Txapelketa ofizialak alde batera utzita, udako torneoak abian dira. San Fermin festak ate joka daudela, sanferminetako lau eta erdiko torneoa ekainaren 20an hasiko da, Etxarri Aranatzen. Bertan Baiko adarreko final hamaseirenak egongo dira jokoan. Joanes Bakaikoa herriko pilotariak Agirre izango du aurkari, eta Zubizarretak Senar. Bi irabazleek A multzoko final zortzirena jokatuko dute ekainaren 22an, Zaldibarren.
Beste final zortzirenean Jakak Larrazabal izango du aurkari, ekainaren 21ean Muskizen. Garaileek final laurdenetan zerrendaburuak izango dituzte zain, Artola eta Peña II.a. Finalerdiak Donostian jokatuko dira, uztailaren 4an, eta pilotari onena uztailaren 7an Aspeko adarreko pilotari onenaren kontra lehiatuko da Nafarroa Arenan.
Ezkurdia, Aspeko zerrendaburu
Asperen adarrean Joseba Ezkurdia dugu ordezkari sakandarra. Arbizuarra zerrendaburua izango da, Jokin Altunarekin batera. Altuna da egungo txapelduna eta bere bosgarren titulua litzatekeena lortu nahiko luke. Ezkurdiak, aldiz, bakarra du, 2022koa, eta bigarrena lortzeko borrokatuko da.
Dariok eta Egiguren V.ak irekiko dute lehia ekainaren 20an, Urrestillan. Ekainaren 21ean Elordi eta Salaberria aurrez aurre ariko dira Berañainen, eta ekainaren 24an Peio Etxeberriak Berañaingo garailea izango du aurkari, Eibarren. Egun berean Zabalak Urrestillako irabazlea, Dario edo Egiguren, izango du arerio Seguran. Ondoren sartuko dira lehian zerrendaburuak. Joseba Ezkurdiak ekainaren 28an Eibarko irabazlearen kontra jokatuko du Sopelan, eta egun bat beranduago Altunak Segurako irabazlea izango du aurkari. Ondoren bi irabazleek finalerdiak jokatuko dituzte uztailaren 4an, Donostian, eta onenak uztailaren 7ko final handia jokatuko du Baikoko hautagaiaren kontra.