Astekaria

Urbasa-Andia natur parkean txakurrak lotuta ibili behar dute

Guaixe 2025ko eka. 26a, 09:00

Urbasako aparkaleku batean jarritako kartela.

Nafarroako Gobernuak txakurrek larratzen dauden abelburuak ez erasotzeko edo ez molestatzeko hartu zuen erabakia. Urbasa-Andiako Larreen Batzordearen aspaldiko eskaera bat zen.

Nafarroako Gobernuak, erresoluzio baten bidez, Urbasa-Andia natur parkean txakurrak aske ibiltzea debekatu zuen joan zen urteko agorrilean. Foru administrazioak azaldu zuenez, Urbasa-Andiak dituen 15.820 hektareatan 40.000 abelburu inguru egoten direla larratzen, Nafarroa guztitik etorritako 350 esplotazio baino gehiagoko azienda da mendian egoten dena. Txakurrek abelburuak ez molestatzeko hartu zuen erabakia. 

Mendira azienda igotzen duten eta abeltzain profesionalak diren gehienak ordezkatzen ditu Urbasa-Andiako Larreen Batzordeak. Erakundeko ordezkariek azaldu dutenez, "urte dezente generaman aske ibiltzen ziren txakurren inguruko araudia aldatzeko eskaria egiten". Abeltzainen ordezkariek azaldu dutenez, "pandemiaz geroztik mendi ibilaldien, turismoaren, gorakada nabaritu da". Eta pertsona batzuk beraiekin batera txakurrak eramaten dituzte mendira. Beraz, mendia erabiltzen dutenen artean bi ikuspuntu daude: abeltzainena eta mendira aisialdian doazenena. 

Txakurrak mendian lotuta eramatearen garrantzia azaldu dute batzordekideek: "ganadua eta artaldeak bazkatzen ari direnean, edo abaroan daudenean, lasai egon beharra dute. Kaletik mendira etorritako txakurrak, ganadua ikusita erabat aztoratzen dira eta kalean ez dituzten jarrerak izaten dituzte. Artaldeak nahasten dituzte. Abaroan zegoen tokietatik azienda mugiarazi dute". Halako kasuak izan dira, eta txakur horien jokabide horrek ondorioak ditu: "abereei estresa eragiten die, eta abeltzainari lan gehiago jartzen dio. Esaterako, artaldea ohikoa duen larrebidetik mugitu eta bilatu behar izana edo artaldea bi edo hiru zatitan banatzea. Okerrena izaten da txakurra ardi bat edo pare batekin grinatzen denean. Ardiak artaldetik urrundu eta, ondorioz, ardiak hankak hautsita edo abortatzen bukatzen dute". Denetariko txakurrak daude. "Etxean txakur indartsuagoak eta ez hain indartsuak ditugu guk ere". Ondorioz, denetariko erasoak izaten dira, hozkadak ere. Lepoan, atzeko aldean edo errapeetan. "Horrek ardiei min fisiko handia eragiten die". 

Batzordetik azaldu dutenez, "azienda pertsonak bezalakoa da. Berdin da haur, heldu edo adindua izan. Beti esan izan da: 'bakean dagoenari bakean utzi'. Bada, aziendarekin berdin. Pertsonen behar berak ditu. Neguan, behean gaudenean, ekoizten, aziendak lasaitasuna eta bere martxa behar ditu. Udan, larratzen ari denean, gauza bera. Aske eta libre ikusten dira, baina hor eguneroko lana dago: biltzea, larre bidean ibiltzea... Bertan lanean ez gauden momentu horietan, ganadua hobekien dagoen modua da bakean eta lasai". Baina Larreen Batzordekoek ikusi zuten egoerak okerrera jo zuela. 

Aldaketa egin arte legediak zioen jabeak txakurra kontrolatuta izan behar zuela. "Baina hortik dator egon daitekeen liskar handiena", azaldu dute batzordekoek. Denok esaten dugu kontrolatuta dauzkagula txakurrak, bai ganaduzaleak eta artzainak baita gainerako pertsonek ere. Baina txakurra kontrolatua izatearen muga non dago? Denak ez dute berdin jokatzen. Batzuen kulpak denok pagatu behar. Azkenean kontrolatzeko modu bakarra lotuta eramatea da". 

Harremana
Txakurren erasoak gauez izan ezik edozein momentutan gerta daitezkeela azaldu dute batzordekideek. "Txakur jakin bat tokatzen denean gerta daiteke erasoa". Halako kasuak gertatzen direnean txakur jabeen eta abeltzainen arteko harremanak nolakoak diren galdetuta, batzordetik azaldu dutenez, "ohartu behar gara mendia denona dela, liskarrak saihestu beharra dago. Abeltzainok argi geneukan. Horregatik erresoluzioa aterarazi genuen. Abeltzainak ez gara txakurren jabeekin aurrez-aurre jarri behar dugunak. Horrek ez du zentzurik ez mendian ezta kalean ere. Muga batzuk, lege batzuk daude. Egin eta aplikatu egin behar dira". 

Hala ere, abeltzainek bizi izan dituzte halako egoerak txakur jabeekin. "Zure artaldean txakur bat ikusi eta jabeari zerbait esan behar izan diogu. Baina nor naiz ni pertsona horri ezer esateko. Horregatik erresoluzioa egon behar zuen. Beti saiatu gara liskarrik ez sortzen, elkarbizitza eta elkarlanaren alde egiten". Dagoeneko indarrean da erresoluzioa eta txakurrak lotuta joan behar dutela dio.  

Txakurrak natur parkean aske ibiltzeko erresoluzioa joan zen urteko agorrilean sartu zen indarrean, "kanpainaren erdia zen eta gobernuak ez zuen kartelik jarri. Baina aurten, apirilaren 15erako, Nafarroako Gobernuko eta natur parkeko arduradunek sarreretan kartelak jarri dituzte. Txakur askeak ikusten dira, baina, momentuz, ez da eraso handirik edo arazorik izan". 

Abeltzainek ere lanerako txakurrak erabiltzen dituzte. Haien txakurrak lotuta joan behar ote duten galdetuta, Urbasa-Andiako Larreen Batzordeko kideek esan dutenez, "argi daukagu gure txakurrek lan egin behar duten momentuan aske joan behar dutela. Gure autotik edo txabolatik ateratzen garenetik gure artaldea edo azienda dagoen tokira joaten garen bitartean, egokiena litzateke guk eskatzen duguna guk geuk egitea: txakurra lotuta eramatea". Batzordekideek argitu dutenez, "gure artaldea edo azienda dagoen tokira joaterakoan beste artalde edo behi edo behor saldoak badaude, gu gara lehenak gure txakurrak lotzen ditugunak, edo kontrolatuta eramaten ditugunak". Jakitun dira egoera zehatz horrek liskarra eragin dezakeela: "gu lanera joan bitartean txakurra kontrolatuta daramagun bitartean kaletarrei lotuta eramateko eskatzen ari garelako. Baina oso-oso zaila da artzain edo ganaduzale baten txakurra, horretan lanean dagoena, kontrola galtzea". Ez dute ukatzen gerta daitekeela, "baina gu geu gara lehenak mendira kontrola gal dezaketen txakurrak, edo txakur kumeak, eramaten ez ditugunak".  

Urbasa-Andiako Larreen Batzordeko kideek, atzera ere, mezua errepikatu nahi izan dute: "abeltzainen eta txakurrekin joaten den jendearen arteko liskarra ez sortzen saiatu behar dugu. Baizik eta ahalik eta hobekien moldatzea, eta ahalik eta elkarbizitza hoberena izaten saiatu behar gara".