Pilota

Zabaleta, Ezkurdia, Martija eta Bakaikoa, Bizkaia Torneoan

Guaixe 2025ko mai. 21a, 09:52

Torneoaren aurkezpena Bizkaia pilotalekuan egin zen. ASPE

Binakakoan, Zabaletak Elordi izango du bikote Oiz taldean, Ezkurdiak Rezusta Gorbeia taldean eta Martijak Altuna III.a Anboto taldean. Joanes Bakaikoa Sollube taldeko Buruz Buruko ordezkaria izango da

Buruz Buruko Txapelketako finala erabaki bezain pronto hasiko dira udako torneoak. Hain zuzen ere, maiatzaren 20an XII. Bizkaia Torneoa aurkeztu zuten, sei talde osatuta hiru modalitateetan –buruz buru, binaka eta lau eta erdian– jokatzen den torneoa. 

Aurtengo Bizkaia Torneoan sei talde lehiatuko dira, eta 24 pilotari guztira. Sakandarrei dagokienez, Zabaleta, Ezkurdia, Martija eta Bakaikoa pilotariek hartuko dute parte txapelketan, bakoitzak talde batean. Txapelketa final laurdenekin abiatuko da, segidan finalerdiak jokatuko dira eta final handia Bilboko Aste Nagusian jokatuko da. 

Partidak set sisteman jokatuko dira, baina aldaketa egin dute. Lehen bi set-ak 10 tantora jokatuko dira, eta berdinketa emanez gero, 5 tantoko hirugarren set-a jokatuko da. 

Torneoa maiatzaren 31n hasiko da, Orozkon, Ganekokortak eta Kolitzak jokatuko duten final laurdenarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude entradasfronton webgunean. 

Taldeak
Oiz taldean Zabaletak Elordirekin osatuko du bikoa; Peio Etxeberria lau eta erdiko ordezkaria izango da, eta Salaberria buruz burukoa. Kapitaina: Elordi.

Gorbeia taldeko bikoa Ezkurdia eta Rezusta izango dira. Lau eta erdian Zabala ariko da, eta buruz buru Egiguren V.a. Kapitaina: Ezkurdia.

Anboto taldean Altuna III.ak eta Martijak bikote sendoa osatuko dute. Lau eta erdian Dario dute ordezkari, eta buruz buru Aldabe. Kapitaina: Altuna III.a.

Sollube taldean Artola-Arbisu ariko dira binaka, Agirre lau eta erdian eta Joanes Bakaikoa etxarriarra buruz buru. Kapitaina: Artola.

Kolitza taldeko bikoa Larrezabalek eta Mariezkurrenak osatzen dute. Jaka lau eta erdiko ordezkaria izango da, eta Senar buruz burukoa. Kapitaina: Larrazabal.

Ganekorta taldeko bikoa Urrutikoetxeak eta Iztuetak osatutakoa da. Lau eta erdian Peña II.a dute ordezkari, eta buruz burukoan Eskiroz. Kapitaina: Urrutikoetxea.