Gutuna

Zerbitzuak eta eskubideak galtzen jarraitzen dugu...

Asier Arrizabalaga 2025ko eka. 9a, 09:00

Ziur aski, udaleko eremu guztien kudeaketaz hitz egin edo eztabaidatu ahal izango genuke. Gaur, Altsasuko mendiari eta horren kudeaketari buruz hitz egitera nator, larre komunalen banaketa duela gutxi izan baitzen. Hortik hasiko naiz. Banaketa horretan, larre komunalak abeltzain eskatzaileen artean banatzen dira, eta, oraingoan, larre guztiak ATP edo Nekazari Nagusiei banatu zaizkie. Legezko figura horrek nekazari profesional bat izendatzen du, gutxienez errenta guztiaren % 50 nekazaritza-jardueretatik lortzen du, eta lan-denbora gehiena jarduera horietara bideratzen du.

Ez dut zalantzan jartzen komunal gehienak abeltzain profesionalek jaso behar dituztenik, baina ez dugu ahaztu behar sektore hori galtzeko arriskuan dagoela eta ekintza horiekin ez zaiola hazten uzten atzetik datorren inori. Abeltzain handiak gero eta handiagoak izango dira nekazaritza tradizionalarekin amaitu arte. Hori hobetu liteke larreak sortuz edo komunal askeak eginez, benetako komunal libreak eginez, ez Azunzarte eta Zezenaga bezala, non ez diren ezta ahuntzak ere sartzen sasitza bat delako.

Larreen gaia alde batera utzita, mendian arreta jarri nahi dut, baso aprobetxamenduaren inguruan. Gure udalak urtero ateratzen ditu egur eta zur tonak gure mendietatik, baso antolamendu planei jarraituz. Plan horiek mendi baten edo mendi multzo baten analisi eta azterketa jasotzen duten dokumentu teknikoak dira eta bertan kudeaketa proposamena jasotzen dute. Ustiapen horietarako kontratuak sinatzen dira bere baldintza-agiriekin, fidantzekin eta abarrekin. Udalak legez mozketatik lortutako diru-sarreren % 20a inbertitzeko betebeharra du. Baina, non inbertitzen da? Kobratutako fidantzak non gastatzen dira? Argi dago mendietako mozketak onuragarriak direla guztiontzat, gure etxeen atzean dauden baliabide berdeentzat, baina ez du balio ateratzea eta ateratzea bakarrik, horietan berriz ezer gastatu gabe, hala nola, pistak konpontzen, belar-sastrakak kentzen, basoak-berritzen, etab.

Hitz egin nahi dudan azken gauza, etxerako egur sortak edo epaitzak dira. Hain kulturala, tradizionala eta solidarioa zen zerbait, herriaren egurra herriarentzat erabiltzea, gure etxeak berotzeko modu eraginkorra, ekologikoa, iraunkorra eta bizitza osoan egin dena. Orain, udalak lote- sistema aldatu du, enpresa baten bitartez egitearen inposaketa ezarriz. Ondorioz, loteen prezioa garestitu da, eta loteen kopurua 50era murriztu dute, orain arte 150 lote banatu direnean. Hori guztia inolako argudio onargarririk gabe, eta, gainera, udal-bandoa amaitzeko aipatzen da lote sistema berria interesatzen ez zaionari zuhaitz eroriak bila ditzala, hau da, nola edo hala egurra bere kabuz bilatzeko.

Ondorioz, eskubideak eta zerbitzuak galtzen jarraitzen dugu Altsasuko herrian.