"Lan arriskuen kudeaketan aholkularitza ematen dugu"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 5a, 13:00

Kaskoa eraikuntza lan batzuetan. ARTXIBOA

Jose Ignacio Aguado Martin NOPLOIko Lan Osasuneko zuzendariordea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko teknikariek eta osasun langileek informazioa eta aholkularitza eskainiko dituzte Leitzan eta Sakanan.

Lan arriskuen prebentzioa bulkatzeko Tafallan hasitako proiektu pilotua Leitzara eta Sakanara zabaldu du Osasun Departamentuak. Egitasmoaren bidez 25 udalerritako 840 enpresa eta 17.500 langilerengana iritsi nahi du departamentuak.


Jose Ignacio Aguado Martin.

Tafallan lantzen hasi ondoren, zergatik aukeratu dituzue Leitzako eta Sakanako osasun eskualdeak lan arriskuen prebentziorako proiektu pilotua martxan jartzeko?
Tafalla proiektu piloturako aukeratu genuen osasun eta gizarte zerbitzuen arlotan barrutia oso ongi definituta zegoelako. Proiektua egokia dela ikusi dugu, gizarte eragileek, enpresek, langileek, mundu guztiak positibotzat jo duenez, beste eremu batera zabaltzea erabaki dugu. Hainbat barruti eta eskualde aztertu genituen. Guri dauden enpresa motak eta haien aniztasuna interesatzen zaizkigu, institutuak dituen zerbitzu guztiekin aritu ahal izateko, eta benetan inguru horretan hobekuntza eraginkorra izan dadin. Leitzaldeak eta Sakanak industria, lehen sektorea, basogintza, nekazaritza eta abar dituztenez, baldintzak betetzen zituzten. Tafallan 20.000 langile inguru ziren. Bi eskualdeetan gutxi gorabehera langile kopuru hori dute, gure tresnak ondo ezarri ahal izateko.

Zertan datza proiektua?
Gertutasunean oinarritzen da. Institutuaren baliabideak hurbildu behar ditugu, ez dute Iruñean egon behar. Gure teknikariek enpresak ezagutu ditzatela, eta enpresek aukera izan dezatela erreferentziazko gune batera galdetzera joateko. Hurbiltasun horrek nahitaez hobetu behar du institutuarekiko harremana eta hobetu behar du guk garatzen ditugun tresnen ezarpena. Azken finean, institutuak aholkularitza egiten du, aholkularitza enpresek prebentzioa hobetzeko. Ez gara ikuskatzaileak, aholkulariak gara, laguntzen saiatzen gara eta prebentzio kultura enpresa guztietan sar dadin saiatzen gara.

"Gu enpresari txikia edo autonomoak laguntzeko gaude, prebentzioaren kudeaketa hori egitea hain zaila izan ez dadin"

Institutuko zenbat langilek parte hartuko dute?
Guk kanpaina batzuk ditugu eta horiek ez ditugu mugatzen, Nafarroa osoan egiten ditugu. Proiektua daukagun lekuetan bi teknikari ditugu etengabe, eta eskualde horretan institutuko kanpainak eta tresnak ezartzen dituzte. Institutuko beste lankide batzuk ere joaten dira bestelako kanpainak egitera. Alde tekniko bat dugu, enpresekin. Osasun alderdia ere badu proiektuak, eskualdeko osasun etxeetako langileei lan arloko gai guztietan laguntzen diena. Horretarako, lan arloko prestakuntza ematen zaie eskualdeko osasun langileei, eta eskualdean egiten diren kontsulta guztiak ikusten ditu.

Egoitzaren bat izanen duzue Sakanan?
Tokiak ikusten ari gara. Esate baterako, Tafallan gizarte zerbitzuen egoitzan gaude. Halako inguru batean egotea gustatzen zaigu: osasun ingurune batean, esaterako kontsultategi batean, osasun etxe batean edo horrelako erakin instituzional batean, jendeak sarrera erraza izan dezan. Hala ere, oraindik bila gabiltza, ez baita erraza. Jendea joan ahal izateko toki egokiena zein den aztertzen ari gara.

Enpresei zer eskaintzen die proiektu pilotuak?
Gutxi gorabehera Tafallan egin dugunaren ispilua eginen dugu. Hainbat fasetan banatzen dugu. Lehenik eta behin, enpresei proiektuaren berri ematen diegu. Baita alkateei, beraiek inguruan zabal baitezakete institutuaren funtzio berria. Enpresetara joaten gara eta diptiko bat ematen diegu, proiektua zer den eta zer eskaintzen dugun azaltzeko. Beraz, ideia da: prebentzio baliabideen ebaluazioan eta kudeaketan laguntza bat ematea, kultura hori ezar dadin. Enpresari egindako ebaluazioaren arabera arrisku batzuk edo beste batzuk hartzen dira kontuan. Lan arriskuen kudeaketan aholkularitza ematen dugu.

"Gu enpresari txikia edo autonomoak laguntzeko gaude, prebentzioaren kudeaketa hori egitea hain zaila izan ez dadin"

Apika enpresa guztiek ez dute egiteko gaitasunik?
Jakina. Guk, batez ere, enpresa txikietara jotzen dugu. Normalean, 50 edo 25 langile baino gutxiago izaten dituzte, enpresa handiek baliabideak dituztelako. Gu enpresari txikia edo autonomoak laguntzeko gaude, prebentzioaren kudeaketa hori egitea hain zaila izan ez dadin. Prebentzio zerbitzu propioa duten 400 langileko enpresa batean, ez du zentzu handirik gu sartzeak, dagoeneko badutelako jende teknikoa eta kalitatezkoa zerbitzu hori berrikusteko.

Beraz, 840 enpresa horiek bisitatzeko asmoa duzue?
Hori da. Urtero lehentasunezko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (EJSN) ateratzen da, haren bidez sektorea eta enpresa mota mugatzen dute. Beti dago ezbehar tasa handiagokoa duenen bat. Horiek urtero argitaratzen ditugu. Lehentasuna ematen diogu eta arlo horiekin hasten gara, ondoren gainontzekoetara zabaltzeko. Beraz, ideia bat egin dezazuen, esaterako, Tafallan 119 enpresa bisitatu ditugu 9 hilabetetan. Hemen dinamika berarekin jarraituko dugu. Kanpaina jakin bat egiten bada eta sektore bateko enpresa guztiak hartu nahi baditugu, Iruñeko teknikariek lagunduko diete.

Badakizue zein sektoretan ematen diren baja gehien, eta zergatik eta nola?
Gauza bat dira lan istripuak eta beste bat aldi baterako ezintasunaren kudeaketa. Bi gauza desberdin dira, baina dena pixka bat kontuan hartzen da. Baina alde teknikoa, batez ere, arriskuetara mugatzen da. Azkenean, dena lotuta dago, arriskuek eragiten dituztelako istripuak edo aldi baterako ezintasunak. Enpresa batean patologia baten komunikazioen errepikapena badago, jakina, laguntzera eta gure iritzia ematera joaten saiatzen gara, egoerak horrela jarrai ez dezan eta nola hobetu daitekeen ikusteko. Azkenean, guztiaren hasiera arriskua da. Printzipioz ezbehar tasa handieneko sektoretan jarduten dugu.

Beraz, enpresara bisita egin ondoren plana ezartzeko akonpainamendua egiten diozue?
Enpresek beren prebentzio plangintza dute, eta guk akonpainamendua egiten dugu. Hitzak oso ongi definitzen du: akonpainamendua. Guk akonpainamendua eta laguntza ematen dugu hori ahalik eta modu eraginkorrenean egiteko.

"Guk gizarte eragile guztiak hartzen ditugu. Normalean langileak, sindikatuak eta enpresariak etortzen dira"

Langileek proiektu pilotuan parte hartzeko aukera izanen dute? Nola?
Jakina. Guk gizarte eragile guztiak hartzen ditugu. Normalean langileak, sindikatuak eta enpresariak etortzen dira. Guztiei laguntzen diegu, akonpainamendua ematen diegu eta aholkuak ematen dizkiegu. Ez daukagu inolako talde mugarik. Langile batek uste badu bere ebaluazioa ez dela ongi egin, edo arriskuan jar dezaketen baldintza batzuk dituela, hori horrela den ikusteko gu laguntzen saiatzen gara. Aholkularitza egiten dugu. Enpresari dokumentazioa eskatzen diogu eta, ondoren, gomendio batzuk ematen ditugu.

Beraz, izanen duzuen egoitzatik edozein langile, enpresa edo sindikatu pasa ahal izango da?
Hori da ideia. Guretako garrantzitsuagoa da jarduera kolektiboak egitea, jende gehiagorengana iristen zarelako. Baina, jakina, asmoa leku finko batean egotea da, eta jendea hara joan ahal izateko eta beraien kezken berri emateko.

Tafallan sindikatuekin zer harreman izan duzue? Eta zer espero duzue hemen?
Guk sindikatuekin etengabeko harremanetan gaude. Beraien kezkak jakinarazten dizkigute, eta guk jarduera asko egiten ditugu sektore guztietan. Beraz, komunikazioa ona izatea espero dugu. Inoiz ez dugu harreman txarrik izan ez sindikatuekin, ez langileekin, ez enpresaburuekin.

"Osasun etxeko langileei azalduko diegu zer den institutua, zer egiten dugun eta nola lagun diezaiekegun"

Osasun etxetan enpresetako lan arriskuen prebentzioa lantzeko, zer eginen duzue?
Osasun etxe bakoitzeko prestakuntza arduradunarekin jardunaldi bat hitzartzen dugu. Eta osasun etxeko langileei azalduko diegu zer den institutua, zer egiten dugun eta nola lagun diezaiekegun. Guk egiten dugunaren oinarrizko kontzeptu batzuk ezagutzera ematen dizkiegu, eta gurekin harremanetan jartzeko kontaktua utziko dugu. Adi egon behar dugu kontsultak arin samar erantzuteko eta beraien eguneroko lanean laguntzeko. Esaterako, Tafallan bost osasun etxeetatik laura joan gara eta hurrengoa hitzartuta dago. Ideia bera dugu hemen.

Noiz ezarriko da proiektu pilotua?
Toki bila gabiltza. Ahalik eta lasterren. Orain egoera aztertzen ari gara, enpresak ezagutzen ditugu, zer motakoak diren, langileak, zer nolako banaketa dagoen. Plangintza aldian gaude.

Proiektuak noiz arte iraunen du?
Tafallakoa proiektu pilotua zen. Erabaki zen Tafallan ekimenak eragina bazuen eta lagungarria bazen, beste eremutara zabalduko zela. Beraz, asmoa da proiektua Nafarroa osoan ezartzea, eta ezarrita dagoen tokian akabera datarik gabe mantendu dadila.