Udalak hurrengo ikasturteko ikastaro eskaintza egin du

Guaixe 2025eko ekainaren 9a

Lizerratarrak kontzeju etxe parean. ARTXIBOA

Lau ikastaro dira eta izen ematea dagoeneko zabalik dago. 

Heldu den ikasturterako, lastailetik apirila bitartean, Ergoienako Udalak lau ikastaro antolatu ditu. Yoga 1 izeneko ikastaroa asteazken eta ostiraletan eginen da 16:30etik 18:00etara. Yoga 2 ikastaroa astelehenetan izanen da, 16:30etik 18:00etara. Bietan ere gehienez 15 pertsona onartuko dira, baina aurrenekoaren izen ematea 80 eurokoa da eta atzenekoarena 70 euro. Hipopresiboak ikastaroa ostiraletan izanen da, 18:15etik 19:45era. Hilean hiru egunez eginen da ikastaro hori eta gehienez 18 pertsona onartuko dituzte. Izena emateagatik 100 euro ordaindu beharko dira. Azkenik, eskulan tailerra dago, ostegunetan 15:45etik 17:15era dena. Gehienez hamar pertsonek eman dezakete izena, eta horregatik 50 euro ordaindu beharko dituzte. 

Izen ematea garilaren 20ra arte zabalik egonen da. Horretarako udaletxetik pasa edo info@ergoiena.com e-posta helbidera mezua bidali behar da. 

Udalak jakinarazi duenez, izen emateen arabera erabakiko da saioak non egin. Bestalde, ergoendarrek beste ikastaro batzuk proposatzeko aukera eman du udalak, beti ere baldintza batekin: gutxienez bost pertsonek izena eman behar dute. Azkenik, udalak ohartarazi duenez, "ikastaro bakoitza antolatzeak gastu handia dakar, are gehiago ez badira behar bezala aprobetxatzen. Horregatik, ikastaroetan aktiboki parte hartzera animatu nahi zaituztegu, heldu diren urteetan ere eskaintzen jarraitu ahal izateko".