Euskaraldiak zenbat jende bihurtu du bildumagile? Maiatzaren 25eko gaua iritsi eta etxean hor nonbait duen aurreko txapekin gorde duenik bada. Lau ariketa, lau txapa. Hasiera bat? Eta txaparekin euskara gorde ote dute? Baden bezala despistaturik oraindik ere txapa janzten duena. Edo ez dira despistatuak? Edo euskarak 365 egun dituela aldarrikatzen ari dira zuk despistatutzat dituzunak?
Txapa, txapa sinple bat, 11 egunez aparteko botereak dituela erakutsi dizun txapa soil bat. Ahoa edo belarria marraztuta duena. Txapa sare bat, adorea eman dizuna pausoa ematera eta euskaraz hitz egitera. Irri bat sortu dizun txapa, inguruan baten bat, edo batzuk ikustean. Harritu zaituena batzuengan jantzita ikustean. Poztu, eta zure euskaradunen komunitatea puztu duten txapak, euskarazko sare sozial bat eskaini dizutena, ekilibrista ez izateko, sarearekin eroso askotariko jendearekin euskaraz konektatzeko giltza eman dizun txapa. Zer ote du txapak euskara hitz egiteko distantziak txikitu dizkizula eta euskararen lurraldea handitu dizula.
Mugimendua eragin du txapak, zureak, denonak. Euskara biziberritu duzu zuk eta, momentuz, zenbatuta dauden 134.999 txapadunek. Txapa asko dira horiek, mugimendu asko. Komunitate bat irudikatu duzu, dugu, txapen bidez. Bakoitza indartsuago gara txapekin, eta elkarri eragin diogu. Zuk, nik, guk, denok. Txapatik txapara, elkar zaindu dugu, euskarazko komunitate bat sortu arte. Mundu bat, txapa bezain borobila, euskaran sartzen dela ikusi duzu, dugu. Gure lekua euskara ere badela adierazi digute ahotxapak eta belarritxapak.
Hamaika egunez bada ere talde izugarri handia izan gara, euskaraz. Beraz, merezi du txapa kentzeak? Sinbolikoki kenduz gero, jarrerari eutsiko diogu? Izanen gara aho? Izanen gara belarri? Batera eragiten segituko dugu? Euskararen erabilera handitu nahi dugu? Nola zen aurreko edizio bateko lelo hura? Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Hitzez ekiteko garaia. Elkar mugituz egingo dugu.