Txirrindularitza

Bidasoako Itzulian sakandarrak ederki

Guaixe 2025eko maiatzaren 12a

Iker Gomez, Bidasoako Itzuliko bigarren etapako podiumean, mendiko sailkapeneko lider. UTZITAKOA

Aimar Tadeo lakuntzarra hamalaugarren sailkatu zen. Iker Gomez mendiko txapelketako liderra izan zen bigarren etapan, eta 21. postuan sailkatu zen

Afizionatuen mailako tropelak Bidasoako Itzulia proba prestigiotsuan parte hartu zuen maiatzaren 8tik 10era. Bertan parte hartu zuten Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Finisher) altsasuarrak eta Aimar Tadeo Arkauz (Euskadi Fundazioa) lakuntzarrak. Sakandarrek meritu handiko lana egin zuten. 

Irurita eta Bera artean jokatutako bigarren etapan (140 km) Iker Gomez mendiko sailkapeneko buru jarri zen eta podiumera igo zen. Bere taldekide Luis Alberto Lajarin lider jarri zen; berarendako lan handia egin zuen altsasuarrak. Hirugarren eta azken etapan, Hendaia eta Irun artekoan (102 km), Finisherrekoak bere liderra defendatzen egon ziren, baina egindako ahaleginak ez zuen fruitu gehiegirik izan, etapa Charlie Meredithek (Eulen) irabazi eta gero Marc Torresek (Cortizo) sailkapen orokorrean lidergoa lortu baitzuen (6:10:46), Charlie Meredith-i 4 segundo, Unai Ramosi (Finisher) 14 segundo eta Luis Alberto Lajarini 35 segundo ateraz. Podiumeko hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Finisherrek. 

Aimar Tadeo lakuntzarra ikusgarri aritu zen hirugarren etapan, eta hamalaugarren iritsi zen helmugara. Horrela, sailkapen orokorrean nabarmen gora egin zuen, eta Top15ean sartu zen, hamalaugarren sailkatu baitzen, Torres txapeldunetik 1:35era. Iker Gomezek 21. postuan despeditu zuen proba, 2:19ra.