ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuok Hego Euskal Herriko langileendako gutxieneko soldata propio bat lortzeko prozesua martxan dute. Sei sindikatuetatik azaldu dutenez, "gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa da, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten du eta legezko lan baldintzak baino hobeak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bulkatzen du. Horregatik behar dugu euskal langileen beharren araberako gutxieneko soldata ezartzea".
Aipatu sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren datu bat gogorarazi dute: 2022an urtean 19.848 euro behar ziren "nahikotasunez" bizi ahal izateko. "Nafarroan etxebizitzaren prezioa %26 hazi da, eta alokairuarena, %46. Espainiako gutxieneko soldata 2025ean 16.576 eurokoa da (1.184 euro 14 ordainsaritan) eta, beraz, ez du balio langileak pobreziatik ateratzeko eta aberastasuna banatzeko", azaldu dute sei sindikatuetako kideek. Datu gehiago ere eman dituzte: "Hego Euskal Herriaren antzeko aberastasuna sortzen den herrialdeetan langileendako gutxieneko soldata askoz handiagoa zen 2024an (12 ordainsaritan): Alemanian 2.054 euro, Frantzian 1.766,9, Britainia Handian 2.230,9, Belgikan 2.070,5, Luxenburgon 2.570,9, Herbereetan 2.134,1, Irlandan 2.134,1 edo Islandian 2.493,2.
Ziurtatu dutenez, "langile guztiei" eragiten die gutxieneko soldataren igoera: "lan prekarioenak pairatzen dituzten langileen soldata zuzenean igotzen da, bereziki emakumeena, pertsona migratuena, aniztasun funtzionala dutenena eta gazteena. Hego Euskal Herrian 300,000 langileri eragingo lieke igoerak. Baina gutxieneko soldata igotzen denean langile guztien soldata hobetzeko presioa sortzen da". Sei sindikatuetako ordezkariek gaztigatu dutenez, "badira hainbat estatu bere barnean gutxieneko soldata desberdinak dituztenak, esate baterako: Indonesia, Kanada, Amerikako Estatu Batuak, Japonia, Errusia, Brasil edo Alemania".
Deia
Seiko sindikalak nabarmendu duenez, " Espainian gutxieneko soldatak oso baxua izaten jarraituko du; enpresak inoizko irabazi handienak pilatzen ari direnean eta bien bitartean oinarrizko ondasunen prezioa izugarri garestitzen ari denean (etxebizitza, gasolina, elikagaiak...). Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko gutxieneko soldata hemen erabaki behar dugu", azpimarratu dute.
Gaineratu dutenez, "Hego Euskal Herriko langileek sarritan erakutsi dute borondate berezitu bat, hauteskunde sindikaletan esaterako. Era berean, Hego Euskal Herriko langileak dira mobilizazio eta greba gehien antolatzen dituztenak. Bestetik, horri erantsi behar zaio Hego Euskal Herriko langileek pairatzen duten bizitzaren garestitzea handiagoa dela. Zentzu horretan, gutxieneko soldataren aldeko borroka lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa izango litzateke, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez".
Bi bide daude gutxieneko soldata propioa lortzeko. Bata da sindikatuen eta Patronalaren arteko lanbidearteko akordioa, negoziazio mahaian adosten den irismen eta kopuruarekin. Bestea, berriz, herri ekimen legegilearen bidez Langileen Estatutua alda daiteke, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Estatukoaren gainetik legokeen gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten. Dagoeneko sinadurak biltzen hasi dira.