Arakildarrak batzarrera deitu zituen Arakilgo Udalak. Hiriberri Arakilen Nagusia, Eskolarantz eta Goialde kaleen artean dagoen partzela baten hirigintza antolaketa aldatu nahi du udalak, eta horrek herritarrak parte hartzeko bidea ematea dakar berarekin. Horregatik, batzarra deitu zuen herrian bertan. Hiriberriar asko joan ziren bilkurara, eta adostasuna lortu zen.
Aipatu partzela kontzeju etxearen eta markesinaren artean dago eta udalak erosi egin zuen etxeak eraikitzeko. Izan ere, etxebizitza premia nabaria da bai Hiriberri Arakilen bai ibar osoan. Partzelak 7.127,26 m2-ko azalera du. Indarrean dagoen hirigintza arauaren arabera 18 etxe elkarri atxikiak eraiki daitezke (hiruko sei eraikin) edo 20 etxebizitza (hiru etxe elkarri atxikitako lau eraikin eta lau pisuko bi eraikin). Eraikinek behe solairua eta beste bi izanen lituzkete.
Alternatibak
Ondoko partzelatan aurreikusitako etxebizitzak, berdegune eta kaletarako espazioak, etxebizitzen orientazioa, aparkalekuak, herriarekin kale lotura non egin eta bestelako ezaugarriak kontuan izanik, udalak batzarrera sei aukera eraman zituen. Ez ziren aukera itxiak, haien gainean moldaketak egin zitezkeela gaztigatu zien udalak batzarrera joandako arakildarrei. Haiek aztertuta, arakildarrek 3. aukeraren alde egin zuten. Elizara daraman kale nagusiari perpendikularrean kontzeju etxerantz doan kalea eginen da, berdegunearen iparraldetik. Zortzi etxebizitzek hortik lukete sarbidea. Gainontzeko hamabiek, berriz, Goialde kaletik. Karrika horretako 9 eta 13 zenbakien parean berdegune txiki bat eginen da, baita aparkatzeko tokiak ere.
Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, "orain hirigintza ordenazioarekin aurrera eginen dugu, eta lastailerako egina izatea espero dugu". Alkateak azaldu duenez, ekimen horrekin"udalaren helburua da ibarrean bizitzen gelditu nahi duten herritarrei etxeak eraikitzeko lurrak lortzen laguntzea".
Olaberriak azaldu duenez, "partzelaren garapena faseka eginen dugu. Orain lursail bat bananduko dugu eta herriko gazteek osatutako kooperatiba bati salduko diogu zuzenean. Kooperatiba izatean legeak horretarako aukera uzten du. Ondoren, eskaeraren arabera, lurra 'askatzen' joanen gara". Banandutako lursail hori partzelaren iparraldean dago, kontzeju etxetik gertu. "Prezio tasatuko lau etxebizitza eraikitzeko lursaila da, zortzi gazte geldituko dira Hiriberri Arakilen bizitzen", azaldu du alkateak.