Aralarko Trinitate ermita berritu dute

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko uzt. 3a, 11:00

Guillermo Irusta eta Jesus Mari Garmendia ermitan.

Trinitate eguneko ospakizunean mustu zuten, hilaren 15ean. Erretaula zaharreko piezak zaharberrituta sortu dute berrikoak. Kanpoko hesiaren eta erretaularen artean kristalezko pareta bat jartzea falta da.

Aralarko santutegitik aldameneko Trinitate ermita zaharberritu egin dute. Horretan aritu dira Guillermo Irusta eta Jesus Mari Garmendia etxarriarrak. Santutegian aurretik zeuden "hezetasunak eta pipiak jotako egurrak ziren, hondatuta zeuden eta kendu behar izan zituzten". Ama Birjinaren irudia, ermitaren goiko aldean jarritako burukoa eta sagrarioa berritu zituzten etxarriarrek. Zortzi hilabete eman zituzten horretan. Lanik latzenak ermitan bertan egin zituzten, eta finagoak Etxarri Aranazko parrokia etxeko lokalean.

Paretak margotu eta sabaiko egurra ere txukun utzi dute. Egiteko horietako batzuk auzolanean egin zituzten eta beste batzuk Construcciones Leachek egin ditu. Lanak errematatzeko, kanpoko hesiaren ondoren kristalezko itxitura bat jarriko dute, bere ate eta guzti. Horrek ermita eguraldiagatik babesteko modua emanen du. Horrekin batera, ermitaren aurreko aldean, teilatuaren azpian egurrezko friso bat jarriko dutela jakinarazi du Alfonso Garziandia Goñik, santutegiko kaperauak. Azken hori "argazki zaharretan ikus daiteke, eta berreskuratu eginen dugu", argitu du.

Trinitatearen egunean, garagartzaroaren 15ean, santutegitik ermitaraino prozesioa egin zen. Palentziako gotzain Mikel Garziandia Goñik bedeinkatu zuen.