Auto berriztagarria, Elhuyar saritik Bartzelonara

Guaixe 2025eko ekainaren 11

Jon, Julen eta Ekhi Elhuyarren Bilboko zientzia azokan. UTZITAKOA

Andra Mari ikastolako Ekhi Perez Sanzol, Julen Ruiz de Erentxun Ganboa eta Jon Orella San Martinen auto berriztagarriak Bilboko Elhuyar Zientziako bigarren saria jaso du, eta Bartzelonako Exporecerca Jove azokara eramateko saria.

Etxarri Aranazko Andra Mari Ikastolako DBH4-ko hiru ikaslek Elhuyar Fundazioak Bilbon antolatutako Zientzia Azokan DBH3. eta 4. kategorian bigarren saria lortu dute. Ekhi Perez Sanzol, Julen Ruiz de Erentxun Ganboa eta Jon Orella San Martinek eraikitako “auto berriztagarria” proiekturik hoberenen artean hautatua izan zen, eta Elhuyar bigarren saria lortzeaz gain, Bartzelonako Exporecerca Jove Azokan aurkeztuko dute.

Andra Mari Ikastolako ikasleek bi proiektu aurkeztu zituzten apirilean Baluarten Elhuyar
Fundazioak antolatutako zientzia eta teknologia azokan. Tartean zegoen hirukotearen auto berriztagarria. Ondoren, aurreko asteburuan Bilboko Areatzan antolatutako Elhuyar azokan beren proiektua aurkeztea erabaki zuten. Azokan, lau egunetan zehar 12-18 urteko 640 gaztek 160 STEAM proiektu desberdin aurkeztu zituzten, hiru kategoria desberdinetan. Azokak gazteen artean kultura zientifiko-teknologikoa bultzatzen du. Proiektuak garatu ahal izateko fundazioak ia-ia 100 ikerlari eta hainbat unibertsitate eta ikerketa zentroren laguntza eta inplikazioa jaso ditu. Azokak Euskal Herriko 60 ikastetxeren parte-hartzeaz gain, Estatu zein Estatutik kanpoko beste zientzia azoken irabazleen presentzia izan du.

Auto berriztagarria
Ekhi Perezek, Julen Ruiz de Erentxunek eta Jon Orellak aurkeztutako proiektua beraiek eraikitako auto berriztagarri bat izan da. Ikasleak arazo erreal batetik abiatu ziren: ohiko autoek asko kutsatzen dutela, eta ibilgailu elektrikoek aldiz, autonomia gutxiegi daukatela. Euren ideia auto autonomo bat egitea izan da, energia iturri propioa duena. Horretarako, autoak eguzki plakak ditu eta sortutako energia bateria batean biltzen du, autonomia izan dezan. Gurpil bakoitzean motore independente bat dauka. Xasisa 3D inprimagailu batekin egin zuten. Ibilgailuak aurrean eta atzean sentsoreak ditu, oztopoekin talka ez egiteko. Autoa telefonotik aplikazio baten bitartez kontrolatzen da, eta, horretarako, programazioa eta elektronika landu behar izan dute, proiektua garatzeko. 

Hiru irakasleek proiektua aurrera eraman badute ere, NUPeko ikerlari Carlos de la Cruzen eta Irurtzungo Saprem enpresaren aholkuak jaso dituzte. Proiektua garatzeko, bidean topatu dituzten arazoei aurre egiteko eta hobekuntzak inplementatzeko ikasleek beraien ekintzailetasuna, erabakitzeko ahalmena eta era kooperatiboan lan egiteko gaitasuna erakutsi behar izan dituzte, eta eurendako esperientzia “oso aberasgarria” izan da. Elhuyar DBH 3-4ko kategorian eskuratutako bigarren sariak, gainera, heldu den urtean beraien proiektua Bartzelonako Exporecerca Jove azokan aurkezteko eta defendatzeko aukera eman die.