Larunbateko mobilizazioarekin Gure Eskuk "euskal nazioari bulkada eman, burujabetzaren bidean pauso berriak egin eta erabakitze eskubidea gauzatzen hasi" nahi du. Manifestazioa Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean eginen da. Gure Eskuko bozeramaile Jos Etxaburuk esan duenez, "euskal lurraldeen arteko artikulazioan eta burujabetza osoaren bidean funtsezko pausoak egiteko aukera eman dezaketen prozesu eta eztabaidak zabalik daude".
Etxabururen iritziz, "aukera hori aprobetxatu behar dugu; anbizioz eta herri ikuspegiaz jokatu behar dugu denok". Testuinguru horretan, herritarren bultzadaren ekarpena egin nahi du larunbateko mobilizazio nazionalak: "ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe. Eta herri aktibazioa ezinbestekoa izango da, herri gisa aurrera egingo badugu". Horregatik La Casillan espero dituzte euskal herritar guztiak.
Mobilizazioarekin ere irudi bat bilatu nahi duela adierazi dute Gure Eskuko kideek: Bilboko Autonomia kalea ikurrinez beteta ikustea. Horregatik, herritarrei mobilizaziora ikurrina eramateko deia egin diete. "Autonomia kalea ikurrinen kalea izango da larunbatean”, azaldu du Mirian Campos Gure Eskuko kideak. "Larunbatekoa herri agerraldi bat izango da. Herri-selfie bat egingo dugu, eta munduak garen modukoak bezala ikusiko gaitu: herri anitz bat, bere hizkuntzaz eta kulturaz harro dagoena, bere ikurrak maite dituena", nabarmendu du Camposek. Manifestazioaz aparte, egun osorako egitarau zabala prestatu du Gure Eskuk Bilboko hainbat tokitan.