Adonak, Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak jakinarazi duenez, 543 sakandarrek odola eman zuten 2024an, aurrekoan baino 11 gehiagok. Haietatik odola estreinakoz eman zutenak 46 (%8,47) izan ziren. Gutxienez behin odola eman zuten sakandarrak ibarreko populazioaren %2,62 ziren. Guztira 939 odol emate egin zituzten. Odol emate gehienak herrietan egin ziren, 808 (%86,04). Gainerako 131k (%13,95) Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko odol bankuan eman zuenik ere. Haietatik 44 (%33,58) aferesi teknikaren bidez eman zuten odola. Hau da, makinen bidez odola ateratzen da, bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio.
Adonaren furgoneta tarteka etortzen da herrietara. Uharte Arakil, Lakuntza eta Arbizuko udaletxeetan egiten dira odol emateak. Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen osasun etxeetan. Altsasun bi tokitan izaten dira emateak: Gure Etxea eraikinaren beheko solairuan eta Intxostiapuntako gimnasioan. Eta, azkenik, Olatzagutian odol emaileak Sutegi gimnasion egiten dute ematea. Egutegia adona.es/eu webgunean dago. Hura kontsultatuta, emaile egin nahi duenak puntu horietako batera edo Iruñekora joatea besterik ez du.
Aitortzak
Urtero moduan, Adonak Iruñeko Baluarte kongresu jauregia aukeratu zuen bere ospakizuna egiteko. Juan Antonio Castro elkarteko presidenteak adierazi zuenez, odola "eman daitekeen oparirik berezienetako bat da, pertsona baten osasun egoera hobetu dezakeelako edo, are gehiago, bizitzak salba ditzakeelako. Izan ere, keinu sinple horretan dago bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea", adierazi zuen. Eta herritarrak odol emaile izatera gonbidatu zituen.
Ospakizunean 218 odol emaile handi omendu zituzten, zehazki, 150, 100 eta 50 alditan odola eman duten 218 herritar. Haietatik dozena bat sakandarrak ziren. Ehun alditan odola eman duten Irurtzungo Manu Viso Carcarrek eta Lakuntzako Jose Mari Astiz Marinek urrezko domina bikoitza jaso zuten. Eta 50 alditan odola emateagatik urrezko domina jaso zuten hamar sakandarrek: Lizarragako Jose Antonio Senar Elso, Etxarri Aranazko Margarita Jaka Garmendia eta Isidro Luis Tabar, Bakaikuko Mª Carmen Lopez Galarza eta Altsasuko Aritz Jauregi Iriarte, Txaro Martinez de Eulate Garralda, Jose Luis Mateos Garcia, Gerardo Olmos Amillano, Manuel Ramos Cilla eta Antxon Razkin Ihabar.