, eta gero beren poltsikotik diru gehiago jarri dutenak. Urola Garaiko zenbait enpresak bidaia babestu dute, eta hemen ere Bikain garajea, M86 Altsasuko motorren tailerra, eta Zumarraga aldeko tailer asko ere. 

BIDAIA
Marokora joateko eguna iritsi zen. Nola izan zen?

"Irteera nahiko zelebrea izan zen; eskola guztia agurtzera atera zen"
KEPA PANIAGUA

K. Nahiko zelebrea izan zen. Otsailaren 20an izan zen, osteguna, egin genuen horrelako ekitaldi berezi bat ateratzeko eta ikastetxe guztia atera zen agurtzera. Argazkiak egin, bideoak, eta ateratzen ari ginela, hotsein zidaten behorrak ihesi neuzkala eta bueltatu behar izan nintzen. Ikasleak atera ziren beren kabuz Gasteizerantz, eta gero ni hemendik pasa eta ikasleekin Gasteizen elkartu nintzen. 

"Dena oso azkar bezala gertatu zen; bat-batean momentua iritsi zen"
ACHRAF SBAI

A. Dena oso azkar bezala gertatu zen. Kurtsoan zehar lokartuta bezala geunden eta bat-batean iritsi zen momentua. Kotxea prestatu, emateko arropa prestatu, ahal genuen bezala moldatu ginen eta denak batera atera ginen. Nahiko polita izan zen. Eskola guztia zegoen, ikasleak, irakasleak, familia... 


Marokoko bidaia hasi aurretik Urola Garaia Lanbide Eskolan agur ekitaldia egin zuten. UTZITAKOA

Bata bestearen atzetik joaten zineten? 
K. Distantzia pixka bat utzita baina denak elkarrekin joaten ginen. Irakasle kotxe bat aurretik, ikasle ilara guztia atzetik, eta ixten beste irakasle kotxe bat. 

Zer moduz joan zen bidaia? 
A. Palentziaraino ongi. Ni justu joaten nintzen azkena, irakaslearen aurretik azkena, eta aurrean lagun baten Opel bat zihoan eta bat-batean gelditzen zela ikusi nuen. Frenatu nuen, atzera begiratu, eta geldirik zegoen. Hurrengo gasolindegian gelditu ginen eta gure artean zer gertatu ote zen  hitz egiten gelditu ginen; distribuzioa hautsi zen eta motorra lehertu zen. 

Eta orduan zer? 
K. Horrelako zerbait gerta zitekeela kontuan hartu genuen. Orduan, pixka bat sobredimentsionaturik joan ginen. Hiru irakasle kotxean joan ginen kotxeren bat hausten bazen ikasleak gurekin etortzeko, eta hori egin genuen. Autobidearen erdian motorrak leher egin zuen eta nolabait hurrengo gasolindegiraino eraman genuen eta ikusterakoan distribuzioa hautsita zuela, ez zegoen bertan konpontzeko aukerarik. Maleta guztiak hartu, irakasle kotxean sartu eta bi ikasle horiek irakasle kotxeetan joan ziren Marokoraino. Gero han kotxe bat alokatu zuten eta alokatutako kotxearekin ibili ziren. Beste ikasleen kotxeekin ere ibili ziren txandakatzen. Baina bidaia igual-iguala egin zuten, baina beraien kotxea Zumarragara behar baino lehenago itzuli zen. 

Gelditu zineten? 
K. Ostegun eguerdi partean atera ginen eta Sevillan kortijo moduko batean gaua pasatzeko hartuta genuen. Egun hartan bertan Sevillaraino egin genuen, 00:00ak aldera iritsi ginen hostalera eta gaua pasatu genuen. Hurrengo egunean Tangerreraino joateko ferria hartu behar genuen. 

BASAMORTUAN
Maroko ezagutzen zenuten? 
A. Niretako eta irakasle pare batendako ez zen berria. Eguberritako oporretan bertan egon nintzen, baina hala ere dena berria izan zen. Normalean familiarekin joaten naiz, Casablancara, eta orain lagunekin joatea eta zonalde berri batera. Dena berria izan da. Beste mundu bat, beste paisaia bat. 


Merzougako basamortuan proiektuan parte hartu zuten ikasle eta irakasleak. UTZITAKOA

Nora joan zineten? 
K. Barrualdera joan ginen. Tangerrera iritsi ginen eta Asilahn gaua pasatu genuen. Gero barnealdera bidaia hasi ginen. Gure helburua Merzougara iristea zen eta basamortuan igiltzea. Beraz, Ailahtik Er-rachidiara joan ginen, eta Meknes inguruan ibili ginen. Beste bi egunetan 1.000 kilometro egin genituen, Atlasa gurutzatu genuen, Merzougako basamortura iristeko. 

Zer nolako esperientzia izan da?

"Hare pixka bat ikusi nuenean esan nuen: 'Hau  da nire momentua'"
ACHRAF SBAI

A. Oso polita. Zonalde hori ez nuen ezagutzen, beti herrian eta herriaren inguruan egon naiz, eta ez geneukan kotxearekin basamortuan ibiltzeko esperientzia. Hare pixka bat ikusi nuenean esan nuen: "Hau da nire momentua". Kotxea hartu, sartu nintzen, eta bi metrotara gelditu nintzen. 

Basamortuan ibiltzeko prestatu behar da, ezta? 
K. Bai. Ideia hori bazen ere; ikasleak proban jartzea. Palak eraman genituen eta sasoia hartu eta izerdi pixka bat botatzea ere bazen intentzioa. Lehenengo ehun metrotan lau kotxe gelditu ziren basamortuan geldirik. 
A. Ahal genuen bezala atera ginen. 


Merzougako basamortuan kotxeekin ibili ziren, eta baten bat geldirik gelditu zen ere. UTZITAKOA

Bertako kontakturen bat ba al zenuten? 
K. Gurekin etorri zen irakasle bat urtero joaten da Marokora, eta nahiko ongi ezagutzen du hango martxa eta dinamika. Bertan lagunak ditu, tartean Ibrahim; gidari papera egin zigun eta toki politenak eta bide politenak erakutsi zizkigun, hotelak hartzen lagundu eta abar. Problemarik ez da egon. 

Elkartasun bidaia izan zen ere. Zer eraman zenuten? 
A. Arropa bilketa bat egin genuen eta tamaina desberdinetan eta adin tarte desberdinetan sailkatu genituen arropak. Adibidez, nik jaioberrien arropa neukan eta bakoitzak zer eramaten zuen jakiteko antolatu ginen. Printzipioz kotxe bakoitzak 40 edo 50 kilogramo arropa eraman behar zituen. Atlasean zeuden ume txikiei eman nien arropa. Erremintak ere eraman genituen bertako tailerretan banatzeko. 
J. Esaterako, Bellota enpresak emandako palak eraman genituen bertako jendeari eramateko. Eskolak eta beste tailer batzuk ere tailer mekanikoendako erremintak eman zituzten: karraka jokoak, diagnosi makinak eta horrelakoak. Hango tailerrak xumeak dira, ez dituzte instalazio handirik edo ekiporik. Oso ongi portatu dira gurekin. Kotxeren bat hausten zenean instalazioak uzten zizkiguten. 

Kotxeekin itzuli zineten? 
A. Bai, joan-etorria egin genuen. 
K. Garai batean egiten zen horrelako proiektu bat kotxeak han uzteko, baina badira urte batzuk Marokoko gobernuak ez duela uzten. Marokora sartzen diren kotxe guztiak atera behar dira bueltan. Orduan, kotxeak bueltan etorri ziren. Gaur egun ikasleen kotxeak dira, eta beste batzuk saldu dira edo saltzeko daude. 


Merzougako basamortuan kotxeekin. UTZITAKOA

Nolakoa izan zen itzulera?

"Kotxeak hautsi ziren basamortuko pistak gogorrak direlako"
KEPA PANIAGUA

K. Nahiko ongi. Han kotxeak hautsi ziren basamortuko pistak gogorrak direlako. Baten batek gurpila lehertzen zuela, beste bati kubrekarterra bota zitzaion, gasolina depositoan ihesen bat... 
A. Nahiko azkar joaten nintzen hare eta harri pista batetik eta harri batek gasolina depositoa zulatu zuen. Ez ginen ezta konturatu ere egin. Tailerrera itzuli ginen begiratzera kotxea nola zegoen eta konturatu nintzen tantaka zegoela; zuloan sartu ginen eta begiratzerakoan ikusi genuen zulo bat zeukala. Sekulako mobida izan zen; depositoa atera genuen eta zuloak tapatzeko bi konponente bota genituen. Masilla bat da, eta hurrengo egunean kotxearen eske joan eta lehortuta zegoen. 

"Egunean zehar basamortutik ibiltzen ginen, eta gauean kotxeak nola zeuden begiratzen genuen"
Kepa Paniagua

K. Depositoa atera, hustu, sekulako zorabioa hartu genuela ere, eta konpondu. Hori dena gauez. Egunean zehar basamortutik ibiltzen ginen, nahiko listo afaltzen genuen, 19:00ak aldera, eta gero Merzougako tailerrera joaten ginen kotxeak nola zeuden begiratzera. 
A. Beti ikasten da zerbait. 

ESPERIENTZIA
Ikasleek zer nolako balorazioa egiten duzue?

"Lehenengo urtea izan da, baina balorazio oso positiboa izan da"
KEPA PANIAGUA

A. Lehenengo urtean iritsi ginenean bi ikasturte normal izango zirela pentsatzen genuen. Baina hasieratik entzuten hasi ginen Marokora bidaia bat egon zitekeela... Zerbait entzuten zen. Orduan, pixka bat amestea bezala izan zen. Bigarren urtean egia zela ikusi genuen, eta esperientzia hori bizi behar genuela. Nik behintzat ez dut inoiz ahaztuko. Joan garen ikasleekin sekulako harremana egin dugu, askoz gehiago eramaten gara orain. 

Beraz, motibazioaren helburua bete da. 
K. Bai. Denak zoratzen bueltatu gara. Pertsonalki banekien ongi pasako nuela, baina ez nuen espero horren polita izango zenik. Bertako jendea hian jende jatorra eta ona zenik ez nuen espero. Ibili garen tokiak ez dira oso turistikoak, eta pobrezi asko dago; hain gutxi egonda dena ematen dute. Oso ongi portatu dira. Gurekin ikus-entzunezko ekipo profesional bat etorri zen eta bidaia guztia gurekin egin dute. Dokumental bat aterako dute eskolako webgunean eta sare sozialetan jartzeko. Norbaitek interesa badauka proiektu honetan edo ikasketak oso polita izan daiteke hurbiltzeko. Guk esaten duguna eta askoz gehiago transmititzen du. 

Proiektua gelditzeko sortu da? 
K. Proba piloto izan da. Lehenengo urtea izan da eta nola aterako zen zalantza asko geneuzkan ea posible izango zen hurrengo urtetan aurrera ateratzea. Indarra eta denbora eskaintzen duen proiektua da, eta bueltatzean balorazioa oso positiboa izan da. Automozioa zikloko promozioa ez da urtero ateratzen; bi urtetik behin da. Orduan, gure intentzioa da Automozioko ikasleekin bi urtero apuntatzen diren ikasleekin haruntza joatea, eta ahal den neurrian eskolako beste ziklo batzuetara zabaltzea. Aukera badago. Oraindik nahiko gauza daude lantzeko, proiektu serioa da, eta bilerak egin behar ditugu eta gauza asko mugitu behar ditugu, baina intentzioa da hemendik bi urtetara berriz joatea. Oso positiboa izan da bai ikasleendako bai eskolarendako.