Gizonezkoen erregional mailako 2024/2025 denboraldia despeditu da. Asteburuan 34. jardunaldia jokatu zen, azkena, eta gure hiru taldeek berdindu egin zuten.
Altsasuk Iruñean jokatu zuen, Universidad de Navarra B taldearen kontra. Mikel Etxaizek Altsasu aurreratu zuen, baina berehala berdindu egin zuten OPUS-ekoek. Atsedenaldia baino lehen Aitor Augustok unibertsitatekoen atea zulatu egin zuen eta 1-2 aurretik joan zen atsedenaldira Altsasu. Bigarren zatian bide horretan segitu zuen partidak, Imanol Lobok Altsasuren hirugarrena sartu arte. Berehala, ordea, 2-3 gerturatu zen Unibertsitatea, eta partida bukatzear zela hiruna berdindu zuten. Beraz, puntu banaketarekin despeditu zen lehia (3-3).
Etxarri Aranatzek Beti Kozkor B taldea izan zuen aurkari Lekunberrin. Etxekoak aurreratu ziren partida hasi eta berehala. Etxarri modu guztietara saiatu zen, baina ezin buelta eman. Bigarren zatian, 70. minutuan Jon Erdoziak bana berdindu zuen, eta 10 minututara Xabat Goikoetxeak 1-2 aurreratu zuen Etxarri. Deskontuan, 92. minutuan, Beti Kozkorrek bina berdindu zuen eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.
Azkenik, Lagun Arteak Mendillorri hartu zuen Zelai Berrin. 3. minuturako Alvaro Codonek gola sartu zuen, eta 1-0ko aldearekin joan zen Lagun Artea atsedenaldira. Bigarren zatian bana berdindu zuen Mendillorrik, eta 10 minutura 1-2 aurreratu ziren iruindarrak. Partida bukatzear zela, 90. minutuan, bina berdindu zuen Iker Anduezak eta binakako berdinketarekin despeditu zen lehia.
Ligako azken sailkapena
Horrela, Altsasu liderrak partidarik galdu gabe despeditu du liga (96 puntu), 31 partida irabazi eta 3 partida berdinduta. San Jorge izan da bigarrena (83 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarrena (80 puntu). Hiru taldeek, laugarren sailkatu den Rotxapea B taldearekin (61 puntu) eta gainontzeko multzoetako talde onenekin igoera fasea jokatuko dute. Lagun Arteak zazpigarren bukatu du liga (53 puntu).
Igoera fasea, martxan
Asteburuan hasiko da erregional mailako igoera fasea. Altsasuk Urroztarra izango du lehen arerio. Joaneko partida ekainaren 1ean, igandea, 18:00etan jokatuko da, Urrotzen, eta itzulikoa astebete beranduago, Dantzalekun. Urrotzera joateko autobusa antolatu du Altsasu Kirol Elkarteak, “Elkarrekin igoeraren bila” lelopean. Interesatuek 624 648 790 telefonora hots egin beharko dute izena emateko (7 euro).
Etxarri Aranatzen arerioa, aldiz, San Ignacio izango da. Joaneko partida maiatzaren 31n, 12:00etan izango da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko zelaian, eta itzulerakoa ekainaren 7an, 12:00etan, Etxarri Aranazko San Donato zelaian.