Ekainaren 20an, ostirala, 19:30ean, Etorkizuna dantza taldeak XUT dantza ikuskizunaren emanaldia eginen du, Iortia kultur gunean. Sinopsian azaltzen denez, "gure hizkuntza lau gauza desberdin izendatzeko hitz bakar bat erabildezakegu eta, aldi berean, gauza bakar bat izendatu lau hitz desberdin erabiliz". Horietako hitz bat XUT da, "zutik"; hitz horrekin euskal dantzak "bizirik diharudela" aldarrikatu nahi du dantza taldeak. "Tradizioari esker, berrikuntzari esker... Gakoa, biak nola uztartu ikuskizun batean, dantzak izan duen bilakaera isladatuz". Ikuskizunaren zuzendari artistikoa Iñaki Agirre da Etorkizuna dantza taldeko eta euskal dantza eskolako irakaslea eta koreografoa, jantzigintza Maddi Beltzak egin du, eta dantzariak Etorkizuna dantza taldeko kideak dira. Sarrerak bost eurotan eros daitezke, Iortia kultur gunearen webgunean edo txarteldegian.
Euskal dantzak
Euskal dantzak eta berrikuntza izan dira ere Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako euskaldantza eskolako ikasleen ikasturteko amaierako ikuskizunean erakutsi dutena. Maiatzaren 30ean, sei eta hamalau urte bitarteko dantzari taldeen emanaldia izan zen, eta bertan euskal dantza tradizionalak eta koreografia berriak erakutsi zituzten. Bestetik, aurreko astean, ekainaren 6an, talde nagusien Lanabesak ofiziotik dantzara... ikuskizuna izan zen, eta bertan dantzaren bidez Euskal Herriko XX. mende hasierako edozein herritan girotutako ikuskizuna erakutsi zuten; festak, ofizioak... Ogibide bakoitzak lan tresna batekin islatuta egon zen. Agirre izan zen zuzendari artistikoa, koreografiak Agirrerenak eta Aiert Beobiderenak ziren, eta gidoia Elixabete Nosellas eta Jagoba Astizena.
Ikasturtea amaitzen doa, eta ekainaren 1ean Etorkizuna dantza taldeak Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin antolatutako Dantzari Txiki eguna ospaut zuten. Dantzariek kalejira eta emanaldiak egin zituzten herritik zehar, eta dantzaldiarekin amaitu zuten ospakizuna, plazan.