Ezezagunek Aralarko santutegiko ateari su eman eta pintaketak egin zituzten lastailaren 26an. Gertakari horren ondoren berri izan zuen Xabier Agotek, Albaola Itsas Kultur Faktoriako arduradunak. Agotek, familiaren bidez, haurra denetik izan du santutegiarekin harremana. Gainera, Albaola itsas faktorian Sakanako haritzekin, eta garai bateko teknikak baliatuz, San Joan baleontziaren errepika eraikitzen ari dira. Horregatik guztiagatik, santutegiko arduradunekin harremanetan jarri eta ate berria Albaolan, artisau moduan, eraikiko zutela jakinarazi zien.
Santutegiaren eta Albaolaren artean Mundu berri baterako ateak proiektua ondu dute. Ate berria egiteko pausoa Teknikerrek emanen du. Erretako atearen zein ate berriaren eskaneatze tridimentsionala egingo du, horrela jatorrizkoaren berreraikitze fidela bermatuz. Aldi berean, ondare hori babestuko da, etorkizuneko belaunaldiendako artxibo digitala izanen baita. Bestetik, Virtualan enpresak digitalizazioaren emaitzak ikusteko esperientzia erakargarri bihurtzeaz arduratuko da, horretarako animazioak, irudikapen interaktiboak eta bestelakoak garatuko ditu. "Gure helburua lana publiko zabalari hurbiltzea da, teknologia eta ondarea modu ulergarrian eta zirraragarrian aurkezten direla ziurtatuz, eta digitalizazio teknikoaren eta azken ikus-entzunezkoen ekoizpenaren arteko zubi gisa baliatuz", azaldu du Alfonso Garziandia Goñi santutegiko kaperauak. Bestalde, Albaolakoek atea (egurra eta burdineria) desmuntatu zuten maiatzaren 5ean eta behar diren elementuak eskuz berreraikiko dituzte.
Behin atea berreraiki denean, idiz tiratutako gurdi batean Pasaiatik Aralarko santutegira eramanen dute atea. Hainbat etapa eginen dituzte herriz herriko ibilbide horretan. "Aukera izugarria da, ez bakarrik proiektua ezagutarazteko, baita pedagogia egiteko ere, bereziki belaunaldi berriei, tradizioak eta norberaren nortasuna zaintzearen garrantziari buruz", esan du Garziandiak. Gaineratu duenez, "geldialdi bakoitza jendearekin topaketa bat izango da, erakusketa ibiltari gisa, eta jendeari proiektuarekin aktiboki inplikatzeko aukera emango die". Gipuzkoa zeharkatu ondoren Lizarrustitik barna iritsiko da atea Sakanara. Ataun eta Etxarri Aranatz arteko etapa garagartzaroaren 13an izanen da. Hurrengo egunean Etxarri Aranatz eta Uharte Arakil artekoa. Uharte Arakilgo pistatik santutegiraino garagartzaroaren 15ean iritsiko dira.
Kaperauak azaldu duenez, proiektu guztia dokumental batean jasoko dute, Clau Creative Services ekoiztetxeak eginen du. Bidea eta atearen muntatzeaz aparte, egindakoaren garrantziari testuingurua emanen dieten hainbat elkarrizketa izanen dira. Baina bitartean, proiektuari sare sozialen bidez zabalkundea eta ikusgarritasuna emanen diote.
Aingerua
Erretako atearen hondarrekin Aralarko San Migel irudiaren irudikapen bat eginen da eta San Joan itsasontzian eramanen dute. "San Migel gaizkiaren kontrako babesaren sinboloa da zentzu guztietan", argitu du kaperauak. Esan duenez, "kristau tradizioan Ate Santua elkarrizketarako eta Jainkoaren miserikordiarako ikurra da. Jubileu urtea ere bada. Proiektuaren barruan, atearen sinboloa aukera berrietara irekitzeari, aldaketa positiboari eta etorkizun bidezkoago eta harmoniatsuago baten eraikuntzari lotuta dago". Erretako atea eta eraikitzen ari diren itsasontzia egurrezkoak dira. "Pasaiatik Mundu Berrira abiatuko da itsasontzia, laidoa zena mundu berri baterako ate bilakatuz".
Helburua
Garziandiak azaldu duenez, "proiektuaren bidez egindako laidoa konponduko da. Txarra dena on bihurtuko da. Elkartasunerako, lankidetzarako eta ekintza bateraturako deia da". Aldi berean, "auzolanaren espirituaren bitartez, ilusioz eta arduraz elkarrekin lan egiten duten pertsonen batasuna da, Nafarroa eta Gipuzkoako kultura eta historia ondarearen ikur bat babesten eta biziberritzen laguntzeko", esan du Garziandiak.
Kaperauak azaldu duenez, proiektuaren helburua da Aralarko San Migel santutegiak irudikatzen duen espiritualtasun, kultura, historia, ate eta natura ondarea babestea. "Santutegiak mendeetako historia du atzean, eta ez da debozio eta erromesaldi lekua bakarrik, gizakiaren eta bere ingurunearen, espiritualtasunaren eta kulturaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko loturaren sinboloa ere bada". Garziandiaren esanetan, "bere espiritualtasun ondarea defendatzeak bere esanahi erlijiosoaren esentzia bizirik mantentzea dakar, bertan inspirazioa eta kontsolamendua bilatzen dutenendako fede, bilketa eta topaketarako gune izaten jarraituko duela ziurtatuz. Arteari, kulturari eta historiari dagokienez, santutegiaren historiari forma eman dioten ezagutzak, kontakizunak eta tradizioak transmititzea da, santutegiaren azterketa, dibulgazioa eta babesa sustatuz, ez daitezen desagertu".