Euskaraldia 2025

Udaberriko Euskaraldia bertan da

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko maiatzaren 12a

Unenuarrak afaltzera elkartu ziren martxoaren 22an. UTZITAKOA

Izena-ematea oraindik irekita dago, bai herrietan bai 'euskaraldia.eus' webgunean. Ariketa eroso egiteko ezinbesteko identifikagarriak, txapak, banatzen hasi dira ere. Sakanan, momentuz, aurreko edizioan baino parte hartzaile gutxiago daude.

Hiru egun besterik ez dira gelditzen Euskaraldia hasteko, maiatzaren 15etik 25era izango da. Ariketa egiteko ezinbestekoak dira ibarreko herrietako Euskaraldia batzordeak. Haiek, dagoeneko, dena ia prest dute ariketari ekiteko. Sakanan barna buru-belarri dabiltza izen-emateak biltzen, entitateetara bisitak egiten, Euskaraldiak iraungo duen bitartean izango diren ekitaldiak antolatzen… makina bat sakandar, ilusioz lanean, eta, jada, "urduritasun" ikutuarekin. 

Euskararen erabilera handitzeko ariketa masiboa da Euskaraldia. Sakanako koordinatzaile Amaia Iparragirre Mendiak Euskaraldiaren garrantzia nabarmendu du: "oraingoz daukagun tresna indartsuena da". Gaineratu duenez, "orain da euskararen erabileran jauzia eman ahal izateko batzeko garaia; denok batera eraginda entzungo baita euskara gehiago gure kaleetan", esan du Iparragirrek. "Bi urtez behin egiten dugun ariketa masiboa probestu behar dugu abiada hartu eta urte guztian euskara gehiago erabili eta entzuteko", gaineratu du.

Izena ematearen garrantzia
Euskaraldian oraindik izena eman ez duten sakandarrek ahobizi edo belarriprest izango diren esateko aukera dute oraindik, ariketa hasi arte izen-ematea irekita egongo baita. Jakina denez, ariketan parte hartzeko bakoitzak bere rolaren berri ematea beharrezkoa da. Datu gutxi batzuk beteta ematen dute izena euskaraldia.eus webgunean edo herrietan jarritako mahaietan. "Rola aukeratzean, euskaraz hitz egiteko dugun gaitasuna baino euskaraz zenbat, zenbatekin eta zenbatetan egingo dugun erabakitzea da garrantzitsua", azpimarratu du Iparragirrek. Erabaki horrek ariketak irauten duen 11 egunetan norberak izango duen jarreraren eta portaera zehazten du, beraz. Eta 11 egun horietan, parte-hartzaile guztiek hartutako erabakiei esker, egunerokotasunean, euskararen presentzia areagotzea lortzen du Euskaraldiak.

Iparragirrek gaineratu duenez, "ariketarako ezinbesteko elementua da txapa. Izan ere, identifikagarri horrek erakusten du parean dugunak euskara badakiela, eta mezu argia bidaltzen du: nirekin hitz egin euskaraz, lasai!" Beraz, "norberarendako baino aurrean dugunarendako da baliagarria txapa. Hizkuntza bat edo beste aukeratzean sortzen zaigun estresa murrizten du horrela, eta euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen digu", argitu du Sakanako koordinatzaileak. 

Aurreko edizioan baino gutxiago 
Maiatzaren 6 datuak eskutan, duela bi urteko Euskaraldian baino sakandar gutxiagok eman dute izena edizio honetan. Momentuz, 1.521 sakandarrek eman dute izena, 2022an baino 621 edo %28,99 gutxiago. Bakarrik Arakil, Iturmendi eta Ziordian gainditu dute 2022ko izen ematea, gainontzeko herrietan azpitik dabiltza oraindik. Rolei erreparatuta, izena emandako sakandarren %85,08 (1.294) ahobizi aukeratu dute, 2022an baino 3 puntu gehiago, baino 463 parte hartzaile gutxiago. Belarriprestak, berriz, %14,92 (227) dira, 158 gutxiago. 

Generoari erreparatuta, antzekoak dira datuak: hiru parte hartzaileetatik bi emakumezkoak dira eta bestea gizonezkoa. Adin taldeen datuetan ere ez dago alderik aurreko edizioarekin alderatuta. Momentuz, parte hartzaile gehienak, 551 (%33,60 eta 249 izen emate gutxiago) 30 eta 44 urte artean dituzte. Hurrengo adin multzoa 45 eta 59 urteen artekoa da: 444 (%29,19, 180 gutxiago). Hirugarren adin tartea 16 eta 29 urte artekoena da 284 izen ematerekin (%18,67, 109 gutxiago). 60 eta 74 urte arteko 237 sakandarrek eman dute izena (%15,58, 75 gutxiago). Eta, azkenik, 75 urtetik gorako 42 sakandarrak daude (%2,76, eta 11 gutxiago). Bestetik, dagoeneko 95 entitatek Arigune gisa izena eman dute, 2022an 130 izan ziren.