Astekaria

"Menopausia gorputza entzuteko aukera bat da"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2025ko eka. 4a, 11:35

Aitziber Aizpuru nutrizionista. ELIKU ZENTROA

Aitziber Aizpuru nutrizionistak 'Elikadura eta ariketa fisikoa menopausian' ikastaroak emanen ditu ekainaren 13an eta 20an, Arbizun, Sakanako Mankomunitateak antolatuta.

Menopausia eta perimenopausia oinarri hartuta, Sakanako Mankomunitateko Kirol eta Jarduera Fisiko zerbitzuak eta Berdintasun zerbitzuak Elikadura eta ariketa fisikoa menopausian jardunaldiak antolatu dituzte, Arbizuko eskola zahar berrituan ekainaren 13an eta 20an, ostiralak, 17:00etan, eta Urdiainen udazkenean. Lehenengo tailerra Menopausia eta perimenopausia: aldaketak eta beharrak izanen da eta bigarrena Asteroko menuaren antolakuntza eta planifikazioa; udazkenean parte hartzaileek praktikan jarriko dute Sukaldean Behin: elikadura praktika jartzen tailerrean. Aitziber Aizpuru Bereziartua Eliku Nutrizio Aholkularitza zentroko adituak emanen ditu tailer-hitzaldiak, eta "emakumeen etapa berri honetarako" aholkuak ez ezik, garrantzitsuena "laguntza ematea eta sare bat osatzea" izanen dela esan du. kirolak@sakana-mank.eus edo berdintasuna@sakana-mank.eus helbidetan eman daiteke izena. 

Nutrizionista baino zerbait gehiago zara, sareetan ikus daitekeen bezala. 
Nire lana ez da soilik nutrizioari buruz hitz egitea, baizik ea emakumeekin bidea egitea. Ulermenetik, errepestutik eta aldaketa txikiek duten indarra aitorturik. Menopausia ez da amaiera edo izkutuan gordetzeko zerbait; gorputza entzun eta zaintzen ikasteko aukera da, eta elkarrekin egiteko, ez bakarrik. Zuk aldatu, horixe da, eta horixe esaten dut: zuk alda dezakezu, zuk duzu giltza. 

Nola eta noiz hasi zinen elikaduraz arduratzen? 
Nutrizio ikasketak kasualitatez egin nituen. Ez zen nire bokazioa, egia esan. Baina garaia zen. Nafarroako Unibertsitatean estatu mailan lehenengo aldiz jarri zituzten ikasketak, eta berria zenez nire zerrendan jarri nuen. Ez nekien oso ondo zer ikasi, eta nutrizioa jarri nuen. Pixka bat pentsatu nuen: "Zer da hau?". Zerrendaren azkenengo postuetan jarri nuen. Garai hartan kanpoan egon nintzen, eta amak esan zidan etxera gutuna iritsi zela eta Iruñean hartu nindutela. Bada, listo. Eta hementxe nago. Egia da nutrizio ikasketak ez zitzaizkidala batere gustatu. Bukatu nuenean kontsulta irekitzea pentsatu nuen, eta ordutik aurrera gustatu zitzaidan. Jendearekin hitz egitea gustatzen zait. Azkenean, prozesu bat izan da. Lehenengo ikasketak izan ziren, gero elikadura eta kirola, elikadura eta haurdunaldia, elikadura eta haurrak, elikadura eta edoskitzea... Nire bizitzaren prozesuarekin batera eraman dut, menopausiaren prozesura iritsi arte. 29 urte daramatzat Elikun lanean.

Azken aldian menopausia eta perimenopausiari buruz gehiago entzuten ari da? Sentsazioa izan da hainbat prozesu ezkutaturik izan direla, eta orain? 

"Lehengo isiltasuna eta tabuaren ordez, orain informazioa eta laguntza dago"

Aspaldi menopausia gaia tabu bat izan da; emakumeen bizitzaren etapa bat ezkutuan mantendu dena. Maiz umore txarreko, ahuldu, ezengonkor bezala estereotipatu da. Horrek emakume asko isolatu eta informazio faltan utzi ditu, euren gorputzaren eta emozioen inguruko galderak eta kezkak ezin jakin. Azken urte hauetan feminismoaren eta osasunaren normalizazioaren mugimenduak sustatuta bultzada handia eman diote menopausiari buruz hitz egiteko, eta gero eta gehiago ulertzen da etapa hau; ez dela amaiera, baizik eta emakumeen bizitzaren aldaketa eta potentzia berriak dakartzala ere. Zientziak aurrerapausoak eman ditu hormona aldaketaren inguruan eta menopausiaren aldaketen ondorioetan, eta horrek lagundu du baliabide eta tratamendu hobeak garatzen, baita prebentzio eta bizi kalitatea hobekuntza sustatzen ere. Gaur egun egia da  hitzaldi, liburu eta menopausiari begirada integrala eskaintzen diotela; emozionala, soziala eta azkenean emakumeei ahalduntze handiagoa ematen dio. Euren bizitza eta osasunaren gainean erabakiak hartu eta aktiboki parte hartzeko. Laburbilduz, lehengo isiltasuna eta tabuen ordez, orain informazioa, elkarrizketa eta laguntza sareak daude. Hori da aldaketa handienetako bat. Emakumeek eurek beharrei erantzuten eta erantzun diezaiokeen. 

Norbanakoei ematen diozun lana ez ezik, tailerrak, hitzaldiak eta abar antolatzen dituzu. 

"Sare sozialetako lana, kultura osasuntsuak hedatzen laguntzen du"

Nire lana ez da bakarrik kontsulta puntualak egitea, elikadura planak ematea... Gaur egun lan honek eskatzen du ikuspegi zabalagoa eta errealistagoa. Horregatik sare sozialak erabiltzen ditut bertatik, egunero, aholkuak, errezetak eta informazio osasungarria zabaltzeko. Horrela, emakume eta publiko orokorrari nutrizioa eta menopausia inguruko beste kontzientzia eta informazioa ematen zaio. Horrek azkenean laguntzen du kultura osasuntsua hedatzen, bakoitzaren egunerokotasunean, etxean eta bizimoduan. Bestalde, tailerrak antolatzen ditut non praktikan jartzen diren elkarbanatutako elikadura ohitura hauek; sukaldean esperientzia zuzena izateko aukera emanez. Tailer hauek ez dira bakarrik prestakuntza teknikoa, baizik eta estazioak dira, non galderak egin, zalantzak argitu, elkarrekin ikasteko eta komunitatea sortzeko balio duten. Gainera, lan honetan sartzen dira ere aholkularitza pertsonalizatua, non emakume bakoitzaren testuinguru fisikoa, emozionala eta soziala kontuan hartzen ditudan. Osasuna modu integralean kudeatzea. Nire jarduera anitza eta dinamikoa da, eta helburua emakumeak euren bizitza hobetu, ulertu eta kudeatzea da. Ez bakarrik nutrizioaren kontuan, baizik eta bizi kalitate eta ongizatea sustatzeko.  

IKASTAROAK
'Menopausia eta perimenopausia: aldaketak eta beharrak' izanen da lehenengo tailerra, ekainaren 13an. Nolakoa izango da?  
Menopausia prozesuaren aldaketa fisiko, hormonal eta emozionalak aztertuko ditugu. Helburua da emakumeak etapa hau hobeto  ulertzea eta bere beharrak identifikatzea. Informazio zientifikoa jasotzeaz gain, parte hartzaileek esperientzia partekatzeko eta galderak egiteko aukera izango dute. Tailerra teorikoa izango da, eta parte hartzaileei elikadura eta bizimodu osasuntsurako adibide praktikoekin emakume bakoitza etapa hau modu positiboan kudeatzeko urratsak emango zaizkie. 

Bigarren saioa, ekainaren 20an, 'Asteroko menuaren antolakuntza eta planifikazioa' izango da. 
Egunerokotasuneko bizitzaren erritmoan oinarritutako menu osasuntsuak eta erraz planifikatzekoak landuko ditugu, eta, batez ere, menopausian dauden emakumeek behar dituzten behar nutrizionalak kontuan hartuta. Azkenean, planifikazioak eta menuak antolatzeak denbora aurrezten laguntzen du eta, gainera, elikadura orekatua bermatzen du: barazkiak, fruta, proteina, zerealak eta abar modu egokian tartekatuz. Tailer praktiko eta parte hartzaile honetan, planifikazio tresnak, menu ereduak eta erabilgarriak landuko ditugu, gustuak ere kontuan hartuz. 

Udazkenean sukalderaino sartuko zarete, ezta? 
Tailerraren izenak dioen bezala, Sukaldean Behin: elikadura praktikan jartzen, sukaldean egiteko hamar edo hamabi errezeta prestatzeko aukera emango dugu; baita planifikatzeko eta errezeta horiek modu eraginkorrean egiteko tresnak ere emango ditugu. 

Modu orokor batean, zein aholku da ezinbestekoa menopausia eta perimenopausian?
Elikaduran bi hitz erabiltzen dira: kontestua eta baldintzak. Baina oso orokorrean, egunean bitan barazkiak eta bi edo hiru fruta jatea gomendatzen da, eta proteina iturri osasungarriak ere garrantzitsuak dira: lekaleak, arrautza, arraina... Eta ariketa fisikoa egitea ere ezinbestekoa da. Negoziaezina. Mugimendu aerobikoa eta indar ariketak astean hiru edo bost aldiz. 

Zergatik parte hartu behar dute emakumeek tailer hauetan? 
Lehenik eta behin emakumeendako pentsatuak eta sortuak dira. Entzunak eta ulertuak izateko, eta gorputzean gertatzen ari zaizkien aldaketak begirunez eta jakintzaz begiratzeko espazio seguruak izango dira. Ez dira tailer teoriko soilak eta moralizatzaileak; bizitzaren errealitatean erabil daitezkeen tresnak emango zaizkie, elikadura osasuntsuaren oinarriak, sukaldeko antolaketa errazteko aholkuak, erosketak nola planifikatu eta nola moldatu egoera eta gorputz berrira ulertzeko gakoak. Batez ere bakarrik ez zaudela ikusteko aukera izango da, beste emakumeekin partekatzeko, barre egiteko, galderak egiteko eta laguntza sare txiki bat osatzeko; sare txiki baina sendo bat.