AHT ibilbide proiektua

EH Bildu "tren erabilgarri, iraunkor eta azkarraren" alde

Guaixe 2025ko mai. 7a, 10:59

Añana, Lautada eta EH Bilduko ordezkariek batera eman zituzten azalpenak.

Egungo tren korridorea modernizatzearen alde egin du. Horren aldeko kanpaina eginen du. Tartean Lakuntzan eta Altsasun aurkezpenak eginen ditu.

Arabako Añana eta Lautada eta Sakanako EH Bilduko ordezkariak elkarrekin agerraldia egin zuten. Hartan koalizioko kideek adierazi zutenez, "abiadura handiko plataforma berri baten eraikuntza proiektu baten aurrean, Miranda eta Iruñea arteko egungo trenbide korridorea modernizatzea" eskatzen dutela. Azaldu zutenez, "gaur egungo erronkei  modu erabilgarrian, jasangarrian, azkarrean eta errentagarrian erantzutek aukera egokia eta zentzuzkoa da". Aukera hori Denon trena gisa izendatu dute eta bere abantailak nabarmendu zituzten: "herritarrendako aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta merkantziak garraiatzeko". Horren berri emateko kanpaina abiaraziko du EH Bilduk, udalerrietan erakunde ekimenak eginen ditu, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari alternatiba aztertzea eskatuko diote eta herrietan aurkezpenak eginen dituzte.  

EH Bilduko ordezkarien iritziz "Abiadura Handiko Trena (AHT) ez da alternatiba bakarra, argi dugu. Guk defendatzen dugun alternatiba erabilgarria da jendeari zerbitzua ematen diolako, herriak eta hiriak lotzen dituelako eta industria guneei zerbitzua ematen dielako". Gaineratu zutenez, "jasangarria da lurraldean orbain berririk sortzen ez duelako eta bikoizketak saihesten dituelako". Argudiatu zutenez, "azkarra da abiadura handiko plataforma berri baten eta gaur egungo trenbidea modernizatzearen arteko aldea minutu gutxikoa delako". Ziurtatu zutenez, "errentagarria da Miranda eta Iruñea arteko kostua %45 murrizten delako, 500 milioi euro gutxiago hain zuzen ere". 

Horregatik, "arduraz jokatuz, lurralde kohesioa bermatuko duen garraio eta mugikortasuna da alternatibaren funtsa". Horren oinarrian dago Arabako eta Nafarroako Trenaren Aldeko Platafoma herritarrek crowfounding bidez egindako azterlana.