Pilota

Zabaletaren Oizek eta Bakaikoaren Sollubek jokatuko dute Bizkaia Torneoaren finala

Guaixe 2025eko ekainaren 16a

Anbotok eta Oizek lehia ikusgarria izan zuten Binakakoan. BORJA GUERRERO.

Oizek Anboto kanporatu du, eta Sollubek Kolitza. Finala Bilboko Aste Nagusian jokatuko da. 

Bizkaia Pilota Torneoa maiatzaren 31n hasi zen, final laurdenekin. Final laurdenetan Kolitzak eta Oiz taldeek egin zuten aurrera, Ganekogorta eta Gorbea mendean hartu eta gero. Azken honetan jokatzen zuen Joseba Ezkurdiak, Rezustarekin bikotea osatuz, baina ezin izan zuten Zabaletaren Oizen taldea mendean hartu

Bakaikoa, primeran
Asteburuan finalerdiak jokatu ziren. Ekainaren 14an, larunbatarekin, Kolitzak Sollube izan zuen aurkari Durangon. Jakina denez, set-etan jokatzen da kanporaketa. Lau eta erdiko partidan Agirrek (Sollube) 2-1 hartu zuen mendean Zubizarreta III.a (Kolitza). Binakakoan Artolak eta Albisuk (Sollube) 1-2 galdu zuten Larrazabalen eta Mariezkurrenaren (Kolitza). Beraz, buruz buruan Joanes Bakaikoak  (Sollube) eta Senarrek (Kolitza) jokatutako partidak erabaki zuen nor sailkatuko zen finalerako. Bakaikoa maisuki aritu zen eta 2-1 hartu zuen mendean Senar. Horrela, bere taldea, Sollube sailkatu da abuztuaren 18ko final handirako. 

Martija vs Zabaleta
Beste finalerdia ekainaren 15ean, igandearekin, jokatu zen Larrabetzun. Martijaren Anbotok Zabaletaren Oiz izan zuen aurkari, eta Oiz gailendu zen. Lau eta Erdian Peio Etxeberriak (Oiz) 0-2 irabazi zion Dariori (Anboto). Binakakoan, ordea Altuna III.a-Martijak (Anboto) 2-1 irabazi zieten Elordiri eta Zabaletari (Oiz) modu ikusgarrian. Buruz Burukoak erabaki zuen, eta Aldaberi (Anboto) bi set-ak irabazita Salaberria (Oiz) izan zen txapelduna. 

Zabaletaren Oizek eta Sollubek abuztuaren 18an jokatuko dute finala, Bilboko Aste Santuan. 

Ildo honetan, polemika sortu zuen Baikok eta Aspek sakeen inguruan hartutako erabakia. Enpresek sakearen lehen botea atzeratzea erabaki dute, koadro erdia, sakeak duen “intzidentzia” kentzeko. Enpresek azaldu dute gutxika erabaki hori gainontzeko lehiaketetara eramango dutela.