Futbola

Azken jardunaldira garaipen ederrekin iritsi dira Altsasu, Etxarri eta Lagun Artea

Guaixe 2025ko mai. 23a, 10:30

Altsasuk liga galdu gabe despeditzea du erronka.

Gizonezkoen erregional mailan 34. jardunaldia jokatuko da, azkena. Altsasu liderraren erronka liga partidarik galdu gabe bukatzea da. Etxarri igoera faseko postuetan dago ere, eta Lagun Artea kanpo geratu da

Gizonezkoen erregional mailan 33. jardunaldia jokatu zen asteburuan, ligako azken aurrekoa, jardunaldi ederra gure taldeendako. 

Altsasu liderrak Leitzako Aurrera hartu zuen Dantzalekun. Lehia oso borrokatua izan zen, bigarren zatira arte erabaki ez zena, atsedenaldira husnako berdinketarekin joan baitziren bi taldeak. 69. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasu aurreratu zuen, eta lasaitasuna hartu zuten gorritxoek. Partida bukatzear zela, 89. minutuan, Eneko Verak Altsasuren bigarren gola sartu zuen. 

Etxarri Aranatzek etxean jokatu zuen, Kirol Sport taldearen kontra. Lehia estua izan zuten bi taldeek, eta Kirol Sport izan zen atsedenaldia baino lehen aurreratu zena. Bigarren zatian Etxarri partidari buelta ematera atera zen. Mattin Altzelaik berdinketaren gola sartu zuen 55. minutuan, eta bi taldeen arteko lehia areagotu zen orduan. 83. minutuan Joanes Mikeok Etxarriren bigarren gola sartu zuen, eta deskontuan Xabat Goikoetxeak hirugarrena sartu zuen. 3-1, Etxarriren alde. 

Lagun Arteak Amigo ikastetxean jokatu zuen, Asdefor taldearen kontra. Lakuntzarrak ikusgarri aritu ziren, eta 2-7 hartu zuten mendean Asdefor, Gorka Egurza, Sael Ozoria (2), Asier Artaso, Gorka Hernandez, Yonatan Davila eta Bilal Berrerhdoche jokalarien golei esker. 

Azken jardunaldia
Altsasu liderra 31 partida irabazita eta 2 berdinduta iritsi da azken jardunaldira (95 puntu). Helburua liga galdu gabe despeditzea da. San Jorge bigarrena da (83 puntu), eta Etxarri Aranatz hirugarrena (79 puntu), guztiak igoera faseko postuetan, laugarren den Rotxapea B taldearekin batera. Lagun Artea zazpigarren da (52 puntu), lehen erregionaleko kopa jokatuko duten bosgarren (Amaya) eta seigarren (Kirol Sport) postuetatik kanpo. 

Azken jardunaldian Altsasuk Universidad de Navarra B taldea du aurkari maiatzaren 25ean, igandea, 19:00etan, Iruñean. Etxarri Aranatzek Lekunberrin jokatuko du maiatzaren 24an, larunbata, 16:30ean, Beti Kozkor B taldearen kontra. Azkenik, Lagun Arteak etxean despedituko du denboraldia. Maiatzaren 24an, 11:00etan, Mendillorri taldea hartuko du Zelai Berrin.