Emakumeen kontrako indarkeriaren aurka, trebatzera

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko maiatzaren 19a

Emakumezkoak paseatzen. ARTXIBOA

Ibarreko bi berdintasun zerbitzuek lehen urte erdiko prestakuntza programa martxan dute

Sakanako Mankomunitateko eta Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuek elkarlanean aritzen dira egunerokoan. Horren adierazlea da Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. Lurralde Protokoloa, 2021etik indarrean dena. Haren Koordinazio Mahaiak martxoaren 20an egindako bileran onartutakoen artean dago aurtengo lehen seihilekorako prestakuntza plana, ondoren Lurralde Batzordeak onartu zuena. Epe horretan sei arlotako zerbitzuetako langileei eta eragileei eskainiko diete prestakuntza. 

Arlo sozialeko prestakuntza honakoei dago zuzenduta: ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako profesionalei, Genero Indarkeriaren Biktimendako Iruñerriko eta Nafarroako Iparraldeko Arreta Osoko Taldeko kideak, Sakanako osasun etxeetako gizarte langileak eta Altsasuko udaltzainak eta Sakanako eta Altsasuko berdintasun teknikariak. Prestakuntza horren helburu nagusia indarkeria matxistaren egoeran dauden emakumeen eta haien adingabeko haurren prebentzioa, detekzioa, arreta eta akonpainamendua lantzea da, beti ere genero ikuspegi eta ikuspegi intersekzionaletik. Ekaina bitartean sei saio, ia 20 orduko prestakuntza jasoko dute gaian aditua den Eraikiz Kolektiboko Aitziber Bañuelos Ganuzaren eskutik. 

Ibarreko hiru osasun etxeetako langile guztiei zuzendutako prestakuntza ere martxan da. Zentro bakoitzean bi orduko saio bana eginen da. Haietan emakumeen kontrako indarkeriarekin lotutako prebentzioan nahiz esku hartzean zentratuko dira. 

Nafarroako farmaziak indarkeria matxistari aurre egiteko "puntu morea" direnez, farmazia guztietako langileei zuzendutako prestakuntza saioa ere iragarrita dago. Joan zen urtean ere jaso zuten trebakuntza eta farmazialariek balorazio positiboa egin zuten. Horregatik, atzera ere, antolatu dute. Saioa 2,5 ordukoa izanen da, eta Sortzen Aholkularitzak emanen du maiatzaren 20an , 14:00etatik 16:30era Mank-en egoitzan.

Altsasuko Udaltzaingoko kideak emakumeen kontrako indarkerian trebatzen joan zen urtean hasi ziren. Aurtengo saioaren helburua izan da indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazioa lantzea, eta indarkeria egoeran dauden emakumeei eman beharreko arreta eta babes eraginkorrerako irizpideak lantzea. Bañuelosen eskutik trebatu dira. 

Aurreikusi dute ere ibarreko ordezkari politiko guztiei zuzendutako prestakuntza saioa, maiatzaren 28an izanen da, Altsasun. Azkenik, festetako eragileei eta tabernetako langileei zuzendutako duela bi urteko saioek segida izanen dute aurten. Lakuntzan atzo egin zuten, Irurtzunen maiatzaren 20an eta Altsasun maiatzaren 26an.