Maiatzaren 30ean eta 31n, Amaia Razkin Medranok eta Olatz Azazeta Pelaezek erronka berezia osatu zuten: Baigorriko Euskal Traila. Euskal Raidek antolatutako proba berezia da, binaka jokatzen dena, egun bakoitzean 40 km-ko etapa banakoa. Ia bi maratoi jarraian dira, 80 km eta 4000 m + desnibela guztira. Lasterketa irabazi zuten, eta garrantzitsuena, ongi pasa eta leku berriak ezagutu zituzten.
Nola sortu zen Baigorriko binakako lasterketan parte hartzeko ideia?
Urrian Ultra Pirineu (100,2 km, 6550 m+) ultran parte hartzera joan nintzen Kataluniara. Olatzek ingurune hori oso ongi ezagutzen duenez, lagundu ninduen. Han geundela, Baigorriko lasterketa aipatu nion, eta Iparraldeko ingurune hura ezagutzen ez genuenez, joatea proposatu nion. Ezezkoa jasoko nuela uste nuen, baina han agertu ginen biak.
Baigorriko Euskal Traila, binaka jokatzeaz aparte, bi eguneko lasterketa da, egun bakoitzean 40 km-koa. Ia bi maratoi jarraian. Zuk denbora gehiago daramazu distantzia luzeetan, Olatz iaz hasi zen.
Ostiralekoa Urepeletik Baigorrira bitarteko 40 km-ko lasterketa zen (2000 m+), eta larunbatean Urepeletik hasi eta Aditik pasata, beste 40 km Baigorriraino. Olatzek egiten dituen kirol guztiak oso ongi egiten ditu, beti esaten diot hori, eta ez genuen inolako arazorik izan. Azkenaldian Olatzek proba luzeak egin izan ditu, eta oso ongi.
Ia bi maratoi jarraian. Nola prestatzen da halako proba bat?
Bakarrik entrenatzera ohituta nago. Hasieran pixka bat urduri geunden, zein erritmo hartu. Ez genuen lehenengo egunean azkarregi joan nahi, hurrengo egunean jota ez egoteko. Zalantza horiek genituen. Azkenean, erritmo nahiko konstantean ibili ginen, eta ongi moldatu ginen.
"Bakarrik entrenatzera ohituta gaudenez, zein erritmo hartu, zalantza genuen"
Entrenamendu espezifikoren bat egin zenuten bien martxa edo hanka kolpea orekatzeko?
Proba baino astebete lehenago Uharte Arakilen geratu ginen. Beriainera igo ginen, Irañetatik jaitsi, eta Irañetatik San Migel igo eta Uhartera jaitsi ginen. Hori izan zen biek batera egin genuen entrenamendu bakarra. Aspalditik ezagutzen dugu elkar; zati batzuetan bata aurrean jartzen zen, eta besteetan bestea, txandakatuz. Batera ibiltzera ohitu behar izan dugu, jaitsieratan bien artean zein distantzia mantendu erabaki, erritmo ona eraman baina ez gehiegizkoa... Erreleboetako lasterketak ikustea ohituta nago, Leitzakoa adibidez, baina Binakako lasterketak ez dira oso ohikoak.
Beraz, zailena binaka joatearena izan zen, distantzia bera baino?
Bai, ez gaudelako ohituta. Guk erritmoan ez genuen arazorik izan, baina beste bikote batzuk ikusi genituen, batak besteari ezin jarraitu, esaterako. Gu lasai joan ginen, inolako denbora helbururik gabe, eta ez genuen momentu txarrik pasa. Horrek guztiak lagundu zigun baita ere.
Urepel eta Baigorri artean zein altueratako mendietan ibili zineten?
Ez ziren oso mendi garaiak, altuena Adi (1.457 m) zen, Nafarroan. Gainerakoak gehienak muinak ziren.
Bikote askok hartu zenuten parte?
Oso jendetsua izan zen. Izena emateak berehala agortu ziren, 3 minutu inguruan. Guztira zazpi distantzia edo modalitate zeuden Baigorrin, eta guztira 3.525 korrikalari inguru lehiatu ginen. Gure distantzian 184 bikote sailkatu ginen eta 41ek ez zuten lasterketa bukatu. Gure ibilbidea beste distantzietako ibilbideekin elkartzen zen, eta uneoro korrikalari asko ikusten genituen. Korrikalari euskaldun gehiago espero genituen, horrek pixka bat harritu gintuen.
2x40 Euskal Traila irabazi zenuten. Halakorik espero al zenuten?
Guztia sorpresa izan zen. Lehenengo eguna ongi atera zen (5:23:20), 20 minutu atera genizkien bigarrenei, eta bigarren egunean lasaiago ibili ginen (5:45:39). Irabaztea ezustea izan zen, baina ezuste polita.
"Baigorriko asteburuaren oso balorazio ona egin dugu; errepikatzeko modukoa"
Atzeko taldeei tarte handia atera zenieten edo lasterketa borrokatua izan zen?
Antolakuntzak bi egunetako denborak gehitzen ditu eta horrekin sailkapen orokorra egiten da. Gure denbora 11 ordu pasakoa izan zen (11:08:59); bigarrenei 53 minutu atera genizkien (12:02:15), eta hirugarrenei, ordu eta erdi (12:39:13). Gustura, pozik gaude.
Baigorriko Euskal Traila zer nolako esperientzia izan da, errepikatzeko modukoa?Iparraldeko asteburuaren oso balorazio ona egin dugu. Oso ongi pasatu genuen eta, gainera, aurretik ezagutzen ez genituen toki eta ingurune berriak ezagutu genituen. Hortaz, errepikatzeko modukoa. Oso ondo.
Nola izaten ari da aurtengo lasterketen denboraldia?
Egia esan, aurten ez dut gauza handirik egin. Joan zen urtean nahiko aspertua amaitu nuen. Proba batzuk errepikatu nituen, eta motibazio falta sumatu nuen. Ez da nahikoa lesiorik ez izatea, irteera puntuan estutzeko gogoz egon behar duzu, eta nik ez nuen gogo edo motibazio hori izan. Horregatik, aurten lasterketarik ez egitea erabaki nuen. Baina, azken momentuan bi lasterketetan izena eman dut. Uztailaren hasieran Kataluniako Camins d`Hèr (110 km, 6400 m+), eta urrian Huescako Ultra Trail Guara Somontano (82 km, 4700 m+), udan ibiltzen jarraitzeko eta helburu bat izateko.
Pirinioetan dira biak, altueran.
Lasterketa luzeak eta nahiko teknikoak direlako izango da, agian. Disfrutatzea espero dut, horrekin geratuko naiz.