AHT ibilbide proiektua

Kongresuak Aralarko AHTko zundaketen sabotajeak gaitzetsi ditu

Guaixe 2025ko mai. 13a, 12:57

Alberto Catalan Higueras Kongresuan hizketan. EITB

UPNren ekimena onartu dute. PSOEk eta EH Bilduk aurka bozkatu dute eta EAJ abstenitu egin da.

Diputatuen Kongresuko Barne Batzordeak UPNren mozio bat onartu du gaur goizean, "Nafarroako Abiadura Handiko Korridorea Euskal Y-arekin lotzeko trazadura erabakitzeko Aralar mendilerroan egiten ari diren geologia zundaketetan gertatzen ari diren sabotajeak eta hertsatze-ekintzak" gaitzesteko. Era berean, "Estatuko segurtasun indar eta kidegoei sabotaje ekintza horiek egiten ari direnen kontra egiteko eskatu die", eta "agintari arduradunei eskatu die langileen segurtasuna zaintzeko eta obren garapena bermatzeko, inolako atzerapenik gabe". Erregionalisten ekimenak PPren eta Voxen aldeko botoak jaso ditu, eta PSOEk, EH Bilduk eta gainerako alderdiek kontra bozkatu dute. EAJ abstenitu egin da.

Adierazpenak
Alberto Catalan Higueras UPNko diputatuak kritikatu egin du sozialistek sabotajeak ez gaitzestea, eta gogorarazi du "euskal ezker erradikalaren abiadura handiko trenaren kontrako jarrera ez dela berria". Catalanek ziurtatu duenez, "euskal ezker erradikala da, Bildu buru duela, Nafarroan eta Madrilen PSOEko kiderik leialenak, azpiegitura horren eraikuntzaren kontra daudenak eta moteltzen dutenak. Ezin da zigorrik gabe geratu Nafarroarendako etorkizuneko azpiegitura bat planteatzen den bakoitzean betikoak azpiegitura hori boikotatzeko koordinatzea ". UPNko diputatuak Catalanek salatu du "EZaren koordinakundeek errealitate tristea izaten jarraitzen dutela Nafarroan".

Azkenik, UPNko diputatuak adierazi duenez, "tresna legal eta demokratikoak daude zentzu batean edo bestean jarrera hartzeko. Boikota, presioa, beldurtzea eta larderia onartezinak dira". Gaineratu duenez, "gizartearen gehiengoa ordezkatzen duten alderdi politikoetatik ezin dugu horrelako portaeren aurrean justifikatu, ezta isildu ere".