Astekaria

"Gure bizitza kontatzea eta erakustea nahi genuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko ekainaren 11

Asier Mendinueta eta Willy Torres argazkilariak. UTZITAKOA

Asier Mendinueta eta Willy Torres argazkilariek 'Txutxumutxutxukun' argazki erakusketa egin zuten Iruñeko Arte Eskolan, maiatzan. Haien inguruko jendea islatu dute; hiriburuko "eszena alternatiboa".

"Jende gehienak ez zuen ezta izenburua irakurtzeko esfortzurik egin, eta hori zen ideia, txorakeri horrekin jolastea. Euskaraz zentzua badu: Txumutxu eta txukun; kontraesan bat da. Gure erakusketa kontraesan bat da". Txutxumutxutxukun deitzen da Asier Mendinueta arbizuarrak (@asierhacefotos) eta Willy Torres ziordiar-olaztiarrak (@Willy.tl) Iruñeko Arte Eskolan egin zuten erakusketa. Artearen barruan mugitzen den kontzeptualismotik eta konbentzialismoetatik urrundu nahi izan zuten; helburu nagusia haien ingurua erakustea zen. Biek Arte Eskolako goi mailako proiektu hoberenaren saria jaso zuten, Torresek Impersonal lanarekin (2024) eta Mendinuetak La Elegante Belleza De La Humilde Simplicidad lanarekin (2022). Eskolan ez zuten kointziditu, baina bizipen pertsonalek eta sormen interesek elkartzera eta argazkilaritzari buruz hausnartzera eraman dituzte.

Nola sortu zen erakusketa?

"Zerbait ez hain intentsoa egiteko beharratik sortu zen"
ASIER MENDINUETA

Asier. Zerbait ez hain intentsoa egiteko beharratik sortu zen. Badirudi erakusketa bat izan beharko dela oso kontzeptuala, pretentziosoa... Kontrakoa egin nahi genuen. Gure bizitza erakustea eta kontatzea; gure lagunak eta tokiak. Argazki gehienak parranda giroan eginak daude. Arte Eskolak aretoa eskaini zigun eta gure artxiboarekin zerbait egin nahi genuen. Hortik sortu zen gure jendearen erretratua nahastu eta biltzea. 
Willy. Biok aurretik eskolan erakusketak egin ditugu, bakoitzak bere aldetik (Torres Insomnia eta Mendinueta A Donde Vas), eta eskolak gure lana ezagutzen zuen. Orduan, zerbait ikusi nahi zuten; zerbait desberdina. Elkartu ginen eta pentsatu genuen: "Zer egingo dugu?". Pixka bat gure bizitza kontatu, besterik gabe. Ezer gehiago izateko inolako espektatibekin. 
A. Bukatu genuen Iruñeko eszena alternatiboa islatzen. Gure bizitza dena. Iruñean oinarritu genuen, hango jendea elkartu nahi genuen eta geografia horretan kokatu genuen. 
W. Alternatiboak, musikariak, jende arraroa... Pixka bat denetarik. 

Nolakoa izan zen sortze prozesua? 

"Amankomunean lagun asko ditugu; alternatiboak, musikariak..."
WILLY TORRES

W. Nire etxean egin genuen. Iritsi ginen eta esan genuen: gure jendea eta inguru erakutsi nahi dugu. Argazkiak txikian inprimitu nituen eta mahaiaren gainean jarri genituen. "Nola nahastuko dugu hau? Nola erlazionatuko ditugu gure bizitzak?". Azkenean, amankomunean lagun asko ditugu, ez goaz toki berdinetara, baina bai jende berdinarekin elkartzen gara. Orduan, hemendik eta handik elkartzen hasi ginen eta hari arraro bat sortu genuen. 
A. Willyk eta nik egiten ditugun argazkiak oso desberdinak dira. Zaila izan zen erdipuntu hori bilatzea. 

Nolakoak dira zuen argazkiak? 
A. Orain nagoen puntuan sekulako kontrastea bilatzen dut; argazki zikinak, soinu askorekin, kontrastea askotan eskuetatik joaten zait... Nahita eta nahigabe. Nire erreferenteen ondorioa da. Kontrastea Daido Moriyama argazkilari japoniarretik heldu zait. Argazki mugituak, borrosoak, sekulako kontrastearekin eta abar ditu, eta niri horrek asko mugitzen dit. Duela bi urte inguru hasi nintzen argazki oso mugituak eta zikinak egiten. Sentitzen dut gauzak ikusten ditudan moduan direla; ez dira gauza lasaiak. Batzuetan egiten ditut, bai, baina normalean kontrastea oso garrantzitsua den puntu batean bukatzen dut. Ez dira txuri beltzak. Edo txuriak edo beltzak. 
W. Nire kasuan nire argazkiak intimoagoak dira. Lagunak, bikotekideak, senideak eta abar eszena oso lasaietan hartzen ditut. Izan daiteke taberna batean, eszena intimo batean... Erreferente bezala Nan Goldin hartzen nuen askotan haren argazkien intimitateagatik. Laranja koloreak ematen dizkiet eta saiatzen naiz zahar itxura ematen ere. Nostalgia ukitu bat ematea. Beti kamera gainean eramaten dut, gehiagotan egin beharko genuke, orduan saiatzen naiz jendea erretratatzen. 

Zenbat argazkiz osatzen zen erakusketa? 
A. 50 argazki inguru. 
W. Bazeuden argazki oso txikiak, eta gero oso handiak. 
A. Gustatzen zaigu hormekin konposatzea ere, eta haren bidez beste istorio bat kontatzea. Egin dezakegu argazki bat hiru metrokoa eta gero ondoan hiru zentrimetroko bat. 

Nor ateratzen da argazkietan? 
A. Gure lagunak eta eguneroko jendea. Nire kasuan Iruñeko drag eszenan asko mugitzen naiz: Albina Stardust Euskal Herrian ezaguna dena eta erakusketan pare bat argazki zituen, gero Danel Galdaera bere bikotekidea eta nire lagun mina... Iruñeko eszena alternatiboa. Bertan jende dezente mugitzen da; badago jende ezaguna eta ezezagunagoa dena. 
W. Asierrenak agian ezagunagoak dira. Nire ingurukoak ez dira hain ezagunak; batzuk interpretazioaren mundua hasten ari dira, beste batzuk musikariak dira, baita eguneroko jendea ateratzen da ere. Pertsonalki gonbidatu genituen mustutze ekitaldirako. Giro jakin bat sortu nahi genuen. 
A. Denak elkartzea eta murgiltzea nahi genuen. Gaur egun artearekin arazo bat dago, ez baitaude espazio gehiegi artea erakusteko; jende gazteari artea erakusteko. Nahi genuen espazio bat jendea murgiltzeko eta denak elkartzeko eta ongi pasatzeko. Erakusketaren helburua da gure bizitzako jendea elkartzea eta ongi pasatzea. 

"Kuadrilla majo bat bildu ginen; etxean sentitu nintzen"
WILLY TORRES

W. Kuadrilla majo bat bildu ginen. Zinema zuzendariak, ikasleak, aktoreak, musikariak... Etxean bezala sentitu nintzen. Hau guztia Arte Eskolari esker izan zen nahi genuen guztia utzi zigutelako. Ondoren, after party bat egin genuen. 

Erakusketa bat baino gehiago da. 
A. Bai, hori zen ideia, eta neurri batean lortu genuen. Gure ideia da honekin jarraitzea eta kontzeptu hau gehiago esploratzea. Berrelikatzen den proiektu bat izatea. Erakusketaren mustutzean etengabe argazkiak ateratzen egon ginen, eta argazki horiek hurrengo erakusketan aterako dira. Bukle bat da. 

Zein da hurrengo urratsa? 
A. Erakusketa mugitzea gustatuko litzaiguke. Beste zerbait egitea. Gatazka hori badago; tokiaren arabera erakusketa berdina mantentzea edo beste zerbait egin? Sakanara ekartzen badugu, agian Iruñeko jendea erakustea ez da hain harrigarria. 
W. Bertako jendearekin izan beharko da. Erakusketa kontzeptu berdina, baina edukia guztiz desberdina. 
A. Guretako gauzak kaleratzeko plataforma bat da. Erakusteko, erakusketak egiten probatzeko, mugitzeko eta jendea mugitzeko ere. Liburuxka bat egin dezakegu ere, ez da zertan erakusketa izan behar. Beste formatu bat izan daiteke; proiektua berrelikatzea. 

Proiektu gehiago dituzue buruan? 
A. Pixelian zinema ikastaroak egiten egon naiz, eta ideia da film laburrak egitea. Mundu oso desberdina da; badirudi antzekoak direla, baina ez. Oraintxe dokumental batean lanean ari naiz, nire kabuz, 25 minutu deitzen dena, Kenai Alkazarren SUPERSTARS liburuan oinarrituta. Irailean kaleratzeko ideia dut. Momentuz, produkzio guztia nik eramaten dut, baina ekoizle eta banatzaile bila nabil. 
W. Nik ez dut denbora askorik izan. Erakusketarekin egon naiz eta aldi berean unibertsitateko azterketarako ikasten egon naiz. Erakusketaren inguruan jarraituko dut; liburu bat, fanzine bat... Horrelako zerbait. 

Zergatik argazkilaritza? 
W. Pandemian hartu nuen lehenengo aldiz kamera bat. Nire familian aurretik ez zuten inoiz kamerarik izan. Pandemian ezer egin gabe, aspertuta eta abar nengoenez, kamera bat oparitu zidaten. Batxilergoa ikasten ari nintzen, eta konturatu nintzen argazkiak ateratzea gustatzen zitzaidala. Gogoratzearen behar hori; momentuak ez ahazteko nahi hori. Orduan, banekien Iruñean Arte Eskola zegoela, eta informazioa bilatu nuen, eta izena eman nuen. Familian hasieran... Bueno, gero beste zerbait ikasteko esan zidaten. Baina orain pozten dira. Iruñeko mundu sortzailearekin harremana izaten hasi nintzen, eta primeran. Oroitzeko behar horretatik; oroitzapenak gordetzeko nahia. Oso nostalgikoa naiz. 
A. Andra Mari ikastolan ikasi nuen, eta gogoratzen dut bukatu nuenean kontrakoa egin nahi nuela. Mundu guztiaren kontra joan nintzen. Niri bideoak editatzea betidanik gustatu izan zait, eta uste nuen informatika zela gustatzen zitzaidana. Buruari mila buelta eman nizkion eta Arte Eskolan bukatu nuen. Bakarrik joan nintzen; ordurarte Sakanakoa eta ikastolakoa besterik ez nuen ezagutzen, eta bertan bakarrik nengoen. Gustatu zitzaidan. Batxilergoa egin nuen, eta berriro krisia zer egingo ote nuen. Bigarren mailan argazkilaritza ikasgaia egin nuen, eta hortik joatea erabaki nuen, hutsetik ez hasteko. Argazkilaritzan klik bat egin nuen sekulako lanak egiten hasi nintzelako; oso gustura nengoen. Nire tokia aurkitu nuen nolabait. Urteekin sentitu dut txikitan familiako argazkilaria izan naizela; argazkilaritza uste baino askoz presenteago egon da. 

Zer kamera erabiltzen duzue? 
A. Biondako kamerak ez du garrantzi handirik. Marken negazionistak gara.