Etxauriko festekin batera Etxauriko Harrien Txapelketa jokatzen da, Alberto Lakosta Memoriala. Gizonezkoak 136,5 kiloko harri bereziarekin aritu ziren, eta emakumezkoak 68 kilokoarekin.
Erronka 5 minutuetan ahalik eta altxaldi gehien egitea izan zen, eta aurten errekorrak apurtu ziren Etxaurin. Gizonezkoetan Zarauzko Jokin Eizmendik hamalau altxaldi egin zizkion 136,5 kiloko harriari, eta Sakanako Harri Jasotze eskolan trebatzen den Berriozarko Oskar Aguasek hamar. Ion Zelai V.ak zortzi altxaldi egin zituen, eta Ion Sagastik hiru.
Emakumezkoetan txapelduna Olaia Esnaola izan zen (68 kilokoari 28 altxaldi), aurreko urtean Sara Jimenezek ezarritako 26 altxaldien marka apurtuaz. Bigarren Sara Jimenez izan zen (28 altxaldi). Altxaldietan berdindu zutenez, jasotzaileen pisua hartu zen kontuan eta Esnaolak gutxiago pisatzen duenez berari eman zioten txapela. Hirugarren Eider Garcia izan zen (26 altxaldi) eta laugarren Sakanako Harri Jasotze Eskolako Ane Zestau Barañaindarra (25 jasoaldi). Emakumezkoen maila izugarria izan zen.
Sakanako Harri Jasotze Eskolakoak ez dira gelditzen. Ekainaren 21ean, 18:00etan, erakustaldia egingo dute Irurtzungo eskoletako patioan, Espaciobiker Custom Club Nafarroak antolatu duen urtemuga ekitaldian.
Argazkiak: IÑAKI PORTO / DIARIO DE NOTICIAS