Astekaria

"Arduratsuagoak dira gazteak; beste ikuspuntu bat dute"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko uzt. 3a, 13:00

Luci, Josune, Eneka eta Mireia.

Josune, Luci, Eneka eta Mireia Jaibuseko arduradunak dira. Estreinako bidaia 2000ko garagartzaroaren 24an egin zuen. 25 urte bete ditu. 

Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek prebentzio teknikari bana dute: Josune Zabala Ijurko, Luci Gonzalez de Pedroso Saez eta Mireia Eraso Ormazabal. Eneka Irizar Martinez berriki arte Altsasuko prebentzio teknikaria izan da. Haien ardura da Jaibusa. Eta osasun "ona" duela nabarmendu dute. 

Zergatik sortu zenuten zerbitzua?
Eneka. Festetan herriz herri asko mugitzeko ohitura dugu. Erriberako Voy y vengo zerbitzua ezagutzen genuen. Eta Sakanan halako zerbait egin beharko genukeela pentsatu genuen. Oinarrizko Gizarte Zerbitzu bakoitzak berea antolatu beharrean ibar guztia hartzeko egitasmoa prestatu eta Sakanako Mankomunitateari eskaera egin genion eta baiezkoa eman zuen. 

Luci. Gu prebentzio teknikariak ere bagara. Jaibusa ez da bakarrik joan-etorriak egiten dituen autobusa. Istripu asko izaten ziren, jendea hiltzen zen. Droga edo alkoholaren kontsumoarekin lotuta dauden istripuak murriztea da helburua. Gauean festetan halako kontsumoak badaudelako. 

Josune. Erriberako zerbitzuak indarra hartu zuen, eta oso balorazio ona zuen. Corellakoekin bildu ginen. Gure berezitasunekin jarri genuen martxan. Azken helburua da jendea parrandatik etxera ongi iristea. 

Mireia. Zortekoak zarete. Gipuzkoan ez dago Jaibusik. Herri txikietakoa bada, jendea taxian mugitzen da. Gertu dauden herrien artean patinetean doaz. Bestela Lurraldebuseko autobusak. Baina bidaia aprobetxatzen da botiletako alkohola edateko. Jaibusean ezin da alkoholik sartu. Hemen jendea zu zaintzen dago. 

Beraz, arrazoiak mantentzen dira. 
J. Bai. Mank-ek Osasun Departamentutik jasotzen duen dirulaguntza ez da bakarrik autobuserako. Jaibusaren inguruan prebentzio kanpainak egiten ditugu. Istripuak ekiditzeaz aparte, kontsumoen autokontrola edo gehiegizko kontsumoaren arriskuen ingurukoak lantzen ditugu. Hori guztia beharrezkoa ikusten dugu. Herrietako gazteekin bildu edo kanpainako materiala banatzean aitortzen dute sentsibilizazio lan hori egitea beharrekoa dela. 

"Dirulaguntza ez da bakarrik autobuserako. Jaibusaren inguruan prebentzio kanpainak egiten ditugu"

Aurtengo kanpaina, zer?
J. Instagram sare sozialeko Jaibusaren profiletik (Jaibus_Sakana) jendea juergan ateratzen denean osasuna eta zaintza bulkatzeko kanpaina batekin hasi ginen joan zen urtean, eta horrekin jarraituko dugu. Horretaz aparte, udan, 15-16 urteko gazteengana eta haien familiengana zuzenduko gara. Aisialdia kontsumoekin eta sare sozialen erabilera okerrarekin lotuta dagoela landuko dugu. Horretarako aisialdi osasuntsuagoa sustatuko dugu. Gurasoei baliabide batzuk emanen dizkiegu familian landu ditzaten. 

Sare sozialak ere kontsumo bat bihurtu dira.
J. Hala da. Mendekotasuna sortzen du. Hor lana dugu egiteko. Batzuetan beste kontsumoekin ere lotuta dago. 

Jarritako helburuak betetzeko zerbitzu baliagarria da? 
L. Jaibusa ez da bakarrik autobusa. Jaibusa proiektuko baliabide bat da. Baina hor daude ere: familiekin egindako lanketak, egiten ditugun kanpainak, gazteekin lantzen duguna edo ikastetxeetara joaten garenekoa.

J. Auto istripuen prebentzioa momentuan eta aurretik ere egin behar da.

E. Jaibusari ez diogu bakarrik meritua emanen, baina Jaibusa dagoenetik oso jende gutxi ikusten da auto-stop egiten. Eta kontzientzia hartzea dago. Jaibusik ez dagoen festetan gazteek hitzarmena egiten dute: "gaurkoan batek ez du edango eta hark autoa bueltan eramanen du" . Kontzientzia hartze hori lortu da. 

"Jaibusa ez da bakarrik autobusa. Jaibusa proiektuko baliabide bat da"

Taxiak gauez ere badabiltza. Eta gurasoak joan-etorrian. 
J. Hausnarketa hori badago. Kanpainetan askotan aipatu dugu: zerbitzu publikoak erabili. Kanpaina batzuetan taxilarien telefonoak ere eman genituen. Bestetik, festara autoan joan baina autoa herrian utzi eta Jaibusean bueltatu. Jaibusa 21 egunetan aterako da, baina kontzientzia hartzea urte guztirako izatea nahi dugu, parrandaren ondoren modu egokian mugitzea. Prebentzioaren ikuspegitik garrantzitsuena zaintza da. Gazteekin ere hori lantzen dugu. Zaintza norberarena. Baina ondokoak zaintzea ere.  

Edozein igo daiteke Jaibusean?
E. Prebentzio programak antolatzen duelako ditu Jaibusak baldintza batzuk: 16 urtetik beherakoek ezin dute hartu, 16 eta 17 urtekoek gurasoen baimena behar dute eta txartel bat eskatu behar dute beraien Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen egoitzan. 18 urtetik beherakoek ezin dute kontsumitu, ezinen lirateke tabernatan ibili. Baina dugun errealitatea beste bat da, eta Jaibusaren bitartez arazo batzuk ekidin nahi ditugu. 

L. Familiei ere laguntza eskatu behar diegu. "Jaibusa dago eta joan daitezela han", esaten dute. Baina adin batzuetan ez da komeni. 14-15 urteko gazte bat goizeko 7ak arte egotea behin eta berriro... Ikusten dituzun gauzak normalizatzen dituzu. Guretako hori ez da komenigarria. Zaindu beharra dugu. Seme-alabak 14-15 urte baditu, beharbada zuri dagokizu haren bila joatea eta ikustea zer dagoen. Gu familiekin elkartzen gara, Jaibusaren helburua zein den pixka bat lantzen dugu haiekin. Kontzientziazio lana egiten dugu. Azken finean, gurasoak dira arduradunak. Haiek erabaki behar dute zer, nola eta noiz erabiliko duten seme-alabek Jaibusa. 

E. Familiari dagokio mugak jartzea. Txartela egitera etortzen direnean gomendio orri bat ematen diegu etxera eraman eta irakur dezaten seme-alabekin. Bestalde, helburua da 18 urtetik beherakoek ezin erabili izatea. Beste toki batzuetan gertatzen ari da, eta Nafarroako Gobernua hori agintzera iritsiko da. Ezin da ahaztu prebentzio programatik sortzen dela. 

L. Heldu den urtean 16 urte beteak izan beharko dituzte Jaibusera igotzeko. 

J. Orain urtean 16 urte betetzen duenak erabil dezake. Lege bat dago hori arautzeko. 

Erabiltzaileen profila aldatu da?
J. Emakumezkoek beti gehiago erabili dute, baina gaur egungo aldea bezain handirik ez zegoen. Adinari dagokionez, esandakoa, 15 urtekoendako zerbitzua ez da. Aldi berean, helduagoak Jaibusa erabiltzera bulkatzen saiatzen gara. Jaibusa erabiltzeko ez dago adin toperik, edozeinek erabil dezake. 16 urteko erabiltzaile horiek gutxitu eta bidaiari helduagoak nahi ditugu. Eta beti dago kopuru bat autobusean festara joan ez dena, baina Jaibusean bueltatzen dena. 25 urtetik gorakoak ere badaude. Hori da gure helburua. 

L. Jaibusa ez da bakarrik gazteendako. Hori mito bat da. Denondako da. Gazteak dira festetara gehien ateratzen direnak, bai. Baina zerbitzua adin guztiendako da. Berdin da zenbat urte dituzun. Behar baduzu, erabili. Horretarako da. 

E. Lehen dena gazteak ziren. Autoa festak diren herrian uzten dugula, Jaibusean bueltatu eta ondoren autoaren bila joaten garela. Aldaketa hori izan da, gero eta jende gehiagok egiten ditu halakoak. Edo atera ez den kuadrillako kidea goizean haien bila joatea. 

J. Edo lineako autobusetan joatea festetara, Jaibusaren joaneko ordutegiak berandu direlako batzuendako. Gazteen, familien eta Mank-en balorazio orokorra oso-oso ona da. Hobetzeko zer dagoen galdetzen dugunean beti gauza bera erantzuten dute: denbora asko itxaron behar da; jende asko dago, igo ezinik gelditu behar dugu eta autobusak berriro buelta egin arte itxaron... Hori hobetzeko saiatzen gara ahalik eta zerbitzu gehien eskaintzen egun bakoitzean. Itxarotearena arazoa ez izateko, aurten autobusean joaten den arduradunak Instagram bidez jakinarazten du autobusa zein herritan dagoen, eta zenbat denbora barru iritsiko diren jakinarazten du. Instagram bidezko inkesta ere egiten ari gara, beraien balorazioak jasotzeko. Ez itxoiteko denboraldi bukaerara haien iritziaren berri izateko. Hala, garagarrilean zerbait pasaz gero garilean aldatzen saia gaitezke. 

L. Instagramen bidez edozein momentuan egin dezake galdera: "non zaudete?" Gazteek ezagutzen dute Instagrameko profila. 

"Jaibusa 21 egunetan aterako da, baina kontzientzia hartzea urte guztirako izatea nahi dugu, parrandaren ondoren modu egokian mugitzea"

Zenbat autobus ibiltzen dira norabide bakoitzean?
E. Festaren arabera. Lau jaibus ibiltzen diren lau egun dauzkagu, hiru autobus ibiltzen diren bost egun eta bikoak dira gainerakoak. Hori etengabe aldatzen da. 

Gazteei entzundakoa: "Jaibusera sartzeko ukondoka ibili behar izan dugu". Gurasoei entzundakoa: "seme-alabari 03:00etako autobusa 'pasa' zaio eta 05:00etan haren bila joan behar izan dut".
J. Zerbitzuak gaizki funtzionatzen badu, beti onartzen dugu eta sentitzen dugula esaten dugu. Hobetzen saiatuko garela jakinarazten dugu. Baina deitu izan dute gurasoek esanez 03:00etako eta 05:00etako autobusak ez direla pasatu, bakarrik 07:00etakoa pasa dela. Arduradunek datuak jasotzen dituzte eta horretan oinarrituta ematen ditugu erantzunak. Bai, gazte batzuk Jaibusarena parranda luzatzeko aitzakia gisa erabili dute. Bestalde, orain autobusa noiz iritsiko den jakinaraziz, arriskua ekidin nahi dugu. Autobusa iritsi eta jende pila bat zain badago, bulkadak egon daitezke. Arduradunak lanak izaten dituzte igoera antolatzeko. 

E. Iritsi ahala sortutako ilara errespetatzea eskatzen dugu, beste lekuetan bezala. Baina Jaibusean, gauez, parranda giroan, askotan indartsuenaren legea nagusitzen da. 

L. Hori konpontzeko azken egunean Jaibus bakoitza zer herrietara joaten den zehaztu genuen. Hala ere, zaila da. Ordu horietan jendea etxera joateko gogoz dago, eta halakoak gertatzen dira. Batzuetan bi autobus gutxi dira, baina horretarako ematen du daukagun aurrekontuak. Gure kezka beti da: egun gutxiago eskaini eta daudenetan autobus gehiago? Egunak kentzea oso zaila da. Batzuk finkoak dira. Kenduz gero zerbait gertatzen bada?  

J. Kontuan izan: autobusa betetzen bada, autobusak berriz bueltatu behar du. Autobusek behar diren buelta guztiak egin behar dituzte. Inor ezin du zerbitzurik gabe utzi. Gertatzen da betetako autobus hori bere ibilbidea egin eta berriro geltokira bueltatzen denerako jendeak alde egin duela. Berez, ezin du inor geltokian utzi. 

E. Bueltatze hori izan daitezke 50 minutu. Jendea itxaroteaz nazkatzen da eta gurasoei edo norbaiti hots egiten dio. Arduradunek esaten digute: "halako herritan hamabost pertsona utzi genituen eta bueltatu ginenerako ez zegoen inor". Horretarako dago Instagrameko aukera hori. Autobusak bere mugak ditu. Kontziente gara. Jaibusa antolatzea ez da erraza. Balorazioetan ordutegiak aldatzea jasotzen bada, horrek lana dakar. Eta aurreikuspenak egin eta gero ez da betetzen. Esaterako, jendea herri honetara joanen da jendetsuagoa delako, baina beste batean kontzertu bat dago eta... Jendeak uler dezala gehienetan atzerapenak daudela. Erabiltzaileek itxaron behar diote autobusari, ez autobusak erabiltzaileak. 

"Gaur egun ez da irudikatzen festa edo uda bat Jaibusik gabe. Gure helburua hobetzea izan behar du" 

Ohiturak aldatzen ari dira. Arratsaldez parrandan ibiltzen direnendako Jaibusa beharko litzateke?
E. Garraio publikoaren ordutegitik kanpo jartzen da Jaibusa. Beraz, helduak ateratzen garenean hitzarmenak eta halakoak egin beharko ditugu. Edo kontrolatu. Hori ere gure esku dago. Beti irtetea eta kontsumoa lotzen ditugu. Baina beste errealitate batzuk ere badaude. 

L. Gazteak gu baino arduratsuagoak dira. Beste ikuspuntu bat dute. Hurrengo egunean zerbait egin behar badute bezperan ez dira hainbeste ateratzen. Edo esaten dutena: "chill eran aterako naiz gaur". Helduok arazo gehiago ditugu. Helduen artean ez dut halako jarrerarik ikusten. 

Autobus gidariaz aparte, arduradunak ere joaten dira Jaibusean. 
J. Oso figura garrantzitsua da. Derrigorrezkoa da autobusean arduradun bat egotea. Erriberan ez da ohikoa. Beste toki batzuetan segurtasuneko pertsona bat jartzen dute. Guretako arduradunak hezitzailea izan behar du, ez polizia lanak egiten dituena. 

Zer egiten dute?
J. Txartelak kobratzen dituzte. Baina garrantzitsuena da autobusean giro ona edo lasaia egotea. Bakarren batek arazoren bat badu, bitartekari lanak egitea. Batzuetan kanpainetako materiala banatzen du. Gidaria ere pixka bat babesten du. Egon izan da errespetu faltaren bat. Ez da zaintzailea, bitartekari bat da. Guri informazio asko ematen digute.

Zer etorkizun du Jaibusak? 
J. Ona. Behin bertan behera gelditu zen zerbitzua eta familiak eta gazteak mugitu ziren. Zerbitzua berreskuratzeko antolakuntza izan zen. Eskertu genuen. Haiendako ere garrantzitsua izan zen: "zerbait nahi badugu zaindu egin behar dugu" ikusteko. Azken urtetan zerbait txikia gertatu bada, idatzi bat prestatu izan dugu arduradunek autobusean irakurtzeko. Horrela saiatu gara ideia bat zabaltzen: "hau denona da, eta denok zaindu behar dugu zerbitzu hau". Azken finean, denon artean egiten dugu Jaibusa. Gaur egun ez da irudikatzen festa edo uda bat Jaibusik gabe. Gure helburua hobetzea izan behar du. 

L. Erabiltzaileei eskerrak eman beharra dugu. 

 

Datuak

2000 urtean 6 egun. 
2025 urtean 21 egun. 

Joateko autobusak: 23:00etan eta 24:00etan.
Bueltarako autobusak: 03:00etan, 05:00etan eta 07:00etan.

2024ko erabiltzaileak: 8.000 inguru. 
Gehienek astebururo erabiltzen dute. 
18 urte dituzte gehien erabiltzen dutenak. 
Erabiltzaileen %60 emakumezkoak dira.