Erregional mailan 31. jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuk Amayan jokatu zuen larunbatean, Alde Zaharreko Kluba taldearen kontra. Liderrak ez zuen huts egin eta hasieratik kontrolatu zuen partida, 4. minuturako Julen Floresek taldea aurreratu baitzuen. Hortik aurrera, gol festa ederrarekin jarraitu zuen Altsasuk. Bi hat trick egon ziren, Julen Floresek eta Aitor Augustok lortutakoak, eta Unai Calvok beste bi gol sartu zituen. Beraz, azkenean 0-8 irabazita itzuli ziren altsasuarrak Altsasura, eta Alde Zaharreko festak gustura ospatu zituzten.
Etxarri Aranatzek Universidad de Navarra B taldea hartu zuen San Donaton eta etxeko taldeak ez zuen huts egin. Oinatz Carreñok mustu zuen etxarriarren gol zakua, 5. minutuan. Hortik aurrera bizi-bizi jarraitu zuen partidak, eta 34. minutuan Pello Altzelaik bigarren gola sartu zuen. Atsedenaldiaren bueltan hasi zen etxarriarren gol festa. Jon Erdoziak sartutako golaren atzetik Oinatz Carreñoren beste bi –hat trick-a lortu zuen etxarriarrak–, Aratz Mariñelarenarena, Xabat Goikoetxea kapitainaren bi gol eta Aimar Ijuarraren azkeneko gola iritsi ziren. 9-0, garaipen ikusgarria Etxarri Aranatzen.
Lakuntzako Lagun Arteak aurkari latza zuen, bigarren postuan dagoen San Jorge. Partida hasi eta berehala aurreratu zen San Jorge, baina Gorka Hernandezek bana berdindu zuen berehala. San Jorgek ez zuen arriskurik hartu nahi izan eta atsedenaldia baino lehen beste bi gol sartu zituen, 3-1 aurreratuta. Bigarren zatian ongi erantzun zuen Lagun Arteak, eta atzera ere Gorka Hernandezek 3-2 hurbildu zuen Lagun Artea. Orduan, laugarren gola sartu zuen San Jorgek. Lakuntzarrek ez zuten etsi eta Gorka Egurzak 4-3 gerturatu zuen Lagun. Markagailuari buelta ematear egon ziren lakuntzarrak, baina ez zuten lortu eta punturik gabe itzuli ziren etxera.
Gauzak horrela, Altsasu liderrak liga irabazita eta partidarik galdu gabe jarraitzen du (89 puntu). San Jorge bigarrenak 77 puntu ditu, eta Etxarri Aranatz hirugarrenak 73 puntu. Lagun Artea zazpigarren da (49 puntu).
Datorrena
Liga despeditzeko hiru jardunaldi geratzen dira. 32. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamaseigarren den Baztan B taldea hartuko du maiatzaren 10ean, larunbata, 12:00etan, Dantzalekun. Egun berean, Etxarri Aranatzek sailkapenean hamaikagarren den Arga Ibaia taldearen kontra jokatuko du, San Jorge futbol zelaian, 20:00etan. Azkenik, Lagun Arteak maiatzaren 11n jokatuko du, igandean, 18:30ean, sailkapenean bederatzigarren den Berriozarren kontra, Itxesalde zelaian.