Bakardade ez hautatua kontatzeko gonbidapena

Guaixe 2025eko ekainaren 4a

Irurtzundarrak plazan. ARTXIBOA

Halako egoerek inspiratzen dituzten narrazio laburren lehiaketa antolatu dute Teknoadinekok eta liburutegiek.

Mikroipuin lehiaketa deitu dute Teknoadineko proiektuak eta Lekunberriko eta Sakanako liburutegi publikoek elkarrekin. Bakardadea, zaintza, komunitatea edota zahartzaroa bizitzako etapa aberats gisa islatzen dituzten narrazio laburrak jaso nahi dituzte. Teknoadineko proiektua ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bulkatutako sare komunitarioa da, 65 urtetik gorako pertsonek bizi ditzaketen hauskortasun soziala eta bakardade egoerak prebenitzea helburu duena. Lehiaketaren bidez aipatutako gaien inguruko eztabaida, hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatu nahi dituzte. 

Testuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke eta, gehienez, 300 hitz izan behar dituzte. 16 urtetik gorakoek aurkez ditzakete lanak, bakarra. Lanak garagarrilaren 15erako aurkeztu beharko dira liburutegietan edo teknoadineko@garaian.eus e-posta helbidean. Hiru sarituk udalek antolatutako kultur jardueretarako bi sarrera irabaziko dute. Antolatzaileek dute lehiaketari buruzko informazioa.