Ardirik gabeko artzainak utzi gaitu

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko eka. 9a, 10:45

Jose Mari Ustarroz Razkin, atzean Aralar Mendi elkartea duela. Artxiboa

Emaztea eta hiru alaba zituen. Uharte Arakilgo Artzain Eguneko antolatzaileetako bat, Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko presidentea urtetan eta Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako burua izan zen.

Oraindik ere egiteko asko zituela, Jose Mari Ustarroz Razkin maiatzaren 29an hil zen. 1936ko estatu kolpearen ondoren errepresioa pairatu zuen gizon baten semea zen. Bere aitak Bilbo-Miranda trenbidean lan istripua izan zuen 24 urterekin eta hanka moztu zuen. Beasainen bizargin ogibidea ikasi eta Uhartera bueltatu zen. Alkateak almintea izendatu zuen, baina estatu kolpearen ondorengo egunean lanik gabe utzi zuten. Gatazka hura bukatu zen urtean, 1939an, munduratu zen Jose Mari Ustarroz Razkin. Gerrako miseriak bi anai-arreba hil zizkion. Miseria gorriko giro hartan Ustarroz 6 urterekin hasi zen aita laguntzen. 

Lehengusina baten bidez jakin zuten Aralarko kaperau Inozenzio Aierbe eliz mutil baten bila zebilela. Gurasoek pentsatu zuten han ongi elikatuko zutela, eta herrian baino gehiago ikasiko zuela. Eta 11 urte zituela mendian gora bidali zuten. Zazpi urte eta erdi emanen zituen han. Han eskolak hartu, liburutegi ederraz gozatu, korrespondentzia bidez mekanografia ikasi eta denetarik egiten ikasi zuen. Baita gazta egiten ere. 1958ko otsailaren 2an, 16 urte zituela, elurte handi baten ondoren Uztegiko bi artzain menditik erreskatatu zituztenetako bat izan zen ubertearra. Santutegia izan zezaken eskolarik onena zela uste zuen ubertearrak. 

Ama gaixotu zen eta hura zaintzera herrira jaitsi zen. Baina Aralarko santutegiarekin lotura betirako egina zuen Ustarrozek. Gerora etxetik gertu zuen torlojugintza enpresa batean lanean hasi zen. Enpresak martxa ona hartu zuen eta salmenta arduradun izendatu zuten, atzerrian saltzen aritu zen. 45 urte eman zituen enpresan.  

Santutegiarekin lotura ez zuen sekula galduko. Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradia berez, X. mendekoa da. XX. mende hasieran berpizten saiatu ziren, baina Aierbe eta Ustarroz tandema izan zen estatutuak berritu zituztenak eta dena martxan jarri zutenak. 1999an izan zen, eta hasieratik Ustarroz presidentea izan zen, hil arte. Lotura horren adierazleetako bat da duela lau aste arte mezamutil lana egin zuela elizkizunetan. 

Herrian 
Oñatiar mendizale batzuen eskutik izan zuten artzain txakurren lehiaketen berri. Uharte Arakilen aurrena egiteko guztia prest zuten, baina 1961eko irailaren 17ko goizaldean sute batek herriko etxeen laurdena erre zituen. 1968ra arte itxaron behar izan zuten ideia hura gauzatzeko. Orduan antolatzailea Aralar Mendi elkartea izan zen. Estatutuak urte hartan adostu eta 69ko ilbeltzean onartu zizkieten. Elkartearekin batera sortu zuten odol emaileen Uharte Arakilgo delegazioa eta haren buru izan zen Ustarroz. Frankismoko azken bi legegintzaldietan ere udalean izan zen.   

1979ko lastailaren 25ean min handia hartu zuen Erik belgikarrak Aralarko erretaula lapurtu zuenean. Min hori Nafarroako Gobernuak berritu zion 2006an erretaula Iruñeko Baluarten antolatu zuen erakusketa baterako eraman zuenean. 

Artzainek ekoizten zuten gaztari balioa aitortzeko gazten txapelketa antolatzen hasi ziren Aralar Mendikoak 1982an. Ondoren etorri ziren latxa ardien esne ekoizpen errendimenduko lehiaketa 1984an, ardi motzaileen txapelketa 1988an eta ardiki lehiaketa 1995ean, Artzain Eguneko egitaraua luzatu zutenak. Nafarroako Gobernuak Artzain Eguna Turismo Intereseko Festa izendatu zuen 2012an eta 2017an Aralar Mendi elkarteak eguna antolatzeagatik Karlos III. Noblearen Gurutzea jaso zuen. 

Idiazabal Gazta Jatorri Izendapena 1987an sortu zen. Haren presidentea izan zen 17 urtez, 2004tik 2021era.