Nafarroa Oinez aurten antolatzen duen Paz de Ziganda ikastolak sustatuta, Nafarroako hamabost ikastoletan jaki bilketa egiten ari dira aste honetan. Parte hartzaileen artean daude Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastola. Guztien arteko ekimen horren bidez Paris 365 jantoki sozialaren beharrak asetzeko erronka solidarioari erantzun diote. Izan ere, "gero eta zailtasun handiagoak aurkitzen dituzte elikadura egokia eskuratu ezin duten pertsonen eskaria asetzeko". Besteak beste, honako jakiak jaso nahi dituzte: esnea, galletak, zerealak, arroza, pasta, lekaleak… Bilketa epea igarota, elikagaiak jantoki sozialera eramango dira erabiltzaileen artean banatzeko.
Elikagai bilketaren sustatzaile izan den Paz de Ziganda Ikastola Paris 365 jantoki sozialarekin elkarlanean ari dela hainbat ekintzaren bidez, esate baterako, ikastolan bertan egiten diren elikagaien aldizkako bilketen bidez. Ikastolan harrera ona izan duen ekimena da, eta Paz de Ziganda Ikastolako kooperatibista eta kooperatibista ohiek osatutako Jira Bira taldeak antolatzen du. Talde horren helburua da beste kolektibo batzuekin lankidetza sustatzea eta ikastetxeko bizitza soziokulturala dinamizatzea. Paz de Zigandako arduradunek adierazi dutenez, "ikastolak konpromiso solidarioa mantendu eta berritu nahi izan du, eta Oinezen erronka handiaz baliatu nahi izan du jarduera-programaren barruan izaera sozialeko ekintzak ere antolatzeko, Oinez 2025eko helburuekin lerrokatuta".