Astekaria

"Teknologiak aplikatzeko base ona duen jendea behar da"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko uzt. 1a, 13:20

Juanek bobinatzen zuen motor modeloetako bat enpresaren ikur bihurtu da.

Patxi Leitza Berastegik, Juan Ramos Holgadorekin batera, abiarazi zuen Ramos enpresak 50 urte bete ditu. Ekainaren 14an 200 pertsona baino gehiago enpresan bilduz ospatu zuten urteurrena

Bost hamarkadako ibilbidea ospatzeko ekitaldia hartu zuen Altsasuko lantegiak. Aukera baliatu zuten enpresan jubilatu diren eta bertan 25 urte baino gehiago daramaten langileei aitortza egiteko. Sortzaileetako bat, Juan, duela lau urte hil zen. Leitzak erretiro erdia hartua du. "Baina gustura etortzen naiz". Berak gidatu gaitu enpresaren joan-etorrietan. 

Nola sortu zen enpresa? 
Bi sozio izan ginen. Juanek Altsasun enpresa zuen eta motorrak bobinatzen zituen (erretako motor elektrikoetako kobrea kendu eta berria jarri). Nik Arbizun enpresa nuen eta bobinatzea eta industriarako instalazio elektriko berriak eta mantentze lanak egiten nituen. Bata eta bestea zerotik hasi ginen. Juanek nik baino bi urte gehiago zituen eta autonomo gisa urte gehiago zeramatzan lanean. Nik ofizioa Legazpin, Patricio Echeverrian, ikasi nuen, eta han bederatzi urte eta erdi egin nituen lanean. Soldadutza bukatu ondoren Legazpin sei hilabete edo egon nintzen. Ordurako honuntz etortzeko ideia nuen, mugimendua egon zitekeela ikusten nuen, Gipuzkoa aldetik enpresak etortzen hasi ziren. Erabakia hartu nuen. Legazpin lan egin zuen lagun altsasuar batek Juan ezagutzen zuen eta nire berri eman zion. Eta Juan nire bila etorri zen. Zer ideia zuen azaldu zidan. Hark garbi ikusten zuen bobinatzea kontrolatzen zuela, eta nik bobinatzea eta instalazioak. Garai hartan enpresetan horiek ziren premiak. Elkarren osagarri izan gintezkeen. Eta bat egin genuen. 


Roberto Ramos, Antonia Chaparro (Juanen seme eta alarguna), Maria Pilar Razkin (Patxiren emaztea) eta Patxi Leitza. UTZITAKOA

Kafia nonbait jarri behar da... 
Altsasun. Gainera, garai hartan industriaren aldetik Altsasun mugimendu gehiago zegoen. Etxarrin zerbait zegoen, baina Arbizun ez zegoen industriarik. Zeren zegoena, garai bateko laminazioa, Olatzea ixtear zen. 

Bezeroak, hasieratik Sakanakoak? Edo kanpokoak ere?
Sakanakoak genituen. Arabako bezero batzuk hartzen hasi ginen. Uharte Arakildik Araiaraino zen gure eskualdea. 

Pitteka-pitteka lan arlo gehiagotara zabaldu zen enpresa. Nola ohartu zineten horretaz?
Egunerokoak ematen zuen esperientziarekin ikusten genuen zerbitzu osagarri batzuk emateko aukera zegoela hemen. Industria ez da bakarrik instalazioak egin eta ondoren mantentze lana egin. Ez da hor bukatzen. Hor daude sistema hidraulikoak, pneumatikoak, industria hornidura. Hortik erantzuna emateko falta zegoela ikusten genuen. Gipuzkoa aldetik hona saltzera etortzen ziren. Han kultura hemen baino aurreratuagoa zuten. Enpresa batzuk kenduta, porlandegia eta gutxi gehiago, orduan hasi ziren hemen enpresak jaiotzen. Eta industriari zerbitzu osagarriak eman nahi genizkion, eta horietan hazten hasi ginen. Ikuspegi pixka bat izan. Industriak zer behar zituen ikusi. Berez, hori da.  

Zein izan zen hiruetan lehena?
Mantentzean lan egiten zutenekin Bordeleko feria batera joan ginen. Motor batzuk ikusi nituen eta haietako bat bobinatzen ari ziren. Ofizioak tiratzen du eta han zegoen mutiko batekin hizketan egon nintzen. Zakar bobinatuta zegoela iruditu zitzaidan eta esan nion. "Esperientzia gehiegi ez dugu. Urtetan egon diren langileak jubilatzen joan dira, eta orain berriak ari gara". Bordelen bobinatzeko zenbat tailer zeuden galdetu nion eta bakarra zegoela erantzun zidan. Horrek pentsatzeko bidea eman zidan. Bordele moduko hiri batean bakarra zegoen bitartean gure inguru honetan bost geunden bobinatzen. "Zer ari gara gaizki egiten?" Gauzei bueltak ematen hasi eta ikusten zen eskulana garestitzen hasi zela. Bordeleko hark esan zidan hiruzpalau zaldira arteko motor estandar berriekin lan egiten zutela. Hainbeste motor normal bobinatu beharrean motor berriak stockean izaten hasi ginen. Eta jendeari motor berriak eskaintzen hasi ginen. Hasiera batean nahikoa arraroa zen: "orain arte bobinatu, eta orain esaten duzu motor txikia behintzat berria izan behar duela?" Baietz, ia-ia prezio bera zutela erantzuten nien. Garestixeagoa zen, baina motorra bobinatu, errodamenduak aldatu eta beste egin behar badiozu... motor berria. Motor txikiekin hasi ginen eta handitzen joan zen. Gaur egun 50 zaldi eta gehiagoko motorrak ez ditugu bobinatzen. Bereziak daude, bi abiaduratakoak, ardatz luzeak, punpendako... Horiek oraindik bobinatzen ditugu. Baina langile bakarra aritzen da. Lehen lauzpabost. Gainerakoan, saldu. Eta gauza batek bestea ekartzen du.  


Urteurren ekitaldian hitza hartu zuen Pedro Latorre zuzendari kudeatzaileak. UTZITAKOA

Non zenuten lantegia?
Altsasuko Zelai kaleko 40. zenbakian. Espazioa nahiko mugatua genuen bobinen erabiltzeko eta orga jasotzaileen beharra genuen, karga gehiagoko gauzak jasotzen hasi ginelako. Isasia industrialdean lursail bat hartua genuen, baina hura legeztatzeko nahiko arazo izan ziren. Bitartean lantegi hau (Razesa izan zena) enkante bidez salgai jarri zuten. Autobia egiten ari ziren. Juani ez nion ezer esan. Autobiatik Altsasurako sarrerara etorri nintzen, biribilgunea dagoen tokitik begiratu eta pentsatu nuen lantegi hura hartu beharra genuela. Berehalakoan Juanengana joan eta nirekin etortzeko esan nion. Hara igoarazi nuen, lantegia ikusi eta hura erosteko ahal zen guztia egin behar genuela esan zuen. Lortu genuen. Lantegi berriak aukera eman zigun stock handiagoa izateko, denda. Beste egitura bat eman genion. Denboretan ere automatizazioan aritu gara, baina beste batzuendako. Esaterako, Talleres Muñozendako. Haiek zati mekanikoa egiten zuten eta guk elektrizitatez, robotikaz, programez eta automatekin eta halakoekin hornitzen genituen. Hura beste enpresa batek hartu zuen eta berehala barratu zen. Ordurako gu geu hasteko prest geunden. Ideiari bueltak ematen ari gintzaizkion: "zergatik ez dugu guk geuk egiten?" Eta, mekaniko batzuk hartuta, guk makina horiek integratzen hasi ginen. 

Elektrizitate instalazioetatik automatizaziora pauso bat da, eta hortik robotikara jarraian.  
Hori da. Instalazioekin eta beste batzuendako automatizazioekin 50 bat langile inguru genuen. Momentu honetan 102 edo 103 gaude. 

Robotak egin eta neurrira eskaintzen ari zarete. 
Batez ere orain enpresak industria prozesuetarako behar dituzten makina berezien proiektuak egiten ditugu. Guk diseinatu eta muntatzen dugu programa. Eta robotak behar baditu, robotak. 

Horretarako zer langile mota behar duzue?
Gaur egun industriak prestakuntza ona exijitzen du. Jende oso profesionala behar da. Hogei bat ingeniari daude hemen, diseinatzen eta prozesuak egiten. Lizarran Ega Robotics dugu, han beste 22 lagun daude. Iruñean Koiote inteligencia industrial dugu, eta han sei ingeniari daude. Horiek industria prozesuak nola bideratu aztertzen dute. Adimen Artifizialarekin beste pauso bat ematen ari dira.  

Eguzki instalazioetan ere sartu zarete. 
Beharbada ez da gure indargunea, baina instalazio handi batzuk egin ditugu enpresa batzuetan. 


Ekitaldian langileak eta haien senideak izan ziren. UTZITAKOA

Nahikoa espazio baduzue?
Langileria hau guztia mantentzeko gehiago zabaldu beharra dago. Ondorioz CAF, Irizar eta GHrekin lanean ari gara. Atzerrira joan gara bertan dauden enpresa batzuk Frantziarrak direlako. 

Egunean egoteko azokak ezinbestekoak?
Asko joan gara. Batez ere teknologiaren garapena nondik nora doan ikusteko. Zeren hemen denbora gutxian atzeratuta gelditzen zara. Teknologia izugarrizko abiadan doa. Azkenean, apustu bat zegoen: bolumen bat badugu, eta honekin gelditzen bagara, oso zaila da espezialista onak egitea. Programatzen zazpi bat lagun ditugu. Lan gutxiago baduzu, momentu batean ez diozu erantzunik ematen. Teknologiak ez dira erabat desberdinak, baina marka bakoitzak bere gauzak dauzka. Eta marka bat ongi kontrolatzen duen batzuk ditugu, eta beste batzuk beste bat. Kontrolatzeko. Bestela oso zaila da jende batek programatzea eta beste gauza bat egitea. Azkenean espezialitate bat hartu behar du bakoitzak. Teknologiak aplikatzeko base ona duen jendea behar da.  

Aurrera bakarrik egin duzue, edo bazkideekin?
Bezeroen eskutik hartuta joan behar duzu. Haien premiak eta guk dugun esperientzia. Adibidez, esateko: "bide horretatik, beharbada, ez. Hemendik". Bezeroa eta hornitzaile harremana baino zerbait gehiago izan behar da. Enpresak langileekin duen bezala. Gure balioa langileak dira. Ona behar du. Eta ilusioa izanez gero, gauzak egiten dira. Bestela, noizbait aldi baterako enpresen elkarteren bat egin dugu bolumen handiko zerbaiti erantzuteko. Bestela, dibertsifikazioa dugu, plus bat da. Enpresa batekiko izanen dugun mendekotasun handiena %12-14koa izanen da. Gauza handia da. Enpresa batek kale egiten badu eta hau ez da hankaz gora joaten. 

Munduan hainbeste kontu egonda, zein da merkatuaren panorama?
Egia esan, momentu honetan ez gaude punturik altuenean. Praktikoki behean gaude. 50 urte hauetan beti ezagutu ditugu gorabeherak. Altsasu eta Olatzagutia urgentziazko berrindustrializazio eremuak izan ziren. Orduan ere gauza gogorrak etorri ziren. Momentu honetan ere ez daude batere ongi. Gerrekin beti arazoak sortzen dira. Gerria izan behar da, batera eta bestera mugitzeko gaitasuna izateko. 

Zein erronka dauzka Ramos Industrialek?
Gutxienez beste 50 urte betetzea (barrez). Baina, nork daki zer espero daitekeen hemendik 50 urtera? Ez da erraza. Robotek eskulana kenduko dute, baina haiek programatu, jarri eta mantendu beharko dira. Hor merkatu-hobi handiak daude. Baina, hori bai, gero eta prestakuntza hobea behar da. Pentsaera zabalagoa izan beharra dugu. Egunetik egunera gauza berriak daude. 

Ramosetik ere enpresa bat behintzat sortu da, Permagsa. Zer suposatzen du horrek zuendako?
Hemen sortu zen eta urtetan hemen izan genuen proiektu bat izan zen. Desberdintasuna ematen zigun. Tokiz nahikoa justu genbiltzan. Asierrek (semeak) kudeatu zuen proiektu hori. Aukera ikusten zuen. Akordio batera iritsi ginen eta enpresa Etxarrin dago orain. Horiek pitteka hazten ari dira. Teknologian buru dira. Gauza berriak aurrera ateratzea asko kostatzen da. Hura ateratzea izugarri kosta zitzaigun. 

Enpresak 50 urte bete dituela ikusteak zer sentitarazten dizu?
Poztasun handia. Baina ikusten dut enpresak ardura handia duela. Ehun langile, familia. Ardura gainera etortzen zaizu. Baina ni ardurak uzten ari naiz. Pedro Latorrek du gerentzia orain. Telekomunikazioan ingeniaria. Ikuspegia badu, ilusio handia du. Enpresaren parte da bai bera, bai langile guztiak. Esaten diet: "hau guztien artean mantendu beharra dugu. Hau ez du zuzendaritzak bakarrik mantentzen".