Plazaola-Sakana-Ultzamaldea 2023-2026 Jasangarritasun Turistikoko Helmugako Planak irisgarritasunari lotutako hainbat proposamen jasotzen ditu aipatutako hiru eskualdeetarako. Hiru eskualdeak turismo helmuga irisgarria izateaz arduratzen da Cederna Garalur elkartea. Horretarako plana egiteko deialdia egin du. Lizitazioaren prezioa 100.000 eurokoa (BEZ barne) da. Lana bere egin nahi duenak eskaintza maiatzaren 20ko 23:59ra arte aurkez dezake. Kontratatutako enpresak bederatzi hilabete izanen ditu egitekoa despeditzeko. 2026ko otsailaren 28rako despedituta egon beharko du.
Planak jaso behar du, batetik, formula bat abian jartzea, lurraldeko gizarte-eragileek eta enpresek turismo irisgarrirantz lan egiteko konpromisoa har dezaten, arlo horretan trebatzen diren bitartean. Bestetik, turismo irisgarriari buruzko jardunaldi bat antolatu beharko da eta turismo irisgarriari buruzko hiru ikastaro antolatu beharko dira, turismo-teknikari arduradun eta enpresei zuzenduta. Horrekin batera, lurraldean benetako turismo-eskaintza irisgarria zein den zehaztu beharko du, kalitatearen eta iraunkortasunaren bereizgarri gisa naturako baliabideen eta baliabide aktiboen inguruko establezimendu irisgarriak markatuz, hala nola Plazaolako Bide Berdea eta beste bidexka edo baliabide batzuk.
Egitekoen artean dago ere, establezimenduak bisitatzea eta ekipamenduen eta zerbitzuen irisgarritasuna aztertzea. Baita Plazaolako Bide Berde Naturalaren eta eskualdeetako beste bidezidor batzuen auditoria eta auto-auditoria egitea. Gainera, Plazaola-Sakana-Ultzamaldea helmuga naturalean irisgarriak diren baliabide turistikoen katalogoa egin beharko da, turismo-eskaintza irisgarriaren berri emateko.
Aldi berean, irisgarritasun-premiak dituzten bezeroei arreta emateko ikastaroa eman beharko du. Horren osagarri, bidaia antolatu beharko du Plazaola-Sakana-Ultzamaldea helmuga naturalera, irisgarritasun-premiak dituzten erabiltzaileekin eta turismo-operadoreekin. Azkenik, Plazaola-Sakana-Ultzamaldea helmuga naturalean produktu turistiko irisgarrien katalogoa sortu beharko du.
Ekintza horiekin guztiekin batera, sustapen-kanpaina bizia garatuko du, dibulgazio-jarduerekin eta PSTDk berak garatzen duen Marketin Planarekin koordinatuta eta lankidetzan, proiektuaren hasieratik Plazaola-Sakana-Ultzamaldea lurralde naturala helmuga irisgarri gisa kokatzeko, proiektuaren garapenaren hasieratik proiektuaren ekintza guztiak zabaltzeko aukera emango duena.