Astekaria

Udalak udako festen irudiaren bila hasi dira

Guaixe 2025eko maiatzaren 20a

Altsasuko festetako kartel lehiaketaren erakusketa bat. ARTXIBOA

Irurtzungo, Arbizuko, Altsasuko eta Olatzagutiko Udalek festen kartelen lehiaketak antolatu dituzte. Irurtzunen maiatzaren 26ra arte aurkez daitezke lanak, Arbizun hilaren 30era arte, Olaztin ekainaren 14ra arte eta Altsasun ekainaren 17ra arte.

Lau herritako udalek festak iragarriko dituzten kartelen lehiaketak antolatu dituzte: Irurtzun, Arbizu, Altsasu eta Olatzagutia. 

Irurtzungo Udalaren XXXIII. festen kartel lehiaketa izanen da; maiatzaren 26ra arte (14:00ak arte) aurkez daitezke lanak, udaletxean. Hiru kategoria daude, bi haur kategoria eta helduena. Haurren kategorien barruan, alde batetik 2015etik 2020era jaiotako haurren kategoria dago eta bestetik 2011etik 2014 urtera jaiotakoena, eta helduen kategorian 15 urte baino gehiagoko irurtzundarrek parte har dezakete (urtarrilaren 1ean Irurtzunen erroldatutakoak).

Derrigorrez karteletan IRURTZUNGO JAIAK Uztailak 16 - 20 julio 2025 FIESTAS DE IRURTZUN testua egon beharko da, eta neurriari dagokionez, helduen kategorian 42X60 zentimetroko lanak izan behar dira, eta euskarri gogorrean aurkeztu behar dira. Haurren kategorian DIN A3 neurriko lanak izanen dira, eta kartulina batean aurkeztu beharko dira, sinatu gabe eta gutunazal batean datuak jarrita. Irurtzungo festetako kartel lehiaketaren sariak 75 euro, 100 euro eta 400 eurokoak izanen dira, kategoriaren arabera. Irurtzungo jai batzordeko kideak izanen dira epaimahai. 

Arbizu
Arbizuko Udalak haurren modalitateko festetako kartel lehiaketa antolatu du. Maiatzaren 30era arte aurkez daitezke lanak, udaletxearen idazkaritzan (20:00ak arte). 6 eta 14 urteko gaztetxoek parte har dezakete Arbizuko lehiaketan, eta nahi bezalako materialak erabil ditzakete, baina lana argitaratu gabekoa izanen da. Bestetik, gaia Arbizuko festak izanen da, eta derrigorrez ARBIZUKO SANJUANAK 2025 EKAINAREN 23TIK 29RA mezua agertu beharko da; betetzen ez bada lana lehiaketatik kanpo geldituko da.

Lanarekin batera gutunazal bat aurkeztuko da atzeko aldean itsatsita eta bertan izen abizenak, egilearen adina eta telefono zenbaki bat egonen dira. Saria margotzeko material sorta izanen da, eta Arbizuko zinegotziek osatuko dute epaimahaia. Kartel lehiaketako irabazlea festetako egitarauan agertuko da. 

Altsasu
Altsasuko festetarako kartel lehiaketan bi modalitate daude: Haurren modalitatea eta Helduen modalitatea. Bi kategorietako lanak aurkezteko azken eguna ekainaren 17a izanen da (14:00ak baino lehen), Iortia kultur gunean. Gaia Altsasuko festak izanen da; edonork parte har dezake, eta egile bakoitzak bi lan aurkez ditzake. Helduen modalitatean lanak DIN A3 edo 70X50 zentimetrokoak izanen dira, eta euskarri gogor batean aurkeztu behar dira. Derrigorrez ALTSASUKO FESTAK FIESTAS DE ALSASUA Irailak 12 - 16 septiembre testua agertu beharko da. 

Lanak lelo batekin aurkeztu behar dira, sinadurarik gabekoa, eta atzealdean leloa idatzi behar da eta gutunazal batean iortia.com webgunean aurki daitekeen gehigarria beteta sartu beharko da. 

Epaimahaia Altsasuko alkateak eta artearen munduan dauden lau pertsonak osatuko dute, eta aurkeztutako lanetatik hiru finalista aukeratuko dituzte. Hiru lan horien artean irabazlea herritarren bozketaren bidez aukeratuko da; bozketa uztailaren 14tk 18ra eginen da, Altsasuko Udalaren webgunean. Festen aurretik lehiaketara aurkeztutako lan guztien erakusketa izanen da, Iortia kultur gunean. 

Altsasuko kartel lehiaketaren Helduen modalitatearen saria 600 eurokoa da. 

Haurren modalitatean Altsasuko ikastetxetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleek parte har dezakete. Lanen neurria DIN A3 izanen da, eta derrigorrez ALTSASUKO FESTAK / FIESTAS DE ALSASUA mezua egonen da. Lanarekin batera gutunazal bat aurkeztu beharko dute, eta barruan izen abizenak, adina, helbidea, telefonoa, ikastetxea eta ikasmaila agertu beharko da. Saria marraketa materiala eta 60 euro izanen da. 

Olatzagutia
Ekainaren 13ra arte aurkez daitezke Olatzagutiko festetako kartel lehiaketaren lanak. Entrega Olaztiko udaletxean izanen da, bulego ordutegian (09:00etatik 14:00etara), eta lanak sinatu gabe lelo batekin eta harekin batera itxitako gutunazal batean egilearen izen abizenak, jaioteguna, helbidea eta telefonoa egonen dira. 

Olatzagutiko kartel lehiaketan hiru kategoria daude: 11 urte bitarte, 12 eta 14 urte bitarte eta 15 urtetik gorakoak. Lanek derrigorrez Santa Ana 2025. Olazti. Uztailaren 24tik 27ra Del 24 al 27 de julio mezua izanen dute. Irabazlea aukeratzeko ekainaren 27an bozketa eginen da kultur etxean, eta sariak 75 euro, 150 euro eta 200 euro izanen dira, kategoriaren arabera.