Euskaraldia 2025

Akaberarik ez duen aldia izan dadila

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko mai. 19a, 09:00

Arbizuarrak Euskaraldiko hasiera ekitaldian. UTZITAKOA

Euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu soziala, Euskaraldia, martxan da. Euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egiten ari direnak ahobizi eta belarriprest txapengatik ezagutuko dute elkar, eta dituzte.

Hilabetetan egindako lana luzitzeko garaia iritsi zaie Sakanako Euskaraldia batzordeei. Besteak beste Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordian Euskaraldiaren hasiera ekitaldiak egin ziren maiatzaren 15ean. Beste zenbait herritan asteburura aurreratu zuten. Guztiak ere herrietako Euskaraldia batzordeak antolatuta. Hasiera ekitaldi guztietan mezu bera zabaldu zuten Euskaraldia batzordeetako kideek: "hasitako 11 egunetako aldiak ez du akaberarik: hizkuntzaren erabileraren aroa ez da eta sekula bukatzen. Euskararen aldia egunez egun ekinez transmititzen da etorkizunera". Euskaraldia "pasioa, abentura, ahalegina, poza, grina, kemena eta erronka" hitzekin definitu zuten.

Antolatzaileek aitortu zutenez, "urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz". Euskaraldian ari direnak asko direla ziurtatu zuten. Batetik, "herriz herri batzordeetan antolatutako milaka eta milaka herritar eta boluntario konprometitu, lanerako prest, gogotsu". Eta bestetik, "hiztun komunitate trinko bat. Gutako bakoitza, bat gehiago eta are indartsuago, sendoago". Ziurtatu zutenez, "hitzez ekiteko garaia da. Eta guk, eragitea dugu helburu: lehenengo pertsonatik eta pluralean. Elkar zainduz, batera bultzatuz, konplexurik gabe: lotsagabe, tinko eta adeitsu".

Euskaraldiko parte hartzaile guztiek "komunitatea dugu ikur, auzolana lanabes. Eta gure txikian, handia egingo dugu beste behin ere, euskaran mundu oso bat kabitzen den bezala, euskaldunok ere munduan leku bat dugulako, bagara eta nor munduan". Ziurtatu zutenez, "beste inon ez da Euskaraldia bezalako ariketa sozial masiborik egin". Batzordekideek dei egin zuten "inertziak irauli eta hitza partekatuz, hizkuntzari hauspoa

emateko garaia da, ilusioa banatuz, erabileran jauzia ematekoa; Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea dugu asmo eta". 

 

Identifikatzailea
Hasiera ekitaldietan esan zutenez, ahobizi eta belarriprest txapak ez dira "txapa sinple bat. Txapa horrek superbotereak ematen dizkizu. Adorea ematen dizu, entzumena ernetzen dizu eta aldamenekoa eta zu babesten zaituzte. Txapa hau, hizkuntza bezala, magikoa da: ilusioa pizten du, aldartea poztu eta komunitatea puztu. Txapa da, hitza bezala, askotariko jendea konektatzeko giltza". Gaineratu zutenez, "euskarak Euskaraldia behar du. Euskaraldiak, hiztunak. Eta hiztunek, mintzakidea".

Horregatik, txapa janzteko deia egin zuten: "txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia hasten da. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, goxatu belarriak eta astindu mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitu eta euskararen lurraldea handitzera goaz eta". Bide hori egiteko "pausoz pauso, jar gaitezen martxan, irmotasunez, mugiaraziz geldirik daudenak. Hiztunak batuz, eman euskarari arnasa. Mintzakideak elkartuz, eman elkarri babesa. Batera eraginez, erabilera handituko dugu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan".

Hori lortzeko, atzera ere, txapa janzteko deia egin zuten atzera ere. Hala despeditu zituzten hasiera ekitaldiak: "gora euskara, gora euskaraduna eta gora Euskaraldia!"