Euskararen aldeko Sorionekuak dinamikako kideek dei egin dute maiatzaren 10ean, larunbata, "euskararen alde" zubiak betetzera, "euskara etorkizunerako zubi dela irudikatzeko". Horrela, "euskarara zubiak eta, batez ere, euskaratik zubiak" jasotzeko; "ulerkerara, ezagutzara, etorkizunera zubiak eraiki nahi ditugu". Azaldu dutenez, "geure burua babestu baino gehiago, geure burua eraiki nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararekin, euskararantz. Garenaz harro aurkeztu nahi diogulako geure burua munduari, eta dugunaz harro zuzendu nahi gatzaizkiolako ez daukanari".
Herrietako zubi hartzeak 12:00etan eginen dira. Sakanan bi hitzordu daude: Irañetan eta Lakuntzan. Arratsalderako dinamikakoek egitaraua prest zuten Iruñean. "Baina bihar arratsalderako ematen duten eguraldi kaxkarra ikusita, atsekabe osoz adierazi nahi dugu, arratsaldeko egitaraua eta herri mobilizazioa bertan behera uztera behartuak gaudela. Ekaitzak ez zigun utziko behar bezainbeste egitarauaz, eta euskararendako, euskaraz eta euskaragatik sortu nahi genuen momentu goxoaz gozatzen. Eta Sorionekuak hori ere bada, poztasuna, zirrara, irribarrea".