Maiatzaren 29an abiatu zen 62. Nafarroako Itzulia, afizionatuen mailako lasterketa ezaguna, amateur egutegian gorriz markatuta dagoen probetako bat. Casedan hasi eta Zangozan despeditzen zen etapa gorabeheratsuan (146 km) mugimendua eta ihesaldiak egon ziren hasieratik, baina helmugara 33 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera eta Rural Kutxako Ellande Larronde lapurtarra izan zen azkarrena (3:42:25), Jon Conejeroren (Electroalaavesa) eta Iker Gomez altsasuarraren (Finisher) aurretik. Iker Gomezek nafar onenaren maillot urdina jantzi zuen. Aimar Tadeo (Euskadi Fundazioa) 110. sartu zen, 15:18ra.
Iker Gomezek azaldu du Nafarroako Itzulia "etxeko proba" dela. "Helburua gerra ematea da, irabaztea" nabarmendu du.
Gaur, maiatzaren 30ean, bigarren etapa jokatuko da, Iruñea eta Tafalla artean (138,8 km). Hirugarren mailako Girgillano, bitan, Añorbe eta Arradia gainak gainditu beharko dituzte ibilbide gorabeheratsuan.
Azken etapa Sakanan erabakiko da
Nafarroako Itzuliko hirugarren eta azken etapa, probako etapa gogorrena, Aldatzen hasi eta Egiarretako Itxasperrin despedituko da maiatzaren 31n, larunbatean. 13:29ean abiatuko da, eta Irurtzundik sartuta (13:44), Etxarri Aranatzeraino joango da (14:13), lehen mailako Lizarragako portua igotzeko (14:22). Ondoren Lezaun aldean ibiliko da eta bigarren mailako Genbe gainditu eta gero, Anozetik Errotzera sartuko da (15:57), eta Urritzolatik (16:00) zuzenean Uharte Arakilera joko du (16:18), kategoria bereziko Aralarko San Migel portua igotzeko (16:32). Baraibartik Oderitzera joko du, eta hirugarren mailako Zuarrarrate jaitsi eta gero, Egiarretako Itxasperrin bukatuko da Nafarroako Itzulia.