Euskaraldia 2025

Euskaraldiak "sortutako mugimendua izugarria izan da"

Guaixe 2025eko maiatzaren 26a

Euskaraldia koordinazio mahaiko kideen lehen balorazio agerraldia. UTZITAKOA

Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten eragileek hala baloratu dute 11 egunez egindako ariketa praktikoa. "Zorionak eta eskerrak" adierazi diete "aurretik beste dozenaka hilabete prestaketa lanetan igaro dituztelako batzorde, entitate eta lantaldeetan" parte hartu dutenei eta, jakina, ahobizi eta belarriprest txapa jantzi dutenei. 

Euskaraldiaren lehen balorazioa egiteko Bilbon bildu da Euskaraldiko koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak: lrati lciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria; Javier Arakama Urtiaga, Euskarabidea-Euskararen Nafar lnstitutuko zuzendari kudeatzailea; Aitor Aldasoro lturbe, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea; David Aire, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna; eta Jon Kobeaga Erkiaga, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea.

Ondoren adierazi dutenez, "euskararen erabilera erdigunean jarri du, berriz ere, Euskaraldiak. ll egun horien bueltan hedabideetan, ikastetxeetan, lantoki eta erakundeetan, euskararen inguruan hitz egin da, erabileran eragin beharra azpimarratu da. lzugarria izan da ariketak sortu duen mugimendua". Gaineratu dutenez, "herritar askok eta askok euren hizkuntza ohituren inguruan hausnartu dute, ahobizi edo belarriprest izango diren erabakitzean, esaterako. Eta noski, lehen euskaraz ez ziren elkarrizketak euskaraz izan daitezen saiatu dira, baita lortu ere!"

Lehen balorazio bileraren ondoren, koordinazio mahaiko kideek adierazi dutenez, "badakigu Euskaraldia eraginkorra dela, eta edizio honen ikerketak adieraziko digu zehatzago zein emaitza eman duen aurtengoak, horien berri aurrerago emango dizuegu". Jakinarazi dute ariketaren balorazio "sakonagoa" eginen dutela egitea askotariko eragileekin, beti ere, "hurrengo Euskaraldia are hobeagoa izan dadin". Balorazio hori egiteko "garrantzitsua izango da Euskaraldian parte hartuko duten belarriprest eta ahobizi guztien bizipenak jasotzea". Horregatik, euskaraldia.eus/bizipenak/ webgunean sartu eta ariketan bizitakoak partekatzeko dei egin diete parte hartzaileei. 

Gaur bildutakoek adierazi dutenez, "hizkuntza ohiturak ez direla gauetik goizera aldatzen; Euskaraldiak arnas luzeko ekimena izan behar du. Apurka apurka, pausoz pauso, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea, edo elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak bizirik".

Datuak
Laugarren Euskaraldia 450 udalerritan egin da, "inoiz baino gehiagotan", jakinarazi dute. Adierazi dutenez, "herri batzordeekin izan ditugun harremanetatik jaso dugu batzorde asko eta asko aurreko edizioetan bezain osasuntsu edo indartsuago aritu direla aurtengoan". Hori dela eta, "orokorrean batzordeen osasunaren seinale da tokian-toki sortzen den mugimendua eta ekintzak antolatzeko  gogoa eta  ahala;  horri   erreparatuta,  herri  eta auzoetan ekitaldi andana antolatu dituzte. Horrek ekarri du euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea ll egun horietan ere". Gaineratu dutenez, batzordeek Euskaraldia udaberrian egitea "oso ondo baloratu" dutela.  

Bestalde, Euskaraldiaren laugarren edizio honetan 7.500 entitatetik gora berretsi dute Euskaraldian parte hartu nahi dutela, euren kideen artean Euskaraldia sustatuz, ikusgarri eginez eta euskara gehiago erabiltzeko pausoak emanez. Aurreko urteetako izen-emate kopurua gainditu du laugarren edizioak. Esan dutenez, "entitateekin izaten dugun harremana epe luzekoa izan ohi da, ariketaren aurretik ere lanketak eta elkarlana jarraia izaten baita. Entitate horietako askok adierazi dute Euskaraldian parte hartzeak entitatean euskararen erabilera areagotzeko pausoak ematen laguntzen duela. Berri ezinhobea da hori".

Gaur gaurkoz ia 135.000 lagunen izen-emateak jaso dituzte Euskaraldiko arduradunek. Argitu dutenez, "oraindik badira jaso gabeko batzuk, paperezko orrietan eman zutelako izena, adibidez". Hala ere, izena emandako pertsonen kopurua "ikaragarria" dela nabarmendu dute. Jakin arren "jende askok izenik eman gabe hartu duela parte ariketan: aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa iruditu ez zaielako, aurreko edizioko txapa etxean gordeta zutelako... horren adibide da txapa banaketa. Izan ere, herri asko eta askotan izen emateak baino txapa gehiago banatu dira". 

Ondorioztatu dutenez, "horrek erakusten digu datuek esaten dutena baino jende gehiago dagoela euskararen erabileran jauzi bat eman dadin gogoz". Baina kalean "txapa gutxiago" ikusi dituzte, eta aztertu nahi dute. "Zergatik pertsona batzuek txapa hartu bai baina gero janzten ez duen. Izan ere, askotan aipatu dugun moduan, txapa ezinbesteko elementua da ariketa modu eraginkorrean egiteko". Hala ere, "orain arte iritsi ez garen herritar geruza batera ere iritsi da Euskaraldia, zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak".