Etxarri Aranatz aldeko eta Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Biak Bat elkartearekin lankidetza hitzarmenak sinatu dituzte. Adostutakoaren arabera, bi eskualde horietakoak izan eta egoera zaurgarrian dauden familiak "Lau zango, milaka irri" animaliekin lagundutako terapia programan parte hartzeko erraztasunak izanen dituzte. Izan ere, bi mankomunitateek bere gain hartuko du programara joaten diren familiek ordaindu beharko luketen kostuaren %90eraino.
Zerbitzua Lakuntza eta Ziordia bitarteko biztanleria izanen da. Hala ere, hitzarmenaren onuradun izateko, besteak beste, bi Gizarte Zerbitzuetako erabiltzailea izan behar da eta esku hartze sozialeko programa batean murgilduta egon behar da. Argibideak, hala ere, Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetan emanen dituzte. Bi mankomunitateek akordioa garatzeko diru poltsa bat bideratu dute Etxarri Aranazkoaren kasuan 1.500 eurokoa da eta 2.000 eurokoa Burunda mendebaldekoaren kasuan.
Programaz
Biak Bat elkartearen Lau zango, milaka irri programak terapia alternatibo eta berritzaile bat eskaintzen du, non animaliek, bereziki txakurrek, rol terapeutiko aktiboa betetzen duten. Terapia horren bidez, parte hartzaileek emozioak kudeatzeko eta estresa arintzeko estrategiak ikasten dituzte, autoestimua eta harreman sozialak hobetuz.
Ekimen hori Sakanan sustraitu nahi da, herritarren ongizatea eta kohesio soziala bultzatuz. Animalien laguntzarekin, familiek ingurune seguru eta lagungarri batean parte hartzeko aukera izango dute, eta horrek euren eguneroko bizitzan hobekuntza nabarmenak eragin ditzake.