Uztailaren 11tik 31era ospatuko da 2025eko Urmuga, Euskal Herriko mendi, haran eta herriak zeharkatzen duen ekimen artistiko eta herrikoia. Aurtengo protagonista Nafarroa izanen da, eta etapa eta kontzertu gehienak herrialdean izenen dira. Berrikuntza nagusia 1000 urteko Iruñeko Erresumako goegrafiaren zati bat zeharkatuko duela izanen da: gazteluak, ermitak, baserriak eta monastegiak, "lurraldea josiz, musika, natura, euskara, kultura eta historia biziz", antolakuntzatik esan dutenez.
Uztailaren 11an abiatuko da mendi martxa, eta 19tik 29ra bitartean "mendiko beste hainbeste ibilbideez eta era askotariko hamaika musika emanaldiez gozatu ahal izango dugu, hamaika egunetan zehar". Besteak beste, Aralarko Aipearron, Aresoko Irumugarrietan, Uxue, Rocaforteko gazteluan, Lireko monasategian, Baigoriko Etxauzia gazteluan, Peñako San Joan monastegian, Iratiko Salbatore ermitan edo Orbaitzetan. Aizpearroko emanaldia, hain zuzen, Urmuga Nafarroako mugara helduko da, uztailaren 19an, larunbata, 18:00etan, eta Larraungo eta Lakuntzako Udalek eta Aralar Mankomunitateak elkarlanean antolatu dute; Mirari taldea, Fede Dios, Janus Lester, Olaia Inziarte, Lorea Zulaika, Xak Taldea eta Et Incarnatus Orkestra ariko dira. Sarrerak 20 eurotan eros daitezke.
Hurrengo egunean, uztailaren 20an, edizio honetako "ekitaldi garrantzitsuenetako bat" izango da: Uli ondoko Irumugarrietan, Areso eta Berastegi herrien artean, Ipuskoa 1000 urte ikuskizuna izango da, eta bertan Iruñeko eta Donostiako orfeoiek, Leitzako Abesbatzak, Baigorri eta Iruñeko gaiteroek eta Tolosa, Iruñea eta Aragoiko dantzari eta musikariek parte hartuo dute, bsteak beste, Et Incarnatus Orkestrarekin batera.
Aralar
Ekitaldi "handi" honetan, besteak beste, ordezkari sakandarra izanen da, Iruñeko Orfeoiako zuzendaria den Igor Ijurra etxarriarra. Harekin batera, Vinaixa Gartziak Leitzako Jeiki zuzendariak, Juan Mari Iparagirre Amasa Villabonako Eresargiko zuzendariak eta Jose Antonio Sainz Alfaro Donostiako orfeoiko zuzendariak parte hartuko dute. Bestetik, Tolosako Bordondatzariak, Iruñeko Duguna dantza taldea eta Villabonako Oinkari, Leitzako Aurrera eta Bedaioko dantzariak ariko dira ere. Itziar eta Garikoitz Otamendi izango dira koreografoak, eta Hueskatik Benasqueko Danzanteak, Ansoko dantza taldea eta Ainsako Viello Sobrarbe dantza taldea helduko dira. Haiekin batera ere Alaitz Artola abeslariak, Amaia Elizaran dantzariak, Luis Salesa eta Alvaro de la Torre musikariek eta Jaione Olazabal eta familiak parte hartuko dute.
Hurrengo egunetan Nafarroan zehar zeharkaldia egingo du jaialdia, "Iruñeko Erresumaren arrastoari jarraituz", eta Uxuetik Aragoin dagoen San Juan de la Peña monastegiraino joanen da; uztailaren 21ean, Uxuen, 19:30ean, Et Eincarnatus boskoteak Bailando, de las montañas al mar ikuskizuna emenan du.
Hurrengo egunean, uztailaren 22an, 12.00etatik aurrera, Rocaforteko gazteluan, Baskunsa, la cuna de un pueblo ekimenaren barruan, besteak beste, txalapartekin harrera eginen dute eta Galo Santamaria ariko da; Josu Barragan arkeologoak orain arte egindako lanaren emaitza azladuko du, eta Rocamor Dantza Taldeak Zangotzako Zortzikoa egingo dute, ongietorri ofiziala egingo du Maria Eugenia Perez Rocaforteko alkateak, Aitor Fernandezek elizara eta bere margolenetara bisita gidatua egingo du. Bestetik, Aranzadiko Juantxo Agirre Mauleonek bertan egin duten lanaren ildoak azalduko ditu. Bazkarirako erromeria egingo dute, eta ondoren Aralar Quartet taldearen emanaldia izango da. Rocaforte aukeratu dute bertan Antso Garces jaio zelako 925ean, duela mila eta ehun urte, hil zen Iruñeko erregea. Uztailaren 29ra arte izango dira ekimenak. Urmuga.eus webgunean ikus daitezke egitarauak.