Arakildarrak batzarrera deitu ditu Arakilgo Udalak. Hiriberri Arakilen Eskolarantz eta Goialde kaleen artean dagoen partzela baten hirigintza antolaketa aldatu nahi du udalak, eta horrek berarekin herritarrak parte hartzeko bidea ematea dakar berarekin. Horregatik gaurko batzar deialdia.
Aipatu partzela kontzeju etxearen eta markesinaren artean dago eta udalak erosi egin zuen etxeak eraikitzeko aukera izateko. Izan ere, etxebizitza premia nabaria da bai Hiriberri Arakilen bai ibar osoan. Partzelak 7.127,26 m2-ko azalera du. Indarrean dagoen hirigintza arauaren arabera 18 etxe elkarri atxikiak eraiki daitezke (hiruko sei eraikin) edo 20 etxebizitza (hiru etxe elkarri atxikitako lau eraikin eta lau pisuko bi eraikin). Eraikinek behe solairua eta beste bi izanen lituzkete.
Alternatibak
Ondoko partzelatan aurreikusitako etxebizitzak, berdegune eta kalerako espazioak, etxebizitzen orientazioa, aparkalekuak eta bestelako ezaugarriak kontuan izanik, udalak batzarrera sei aukera eramanen ditu. Ez dira aukera itxiak, oraindik ere haien gainean moldaketak egin daitezkeela gaztigatu dute udaletik.

1. aukera
Plazatik heldu den kalea Goailde kaleraino luzatuko litzateke, berdegune ondotik ere joateko aukera legoke. 16 etxebizitza eraikiko lirateke. Guztietara autoarekin iristeko aukera legoke.

2. aukera
Aurreko aukerako kale berak izanen lituzke, baina zati bat kenduta berdegunea handitzeko aukera emanen luke. Guztira 20 etxebizitza egiteko aukera ematen du. Guztietara autoarekin iristeko aukera legoke.

3. aukera
Berdegunetik sartuko litzatekeen kaletik eta Goialde kaletik lukete sarbidea autoek etxebizitzetara. Azken kale horren ondoan ere berdegunea handitzen da. 20 etxebizitza egiteko aukera ematen du.

4. aukera
Aurreko aukeraren moldaketa, ipar-hego orientazioko kale batek erdibituko luke partzela. 20 etxebizitza, baina guztietara autoarekin sartzeko aukerarik ez da.

5. aukera
Aurrekoaren moldaketa, partzelaren erdian T moduko kale bat eginen litzateke, kale Nagusiarekin eta bi tokitan Eskolarantz kalearekin lotuko litzateke. Goialde kaletik oinezkoak urbanizazioan sartzeko bidea legoke, plazaraino zuzen joateko aukera emanez. 20 etxebizitzetarako aukera ematen du.

6. aukera
Aurrekoaren moldaketa. Aldaketa bakarra da oinezkoendako sarbidea berdegunera aldatzen dela.