Sakanako Bargagain Taekwondo klubaren denboraldia, beste behin, borobila ari da izaten. Hala baieztatu du Bargagain eta Lezkairu klubetako monitore Gerardo Monterok. Jakina denez, bi klubek bat egin dute entrenatzaile bera dutelako eta federazio mailan hobeki datorkielako, eta txapelketara Lezkairu izenarekin aurkezten dira, nahiz eta gero klub bakoitzak bere entrenamendu eta ibilbidea aparte egin.
Apirilaren 12tik 14ra klubeko lau taekwondo borrokalari –Irea Etxaniz eta Zoe Lanz kadeteak, Leire Etxaniz juniorra eta Mohamed Essobai seniorra– Europako Kluben Arteko Txapelketan lehiatu ziren, Tallinen (Estonia). Olinpiar jokoen eta Munduko Txapelketen ondoren dagoen txapelketa prestigiotsuenetakoa da hau, eta lau sakandarrek maila ona erakutsi zuten. Zoek ezin izan zuen lehen erronda gainditu, estatuko borrokalari baten kontra borrokatu eta gero. Irea Etxanizek lehen erronda gainditu zuen, eta bigarrenean txapelketa irabazi zuen borrokalari greziarraren kontra erori zen, alde gutxigatik. Europa mailan bosgarren sailkatu zen. Leire Etxanizek erraz gainditu zuen lehen erronda: lehen erasoa 8 segundotan irabazi zuen, eta bigarrena 20 segundotan. Bigarren errondan arerio latza izan zuen, gerora txapeldunordea izan zena. Lehen erasoa 1-0 galdu zuen, eta bigarren erasoa 5-4. "Pena da domina bat lortzetik horren gertu geratzea, laugarren izan baitzen. Baina lehen uneko pena hori gaindituta, lortutakoa ongi baloratu beharra dago: Europa mailan laugarren izatea sekulakoa da" azaldu du Gerardo Monterok. Mohamed ere bigarren errondan erori zen, lehen erronda bikaina egin eta gero. "Espainiako junior mailako txapeldunaren kontra galdu zuen eta laugarren izan zen". Monterok balorazio ona egin du. "Europa mailako txapelketa batean lehen lauzpabosten artean egotea sekulakoa da, oso gazte gutxik dute maila horretan lehiatzeko aukera. Duela bospasei urte esperientzia bizitzera joaten ginen, gure maila probatzera, eta orain, aldiz, onenen artean lehiatzera goaz. Hor gaude, onenetatik puntu eskasera". Tallingoa "sekulako esperientzia" izan zen.
Europako Txapelketan egun Berriozarko Mendialdea eskolan ari den Erkuden Moreno altsasuarrak hartu zuen parte baita ere, Nafarroako selekzioarekin, 46 kg azpiko senior mailan.
Unibertsitate artekoa
Maiatzaren lehen asteburuan Unibertsitate Arteko Taekwondo Txapelketa jokatu zen Madrilgo Alcala de Henaresen. Lezkairutik bost borrokalari lehiatu ziren, tartean Irati Irigoien, sakandar bakarra. Urdiaindarrak Mondragon Unibertsitatea ordezkatu zuen. Lehen errondan erori zen, final laurdenetan, alde oso txikiagatik, arerio sendo baten kontra.
NKJetan, ikusgarri
Apirilaren hasieran Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) taekwondo txapelketan primeran aritu ziren Lezkairu-Bargagain taldekoak. "Txapeldun gehien atera zituen kluba izan zen gurea. 44 kategorietatik hemeretzi Nafarroako txapeldun atera genituen, gutxi gorabehera erdia, eta makina bat podium lortu genituen. Garrantzitsuena izan zen ia kategoria guztietan ordezkariak aurkeztu genituela, eta hori ez da batere erraza. Halaber, taldekako txapelketetan jokoan zeuden sei trofeoetatik bost lortu genituen. Infantilen mutilen eta nesken mailan txapeldunak izan ginen, gizonezkoen kadeteetan txapeldunak, eta emakumezkoen junior mailan txapeldunak. Emakumezkoen kadeteetan bigarrenak izan ginen, baina pisu konkretu batzuetan soilik hautagai bakarrak aurkeztu zirenez, esaterako, Irea Etxaniz, domina horiek ez ziren kontuan hartu. Nolanahi ere, oso pozik gaude" azaldu du Gerardo Monterok.
Martxoan Espainiako kadeteen eta junior mailako txapelketetan parte hartu zuten Bargagaingo zenbait taekwondo borrokalarik, Nafarroako selekzioarekin. Gerardo Montero izan zen arduradunetako bat. Lezkairuk partaide gehien eraman zituen selekziora, hamabi borrokalari. "Emaitzei begira, ez zen ongi joan. Zoe Martin, Leire Etxaniz eta beste final laurdenetan erori ziren, Irea Etxanizek Espainiako txapeldunaren kontra galdu zuen... baina esperientziari begira, ongi etorri zitzaigun".
Infantil mailakoek ez dute Espainiako Txapelketetan parte hartzen. "Urte bukaeran Kluben Arteko Espainiako Taekwondo Txapelketa jokatzen da, eta taldetxoren bat osatuko dugu, tartean, infantilen batzuk, bertan parte hartzeko".
21 urtez azpiko Nafarroakoa
Taekwondo egutegia ez da gelditzen. Maiatzaren 10ean 21 urtez azpiko Nafarroako Txapelketa hartu zuen Larrabidek, 2005. eta 2009. urteen artean jaiotako borrokalariendako. Bertatik atera ziren ekainaren bukaeran Espainiako Txapelketan parte hartuko duten lauzpabost taekwondo borrokalari.
Bargagain Taekwondo eskolaren jarduna maiatzaren bukaeran despedituko da, baina nagusienek ekainaren bukaerara arte luzatuko dute denboraldia.