Mendizaleen artean 2.000 manta termiko banatuko dituzte

Guaixe 2025ko eka. 19a, 10:30

Kanpainaren aurkezpena. UTZITAKOA

Babes Zibilak eta Nafarroako Mendi Kirolen Federazioak eginen du Nafarroan txangozaleak biltzen diren lekuetan. Mendiko istripu baten aurrean nola jokatu behar den prebenitzeko gomendioak eta jarraibideak biltzen dituen eskuorri bat egin dute.

Barneko Zuzendaritza Nagusiak, Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuen eta Suhiltzaileen Zerbitzuaren bitartez, eta Nafarroako Mendi Kirolen Federazioak "Manta bat motxilan" kanpaina indarrean jarri dute. Haren bidez 2.000 manta termiko banatuko dituzte Nafarroan mendizaleak biltzen diren dozena bat tokietan. Horien artean daude Aralarko guardetxea, Beriain mendia eta Lizarragako portuko gaina. Mantekin batera esku-orriak ere banatuko dituzte. Haietan istripuak prebenitzeko gomendioak eman eta gertakarietan aurrean nola jokatu behar den azaltzen da. Helburua da mendiko kirolak egiten dituzten pertsonak sentsibilizatzea beren autobabesaren beharraz, eta segurtasun-neurriak zabaltzea. Federazioko, Gurutze Gorriko, EBYSeko, DYAko eta Salbamenduko Txakurren Taldeko boluntarioak asteburuan hasi ziren banaketa egiten.  

Larrialdietako botikina eta mendiko istripuak prebenitzeko gomendioak
Egindako dokumentuan, txango guztietan botika-kutxa bat eramatearen garrantzia jasotzen da. Manta termiko bat, nekatuz gero glukosa pilulak, balizko deshidratazioaren kasuan gatz mineralak eta, muturreko nekea gertatuz gero, elikagai energetikoak izan daitezke. Gaineratu daitezke: ura edangarri bihurtzeko pilulak, eskularru esterilak, babes osoko eguzki-krema eta zinta amerikarra. Gainera, zauriak garbitu eta babesteko, ezinbestekoa da aldean antiseptikoa, serum fisiologikoa, benda konpresiboak, esparatrapuak, gasak edo tiritak eramatea, besteak beste.

Bestalde, istripuak saihesteko gomendioen artean, taldearendako egokia den jarduera bat aukeratzea gomendatzen da; ordutegiak, desnibelak eta distantziak kalkulatzea; eguraldiaren aurreikuspena kontuan hartzea eta gertukoei joan behar den lekutik abisatzea, besteak beste.
Jantziei eta ekipoei dagokienez, arropa eta oinetako egokiak erabiltzea gomendatzen da, baita txubaskeroa, kargagailua duen telefono mugikorra eta mapa, iparrorratza eta GPSa ere. Gomendatzen da, halaber, jarduera goiz hastea, taldea ez banatzea eta pertsona bat bakarrik ez uztea, eta mapak maiz kontsultatzea.

Istripurik izanez gero, nahitaezkoa da babestu, abisatu eta lagundu jokabidea jarraitzea. Lehenengo pausoa norbera babestea da, baita onik dauden gainerako pertsonak eta biktima ere, kalteak minimizatzeko. Ondoren, larrialdi-zerbitzuei hots egi eta, azkenik, biktimari lagundu, konortea duen eta arnasa hartzen duen balioetsiz, biktima ezin bada mugitu, eta, jakinez gero, bihotz-biriketako bizkortzea aplikatu.

Horretaz aparte, liburuxkak hainbat aholku ematen ditu: zaurituak erantzuten ez badu edo arnasarik hartzen ez badu nola jokatu, larrialdietara deitu badugu eta helikoptero bat agertzen bada barne-seinaleak nola egin, eta manta termikoa behar bezala nola erabili, berotan sartzeko edo eguzkitik babesteko.