Txirrindularitza

Lizarra, emakumezkoen tropelaren bilgune

Guaixe 2025eko ekainaren 12a

Eliteak eta 23 urtez azpikoak, abiatzeko prest. MARTIN EARLY

Kadeteen eta juniorren mailako lasterketan txukun aritu ziren sakandarrak, eta eliteetan Nahia Imaz hamahirugarren sailkatu zen

Ekainaren 7an Emakumezkoen VII. Lizarrako Udala Saria Trofeoa jokatu zen, kadeteen eta juniorren mailan. 

Kadeteek 40,4 km-ko ibilbidea osatu zuten. Bi txirrindulari batera iritsi ziren helmugara, eta Teika-Aleko Carla Bañuls (1:04:27) gailendu zitzaion Lluna Jimenezi (Baix Ter). Eider Mazkiaran (Zu-k / Limousin) 95. sailkatu zen, 4:33ra. Amara Arrietak (Ecologicos Navarra-Beratxa) ezin izan zuen proba bukatu. 

Juniorrek 77,7 km izan zituzten aurretik. Baque Movistar Team taldeak kontrolatu zuen lasterketa goitik behera; talde horretako hirukote bat iritsi zen elkarrekin helmugara. Mirari Gotxi gailendu zitzaien Alejandra Neira eta Paula Ostiz taldekideei (2:04:38). Ane Berastegi (Ecologicos Navarra-Beratxa) 40. iritsi zen helmugara, 5:39ra, eta Ane Beltran de Heredia (Timac Agro) 41., 5:39ra. Siets Goikoetxeak (Ecologicos Navarra-Beratxa) ezin izan zuen proba bukatu. 

Hurrengo egunean, ekainak 8, eliteen eta 23 urtez azpikoen lasterketa jokatu zen (101,9 km), Espainiako Koparako baliagarria zena. Sophia Sammons gailendu zen (2:50:43), segika zuen taldeari 2 segundo aterata. Nahia Imaz altsasuarrak (Bassi Baix Ter) lasterketa bikaina egin zuen eta hamahirugarren sailkatu zen, minutu batera, Laia Puigdefabregasen atzetik bigarren nafarra izan eta gero.