Atletismoa

Aitzkibil kros solidarioak Euskaraldiarekin bat egingo du

Guaixe 2025eko maiatzaren 13a

Korrikalariak, iazko irteeran. ARTXIBOA

Maiatzaren 17an, larunbata, jokatuko da elkarteek antolatzen duten lasterketa, Bakaikun. Izena ematea zabalik dago.

Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain artean jokatzen den Aitzkibil elkartasun kros solidarioaren 19. edizioa da aurtengoa. Bakaikun jokatuko da, maiatzaren 17an, Bakarrekoetxea, Aitzkozar eta Tintiniturri elkarteek antolatuta, Dantzaleku Sakana atletismo klubaren laguntzarekin eta babesleen babesarekin. Data horrek Euskaraldiarekin bat egiten duenez, lasterketan lortutako irabaziak euskararen erabilera sustatzeko ekintzetara bideratuko direla azaldu du antolakuntzak. 

Aurretik, 17:00etan, kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira, eta 18:00etan abiatuko da proba nagusia. Korrikalariek bi aukera izango dituzte: hiru herriak biltzen dituen lasterketa luzea osatzea (7,6 km), edo Bakaiku eta Iturmendi artean jokatuko den lasterketa motza egitea (4,3 km). 

Izena ematea zabalik dago Dantzaleku-Sakana taldearen webgunean, baina azken orduan animatzen direnak probaren egunean bertan egin dezakete izena ematea, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago, Bakaikuko Bakarrekoetxea elkartean. 

Korrikalari guztiek oroigarria jasoko dute, eta auzate ederra. Kategoria guztietako lehen hirurek, aldiz, trofeoa.