Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera Irurtzunen eta Iturmendin udan suteak izateko arrisku handia dago. Hori dela eta bi udalek Baso-suteen arriskuari aurre egiteko Udalaren Jarduketa Plana egin behar izan dute. Nafarroako Babes Zibileko Batzordearen aldeko txostena jaso ondoren, udalbatzek onartu zuten eta, azkenik, Babes Zibileko batzordeak haiek homologatzea onartu zuen maiatzaren 28an. Nafarroan dagoeneko 83 udalerrik dituzte suteen kontrako planak indarrean. Horien artean daude Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Iturmendi eta Altsasu.
Hurrengo pausoak
Homologazioa planak ezartzeko fasearen aurreneko pausoa da. Fase horrek lau neurri mota jasotzen ditu, baso suteek edo interfaze suteek eragindako larrialdi egoeretan biztanleei, azpiegiturei eta ondasunei eragindako eraginak murrizteko.
Lehenik suteen kontrako tokiko egitura bat ezartzen da, udalerriaren baliabide propioekin, eta, aukera egonez gero, Bat-batean Laguntzeko Taldeak sortzen dira, udal langileek eta boluntarioek osatutakoak. Talde horietako kideek baso suteetan prestakuntza espezifikoa dute. Bestetik, Baso Defentsarako Elkarteak sor daitezke herrietan. Talde horiek suebakiak, prebentzio garbiketak eta nekazaritza munduarekin lotutako beste jarduera batzuk koordinatzeaz arduratzen dira.
Bigarren neurri multzoaren helburua interfaze eremuetako erregai kopurua murriztea da. Hau da, herrietako eraikinak mendiarekin edo nekazaritzako laboreekin kontaktuan dauden eremuak kontuan hartzen dituzte eta arriskua murrizteko neurriak gomendatzen dituzte. Neurrien hirugarren multzoak materialak erostea eta herriak itzaltzeko azpiegiturak hobetzea aurreikusten du. Besteak beste, sute ahoak, bideak seinaleztatzea, eta abar
Azkenik, baso sutearen arriskuari buruzko informazioa eta prestakuntza ematen die herritarrei, bai eta baso sutearen ondoriozko larrialdietan herritarrek hartu behar dituzten autobabeserako neurriei buruzkoa ere.